CHAPEAU, TXILLAR

Posted: 2012/01/15 in berria

Kultura eta politika munduak azken agurra eman dio “Txillardegi”-ri

Gaur arratsaldean erraustu dute gorpua familia giroan. Goizean zehar kultura eta politika arloko hainbat lagun igaro dira beilatokitik.

AzkenEzktxi.jpg

Atzo arratsaldean bezala, kultura eta politika arloko hainbat ordezkari hurbildu dira gaur goizean Donostiako beilatokira.

Jose Luiz Alvarez Enparantzak utzitako itzala handia izango da eta horren lekuko azken agurra ematera joan den lagun andana. Herritar xumeekin batera, ordezkari politikoak, idazle eta aktoreak ikusi ahal izan dira beilatokian.

Tasio Erkizia -ezker abertzlaleko militante historikoa-, Aralarreko Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera eta Ainhoa Beola eta Gipuzkoako Aldundiko Kultura arduradun Ikerne Badiola eta Zigor Etxaburua bertan izan dira.

Beraiekin batera, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre eta Jon Benito idazleak, Ramon Agirre aktorea, Paul Bilbao Kontseiluko lehendakaria eta Mariano Ferrer kazetaria ere hurbildu dira.

Guztiek goraipatu dute “Txillardegi”-k utzitako ondarea eta Gipuzkoako Aldundiko euskara arduradun Zigor Etxaburuak “argia galdu arren berak egindakoa jarraitzeko prest gaudela” adierazi du.

Andres Urrutia euskaltzainburuak ere “Txillardegi”-k euskarari “haize berri bat, kaleko haizea” eman ziola nabarmendu du.

Gaur arratsaldean erraustu dute gorpua familia giroan eta astean zehar omenaldi bat egitekoak dira Donostian.

 

Chapeau, Txillar

p008_f02.jpg

Chapeau Txillar» titulua zeraman zutabea idatzi nuen 1989an Txillar zoriontzeko. EHUk Jose Luis Pinillos honoris causa izendatu zuen eta Txillar, ikasle andanarekin batera, aretoan sartu zen «honoris fatxa» zeraman pankartaz, bonba fetidoaz eta «kanpora» ohikatuz. El País egunkariaren arabera «Un grupo radical revienta el doctorado `honoris causa’ de Pinillos en el País Vasco. Álvarez Emparantza, senador de HB y filólogo, encabezó a los boicoteadores». Ordurako 60 urte zituen, senataria zen, idazlea eta linguista ezaguna. Lankide gehienak bulegoetan gelditu ziren bitartean, berak egin zuen kontzientziak eskatzen ziona. Halakoxea zen bera, esaneko eta hurbileko. Oso-osoa.

Txipi Ormaetxeak maitasun handiz koordinatu zuen «Txillardegi lagun giroan» liburu ederrean azaldu nuena ez dut berriz aipatuko, (http://www.buruxkak.org/liburuak_ikusi/1950/txillardegi_lagun_giroan.html), ezta nola ezagutu nuen Txillar, UEU Ustaritzen egiten zen garaian eta ETAren bilerak txintxeta batetik eskegitako paper zatiaz edozein hormatan iragartzen zirenean.

Gaur idazle konprometitua ekarri nahi nuke gogora, intelektual kontsekuentea. Ur Apalategik «Literatura eta Iraultza» mahai-ingurua antolatu zuen 2004an Txillar omentzeko eta Iban Zaldua, Juanjo Olasagarre eta hirurok jarri gintuen mintzo. Jendartean Txillar zegoen, Joxeaustin Arrietaren ondoan. Ez dakit orduko hartan asmatu nuen adierazten zenbat irakatsi digun idazleoi. Gaur berretsi nahi nuke nire eskerrona berarengandik ikasi genuelako literatura iraultzailea ez dela nobela komandoz eta militantez betetzen duena, baizik eta apostu literario berritzaile eta ausartak egiten dituena. Berak erakutsi zigun arriskuak hartzen eta ezer ez ematen jakintzat, erratu arren.

Merci, Txillar, eta musu bat.

 

Laura MINTEGI Idazlea

Utzi iruzkina