Archive for the ‘kultura’ Category

TXONTXONGILOAK ZUIAN

Posted: 2013/09/02 in kultura

Txontxongiloak – MONSTERS SHOW- Panta Rhei

Txontxongiloak – MONSTERS SHOW- Panta Rhei
Advertisements

ATZO, BERTSO EGUNA

Posted: 2013/01/27 in kultura

Umorez begiratuta: zer krisi?

 

Umorea era guztietako krisiei aurre egiteko ariketa bikaina dela erakutsi zuen atzo Bertso Egunak, Donostiako Kursaala bete zuten 1.500 entzuleen aurrean.

‘Let it be’-ren doinuan ‘Zer krisi?’ kantatzen irten ziren denak.


 

Krisiari umorez aurre egin behar baldin bazaio, bertsolaritzaren kasuan are gehiago. Batetik, umorea bertsolaritzaren ezinbesteko zutabeetako bat izan delako beti; bestetik, bertsolaritza bera ez dagoelako krisian; ez sorkuntzaren aldetik, eta ez entzuleei dagokienez. Atzokoa da horren froga: azken urteetako ohiturari jarraituz, Kursaaleko areto nagusia —1.500 besaulki dituena— bertsozalez betea zen Bertso Eguneko saioan, nahiz eta sartzeko «18 eurazo» ordaindu behar ziren, Aitzol Barandiaranek eta Iñaki Gurrutxagak saioaren amaieran gogorarazi zuten bezala.

Azkeneko saio horretan, The Beatles taldeko kide balira bezala jantzita sartu ziren jende artean Barandiaran eta Gurrutxaga —alkandora txuriz eta txaleko eta txaketa beltzez—, eta The Beatlesen kantu ezagunen doinuetan eman zituzten umorezko bertso jarriak, Gurrutxagak gitarra elektrikoarekin lagunduak. Bertsolarien adinaren eta jubilazioaren inguruko kontuak astindu ondoren, doinutegia berritzeko Juanito Dorronsorok aspaldi egindako doinu bilduma lodiari hautsa kendu beharra dagoela aldarrikatu zuten. Eta, amaitzeko, The Beatlesen Lei it be ospetsua Zer krisi? bihurtu zuten, krisirik ez dagoela erakusten duten datu ukaezinak aipatuz, hala nola polizia lanpostuen ugaritasuna, AHTaren obren aurrerapen etengabeak, Agirretxek Realeko futbol jokalariak Bartzelonari sartutako gola edo han ziren entzuleetako bakoitzak sarreragatik ordaindutako 18 eurazoak: «18 eurazo: zer krisi?».

 

BERTSO

Kalera, ‘Zer krisi?’ kantatzen

Amaiera fresko, alai eta bizia eman zioten Barandiaranek eta Gurrutxagak saioari, entzuleak Kursaaletik irribarrez aterarazi zituena, Zer krisi? kantatzen. Horretarako lagungarri izan zen saioaren azken partean izandako agerraldi batzuen maila handia ere. Esaterako, Uxue Alberdik tentazioari hiru bertso ondo beteak kantatuz egin zuena, «halakorik ez duenak / zahartu egin den seinale» esanez amaieran. Xabier Lizaso pianistak eta Andoni Egañak ere txalo zaparrada handia jaso zuten, bien Bi arreba ikuskizuneko bertso jarri batzuk emanez, Egañak bere arreba Arantzari jarritakoak. Aurreraxeago, Andoni Egaña eta Jon Maia bikain moldatu ziren aspaldi elkar besarkatuta eta orain elkarri bizkarra emanda lo egiten duten bi bikotekideren roletan sartuta.

Azken txanpa txalotu hori bitarteko bidea motelagoa izan zen oro har, baina izan ziren distira handiko uneak ere, hala nola Eneko Lazkozi eta Jexux Mari Irazuri gai-jartzaileak agerraldi osoan doinu bera bi bider ez erabiltzeko eskatu zienekoa. Azkenean, bertso berean doinuak nahasten bukatu zuten bi bertsolariek, txalo zaparrada handi baten erdian. Gai-jartzaileak Maialen Lujanbio, Ander Solozabal eta Igor Elortza bizikleta banaren alboan kokatu zituenekoak ere harrera ona izan zuen. Paseokoa egokitu zitzaion Lujanbiori, monozikloa Solozabali eta estatikoa Elortzari. Konforme agertu zen Elortza, esanez mundua bera mugitzen dela nahikoa, eta Lujanbiok argitasun handia erakutsi zuen bere aldamenekoak Armstrong izendatuz: «amerikanoa» bata, «ilargikoa» bestea.

Bertsolari ezagunekin batera, atzokoaren tankerako plazetan gutxitan agertu ohi direnak ikusi ziren atzo oholtzan, hala nola Eneko Lazkoz, Ander Solozabal, Ramuntxo Christy, adibidez. Urduritasuna igarri zitzaien, baina txukun aritu ziren agerraldi gehienetan. Umorea erakutsi zuten haiek ere. Gai-jartzaileak oholtza gainean agertu gabe eman zituen atzo aginduak, off-ean; krisiaren ondorio ote zen esan zuen, bertsotan, Christyk; Lazkozek, aldiz, gai-jartzailea emandako gaiek lotsarazi zutelako susmoa agertu zuen, ironiaz.

Haatik dantza taldeko kideek ere txaloak jaso zituzten Errimak oinetan emanaldiko zati bat erakutsi eta gero, eta baita Abarka antzerki taldeko kideek ere oholtza gaineko beren agerraldi laburrengatik.

Saioa amaitu ostean, elkarrekin afaltzera joan ziren 18 ordez 45 eurazo ordaindu zuten bertsozaleak.

GAUR, BERTSO EGUNA

Posted: 2013/01/26 in kultura

Bertso Eguna gaur Donostian, ‘krisia’ gaitzat hartuta

18:00etan hasiko da saio nagusia, Kursaalean. Eguerdian Parte Zaharrean ariko dira; gauean, afaria eta erromeria.

BERTSO1

Donostiako Udalak eta Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu dute elkarrekin gaur. Izan ere, hirian 44. aldiz egingo da Bertso Eguna. Urtero izaten da egun osoko ekitaldietan jorratu beharreko gai bat, eta ‘krisiak’ izango dira aurten.

BERTSO

Kursaalean izango da saio nagusia. Hemezortzi euro balio du sarrerak, hamabi Bertsozale Elkarteko kideentzat. Guztiak salduko ez balira, Kursaaleko leihatilan egongo dira, 16:00etatik aurrera.

Eguna 1968an egin zuten lehendabiziko aldiz, eta urtero egin izan da, 1970ean eta 1980an izan ezik. Hasieran, Bertsolari Eguna zeukan izena, eta urtero bertsolari bati omenaldia egitea zuen helburu. 1995ean, aldatu egin zuten egunaren formatua, eta Bertso Eguna bihurtu zen. 

Egitaraua

12:00etan Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzio plazan: Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso. Konstituzio plazan Haatik dantza taldea ere arituko da.

18:00etan Kursaalean. Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Ramuntxo Christy, Jexux Mari Irazu, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdi. Haatik dantza konpainiak Errimak oinetan ikuskizunaren zati bat eskainiko du, Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Egaña bertsolariak Bi arreba emanaldia egingo dute, eta Markinako Abarka antzerki taldea ere taularatuko da. Iñaki Gurrutxagak eta Aitzol Barandiaranek bertso jarriak abestuko dituzte.

Afaria eta erromeria, Kursaal alboko jatetxe batean. Bat-bateko bertso saioa izango da. Antolatzaileek ez dute jakitera eman nahi izan nork abestuko duen. Gero, Karma musika taldeak erromeria eskainiko du.

EGUBERRI BAIGORRIn

Posted: 2012/12/22 in kultura

Eguberri Baigorrin 1968an, Xalbador, Zubikoa eta beste

 

http://www.ina.fr/video/CAF93052982/noel-a-bordeaux.fr.html

Baigorrin grabatutako dokumentu hau altxor bat da garai bateko Euskal Herria nolakoa zen ikusi nahi duen ororentzat. 1968ko irudiak dira, atzokoak, errateko maneran… nahiz eta gauzak anitz aldatu diren geroztik. Orduko artzainak, etxaldeak, janzkerak, izateko moduak… anitz erakusten du bideoak. Eguberriko euskal meza ederki islatzen du. Arto zuritzea, Eguberri giroan grabatua, gaur egun egiten ez den ekintza sozial bat da. Orain arte, gurasoek kontatzen zuten nola, telebistarik ez zegoen garaian, supazter inguruan biltzen ziren, kantuz eta istorio kondan* aritzeko. Horra hor irudia.

Bideo hori zabaldu da duela zenbait egun, baina Xalbadorren agerraldia azpimarratzeko. Baina nor ziren bada gainerako pertsonak?

Hastapeneko artzainaren agerraldia (gero arto zuritzean ageri dena) balio handikoa da. Lehen Mundu Gerrako gudari ohia da, bizi osorako maingu gelditu zena gerrako zaurien ondorioz. Hori da ere Ipar Euskal Herriko belaunaldi baten errealitatea, Iparraldea ongi ulertzeko gako garrantzitsua. Badira urteak 14ko gerrako azken lekukoak hil zirela.

Xalbadorren ondotik bertsotan ari dena Ximun Ibarra Zubikoa da. Zubikoa 1905ean sortu zen, Sunbillan (Nafarroa). Ikazkina zen ofizioz. Bankar batekin ezkondu zen eta Bankara (Baxenabarre) joan zen bizitzera. Han hil zen 1979an. Haren ehorzketa egunean, Iparraldeko garai hartako bertsolari gazteek kantatu zuten haren omenez: Joanes Arrosagarai, Mixel Xalbador, Ernest Alkhat, Txomin Esponda eta Jean-Pierre Mendiburuk. Horiez gain, Xanpun eta Felix Iriarte Bersinanto aritu ziren bertsotan. Felix Iriarte ere Sunbillakoa zen, Zubikoa baino zazpi urte gazteagoa, eta Aldudera joan zena bizitzera (Urepele eta Banka lotzen dituen herria). 1936an, Nafarroako bertsolari txapeldun izan zen.

Zubikoarekin segitzeko, erran dezagun Nafarroako txapelketan parte hartu zuela 1936an, 1960an, 1962an eta 1963an. Azken horretan, finalista izan zen. Beste hainbat lehiaketetan eta saiotan ere parte hartu zuen. Mixel Labegueriek ohar batzuk idatzi zituen (Mixel Itzainak bilduak) 1948an Saran izan zen txapelketaz, eta hara zer dion Zubikoaz:

Mixelen arabera ZUBIKOA.k eman aireak dira ederrenak melodia aldetiketa haren bertsuen rimak hoberenak. Huna zer dion segidan: «… Bainan jen-dea guti ohartzen horri, doñu moderno tetele batzuez beharriak haunpatuak izanez.» Huna oraino Mixelek idatzi zenbait oharpen: «… bertsuari beraribehatzen zaionean , aireak bere inportantzia badu. Alabainan bertsulariaren lehen lana bertsua xuxen egitea da. Mahainburukoen arabera Ximun ZUBIKOA da xuxenenik ari dena. Hegoaldeko gehienak bezala. Zergatik ote? Zenbaitek hori mintzairatik datorrela usteko dute. Neri iduri zait doinutik, hunen mugi-mendutik ere datorrela….» Horra Mixelen iritzia.
Dena den egun hortan bertsulari bakotxak erabili doinuak beren erez-zatietan emanik dauzka. «Horien gorputzera baizik ez dut hemen ekarri, dio berak, ZUBIKOA baten zintzurretik zerionak ekialdeko tehenta baten kutsua hartzen baitu. Hori ez ditaike paper hostoan idatzi, bakarrik zinta batean hartu…» Ximun ZUBIKOA kantatzen entzun dutenek konprenituko dute.

Txistua jotzen duen gazte hori nor ote da? Baigorriarra da: Betti Bidart, Baigorriko gaiteroa, Basaizea elkarteko kidea eta Nafarroaren Egunaren antolatzaileetariko bat, preso ohia… Bideo horretan 14-15 urte zituen.

Eta bideoaren seigarren minutuan, mezako irudietan, Erramun Martikorena ageri da, beste batzuekin batera kantuz. Orduan, 25 urte zituen.

 

BAIGO

 

BAIGORRI

 

BAIGORRR

 

BAIGORRRIU

 

BAIGOR

“EUSKAL HERRI OSOARI”

Posted: 2012/12/16 in kultura

Ertzak landu eta txapeldun

Alde estuz, Arkaitz Estiballesek txapeldun izaten jarraituko du, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan buruz burukoan nagusituta

Elortza izan da txapeldunorde, eta Paia hirugarrenak bereganatu zituen entzuleak

 

Errimak lantzeko aholkatu zion Igor Elortzak Arkaitz Estiballesi final baten ostean. Aurreko txapelketan, goitik beherako bertsoerari ertzak, errimak, finduta ekin zion izan zuen gaixotasun batek horretarako astia emanda. Goitik beherakotasunari, ertzez ertzekoa gehituta jarraitu du txapelketa honetan. Atzoko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko buruz buruko kartzelan egin zuen horren erakustaldiak balio izan zion aholkulariari, Igor Elortzari, aurrea hartzeko. Bilboko Bilbao Arenan ariketa horretara arte, aurretik zuen-eta Elortza bostetan txapeldun izandakoa.

Hiru puntuko alde estua aterata, txapeldun izaten jarraituko du Estiballesek erreskadan bigarren txapela irabazita. Jon Lopategi bertsolariaren eskutik jantzi zuen txapela, eta honela kantatu zuen hunkiturik txapela jantzita:

Txapeldunaren agurra:

Prestatu gabe neukan agurra

rimatu beharko dut hari.

Lelengo ta behin bihotz-bihotzez]

Karmelo ikastolari

eta nola ahaztu bertan

ikasten dauden Euri eta Maindi;]

Anizetori, Kepa Lopari

ta baita Jon Enbeitari;

ta Santutxuko bertso-eskolari;

gaurko zortzikoteari

ta bereziki Etxahun Lekueri

ta baita Fredi Paiari;

eta nola ez zuri entzule ta

Euskal Herri osoari

gure ondoan dagoenari ta

laister egongo denari.

 

 

ARKAITZ

Txapela jantzi aurreko bertsoetan, buruz buruko kartzelakoan, egin zuen ariketarik onena txapeldunak. «Bakarrik zaude etxean. Gordeta eduki duzun ardo botilarik onena zabaldu duzu», jarri zion gaia. «15 urte pasatu dira / sartu zutela barrura / geroztik zenbat bidaia luze / eta zenbat abentura. / Berriro eskuan hartu ardoa / ta eman diot berriz tragoa. / Oroitu nahi nuke hura / ez dakizue nolakoa den / gure arteko lotura / beste trago bat hartu nahi nuke / falta direnen kontura. / Hasi naizena lehen, irribarrez / orain bukatu behar dut negarrez; / zer daukadan badut duda / poza edota tristura», kantatu zuen bigarren bertsoan.

Buruz burukoaren bakarkakoan berak plazaratutako Izarren hautsa doinuan egin zuen bertsoeraren erakustaldirik handiena Elortzak, doinuak berak horretarako aukera emanda. Buruz buruko kartzelakoan, ordea, Durangon plazaratutako doinu berria aukeratu zuen. Doinu berriak ez zion bere gaitasunik finenak plazaratzeko aukera eskaini Elortzari, eta ariketa zuzena egin zuen kartzelan. Bakarkakoan, «Artega zaude Korrikako lekukoa noiz hartuko zain», egokitu zitzaion gaia. «Gau-eskolara apuntau nintzen / lagun zahar bat bitarte. / Aitortu behar dot hona heltzeko / nik sufridu dot bastante / eskutan hartu mila liburu / ta ezagutu hamaika mundu / inoz ez naz joan aparte. / Gaur harro-harro noa korrika / euskararen militante / hurrengoari pasatu deutsat / oin eurei toketan jake / ta bardin jataz subjuntiboak / ta bardinago ergatiboak / jarraituko dot jo ta ke / helmugara heldu arte», bukatu zuen bertsoaldia. Ordura arte printzaka jardun zen ofizioetan.

 

ARKA

Durangoko finalaurrekoko bidetik, Fredi Paia hirugarren sailkatuak entzuleak bereganatu zituen ariketaz ariketa bizitasunarekin, freskotasunarekin, umorearekin eta kantaerarekin. Bakarkako laneko bigarren bertsoan «ta beitu, orain, gerrialdeko / ze mitxelinen bilduma / hau da Phoskito ta Tigretonen / izugarrizko erresuma / eta nahi nuke ez bedi izan / arrotza eta urruna / nire gorputza ikusi eta / lotsauko e’ naizen eguna» kantatu zuenean ispilura begira zegoen 12 urteko haur baten ahotik.

Jone Uriak, zuzenetik, umore beltza eta zirikatzailea erakutsi zuen ofizioetako azken bi ariketatako bertso batzuetan. Onintza Enbeita beste behin ere, ofizioetan nabarmendu zen, baina bakarkakoan ere ideia politak utzi zituen memoria galduta zuen aitona zuen ilobaren izenean. Ez zitzaizkion gai errazenak egokitu Miren Amurizari eta nekez aritu zen gaiari helduleku egoki bila. Iratxe Ibarrarekin egokitu zitzaion horietako batean, eta ariketa horretan bereziki galduta ibili ziren. Aleka asmatu zuen Ibarrak. Etxahun Lekueren ohiko zuzentasuna, ohi baino apalagotik joan zen. Bakarkakoan neurri motzeko doinua aukeratu zuen, baina ezin luzitu.

AZKEN TXANPA

Posted: 2012/12/09 in kultura

Azokako azken eguna

Igande honetan amaituko da Durangoko Azokako aurtengo edizioa.

Krisiak krisi, jendetza izan da egun guztietan eta eguerdian egingo dute antolatzaileek lehen balorazioa.

20121209_durango

Azken txanpara heldu da 47. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Arrakastatsu eta jendetsua izan dena aurten ere. Horregatik, pozik eta itxaropentsu helduko diote azken egunari.

Lehen eguneko jende eta ilusio uholdearen ostean, ostirala eta larunbata ere oparoak izan dira, bai bisitarien aldetik eta baita antolatu diren ekintzen aldetik ere.

Saltzaileek, ekoizleek, editoreek, azken irakurketa eta balorazioa egiteko zain, Gerediaga Elkarteak eguerdian igorriko du azken balorazio mezua.

Hala ere, iganderako ere ez da ekitaldi eta ekimenik faltako. Areto Nagusian, ijito kulturaren gaineko hitzaldi sorta izango da 16.30ean hasita.

Ahotsenean, Anai Arrebak taldeak azken lanaren aurkezpen kontzertua egingo du 15.30ean.

Saguganbaran berriz, Maite Francoren ipuin kontaketa 12.00etan.

Irudienean, Goseren azken bideoklipa (3Dn egina) ikusteko aukera izango da taldeko kideak bertan direla, 18.00etan.

DURANGO3

 

DURANGO4

DURANGO6

DURANGO1

JENDETZA BILTZEA ESPERO DA

Posted: 2012/12/08 in kultura

Ekitaldiz gainezka dator hirugarren eguna

 

DURANGO1

 

47. Durangoko Azokaren hirugarren egunean jendetza biltzea espero da larunbata izanik.

Ekitaldiz gainezka dator gaurko eguna ere eta Kirmen Uriberen ‘Mussche’ liburuaren aurkezpena edo Goseren disko berria dira horietako batzuk.

20121208_durango

Durangoko Azokaren 47. edizioa azken txanpan sartuko da gaur eta larunbata izanik jendetza biltzea espero da. Aurreko egunetan bezala ekitaldiz gainezka dator hirugarren eguna eta Kirmen Uriberen liburu berriaren aurkezpena ‘Mussche’ eta Gosek Ahotsenean egingo duen disko berriaren aurkezpena izango dira esanguratsuenetako batzuk.

Ahotseneatik hasita Karmele Jaiok ‘Ez naiz ni’ bere azken liburua aurkeztuko du 11.00etan. Ramon Saizarbitoria berriz, arratsaldeko 17.00etan egongo da.

Musika taldeei dagokionez, Balerdi Balerdi, Solte, Anger, Skakeitan eta Arkada Social dira emanaldia eskainiko duten taldeetako batzuk.

Areto nagusian ere hainbat aurkezpen eta ekitaldi izango dira. Besteak beste, Mikel Urdangarinek ‘Azula’ diskoa aurkeztuko du eta euskal kulturgintzaren inguruko mahaingurua egingo dute.

Irudienean euskarazko hainbat film laburren aurkezpenak egingo dira goizean zuzendariekin eta arratsaldean ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filma aurkeztuko dute.

Gauean berriz, Betagarrik disko berria aurkeztuko du Plateruenan.

Azoka.

Azoka. Gozategi