“ASTAKERIA ETA ANAKRONISMOA”

Posted: 2013/07/30 in errepresioa

Otegi, Garmendia, Kortazar eta Elkoro ‘herriko tabernen’ auzitik at utzi dituzte

 

Auzitegi Nazionalak kontuan hartu du fiskalaren iritzia, eta ebatzi du delitu beragatik ezin direla bi aldiz epaituak izan

Urriaren 17an Madrilen hasiko den epaiketan, horrenbestez, 36 lagun eseraraziko dituzte

Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Joseba Garmendia eta Joseba Imanol Kortazar herriko tabernen auzitik kanpo (35/02 auzia) utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hortaz, urriaren 17an hasiko den epaiketan lau horiek ez dira eseriko akusatuen aulkian. Fiskalaren iritzia aintzat hartu du epaitegiak, eta ebatzi du lehen ere epaitu dituztela delitu bera egotzita. Zehazki, «talde terroristako kide» izatea egotzita aurretik epaitu dituzte Otegi, Elkoro, Garmendia eta Kortazar, eta, Espainiako legediaren arabera, ezin da inor bi aldiz epaitu delitu bera egitea leporatuta. Horiek hala, urriaren 17an Madrilen abiatuko den epaiketan, 40 lagun epaitu beharrean, 36 eseraraziko dituzte akusatuen aulkian.

Epaiketa egin behar duen zigor salako epaimahaiak atzo kaleratutako autoan, Otegi, Elkoro, Garmendia eta Kortazar auzitik kanpo uzteko arrazoiak eman ditu. Gogora ekarri du Otegi dagoeneko epaitu dutela ETArekin lotura izatea egotzita. Bateragune auzian epaitu eta zigortu zuten Otegi, eta hamar urteko espetxe zigorra betetzen ari da —Konstituzionalak azken helegiteari buruzko erabakia hartu behar duen arren, preso dago—. Elkoro, berriz, 18/98 sumarioan epaitu zuten, eta 35/02 auzian delitu bera egotzita epaituko luketela iritzi dio epaimahaiak —hamabi urteko zigorra betetzen ari da Elkoro, etxean, gaixo dagoelako—. Garmendiaren kasuan, auzitegiak dio Udalbiltzaren kontrako auzian epaitu eta absolbitu egin zutela, eta urrian egingo duten epaiketan ere ETArekiko lotura izango dutela aztergai.

Kortazarri dagokionez, auzitegiak oroitarazi du Frantziako auzitegiek 2004an zigortu zutela, ETAko kide izatea leporatuta. Orduko hartan, ETAko kide zela ebatzi zutela esan du eta, beraz, herriko tabernen bidez erakunde armatuari lagundu ote dion epaitu beharrik ez dagoela.

Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak joan den astean eskatu zuen Otegi, Elkoro eta Garmendia ez epaitzeko, baina ez zuen iritzirik eman Kortazarren inguruan. Defentsak aurrez egindako eskarian, ordea, laugarren hori ere auzitik kanpo uztea proposatu zuen, hura ere «talde terroristako kide» izateagatik epaitu eta zigortu zutela argudiatuta. ETAko kide izatea egotzita Frantzian bete zuen zigorra Kortazarrek, eta Frantzian leporatutako zigor berberagatik ezin dutela Espainian preso sartu gogoratu zuen orduan defentsak. Fiskalak, baina, ez zuen haren inguruko iritzirik azaldu, epaitu eta zigortu zutela erakusten duten agiriak falta zitzaizkiolako, eta horiek aurkezteko galdegin zion Kortazarri.

Auzitegi Nazionaleko zigor salako epaimahaiak Gorenaren jurisprudentzian oinarrituta erabaki du Otegi, Elkoro, Garmendia eta Kortazar herriko tabernen auzitik kanpo uztea. Jurisprudentziaren arabera, inor ezin da bi aldiz epaitu delitu bera egitea leporatuta. Hori hala, Auzitegi Nazionalak azpimarratu du berdin diola delitu beragatik zenbat «jokaera zehatz» egin diren, erakunde armatuko kide izatearen delitua «jarduerarekin» lotuta dagoelako, eta «iraunkorra» delako.

Zortzi eta hamabi urte

Urriaren 17an hastekoa den epaiketan, zortzi eta hamabi urteko espetxe zigor eskaerei egin beharko diete aurre 36 auzipetuek, ETAko kide izatea edo erakunde armatuari laguntzea egotzita. Auzipetu horietatik hainbat beste auzi batzuetan ere nahastu dituzten arren, gaur egun bat ere ez dago preso—auzitik kanpo utzi baino lehen Arnaldo Otegi zen giltzapean zegoen auzipetu bakarra —.

Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna alderdietako kide gisara, herriko tabernak kontrolatu, eta haien bitartez ETA finantzatzea egotzita eramango dituzte epaiketara. Hain zuzen, 36 lagun horiez gain, 110 herriko taberna ere epaituko dituzte «erantzule zibil» izatea egotzita. Auzia abiatu eta 11 urte pasatu direla epaituko dituzte denak.

 

Epaiketak «anakronismoak» direla dio Mintegik

 

«Astakeria» eta «anakronismoa» dira udazkenetik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko diren epaiketak, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz. Herriko tabernen auziko eta Segiko kideen aurkako epaiketak hasiko dira urrian Madrilen, eta horien inguruko gogoeta idatzi du Mintegik bere blogean. Zenbaki batekin definitzen zaituztenean izeneko artikuluan, Mintegik epaiketa horien ondorio ekonomikoak aztertu ditu, Gara egunkariak igandean kaleratutako erreportaje batek jasotako datuei aipamen eginez.

Gogorarazi duenez, urriaren 17an herriko tabernen auziagatik hasiko den epaiketak 700.000 euroko kostua izango du auzipetuentzat, eta epaiketa luzatzen den aste bakoitzeko 8.000 euro handituko da gastu hori. Gastu ekonomiko handia eragingo du, halaber, Segi auziko kideen aurkako ahozko epaiketak, Mintegik azpimarratu duenez. Gogora ekarri du hilabete luzeetan Madrilerako joan-etorriak egin behar izateak lana eta ikasketak galtzea ekarriko duela auzipetu askorentzat.

Bi epaiketa horien gastuei aurre egiteko, guztira, milioi bat euro baino gehiago beharko dira, EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu duenez. Gogoratu du, halaber, orain arte auzipetu askoren bermeak ordaintzeko 1,7 milioi euro baino gehiago gastatu direla.

Bestalde, Jone Goirizelaia abokatuak begi onez hartu du Otegi, Kortazar, Garmendia eta Elkoro 35/02 auzitik kanpo uztea, baina azpimarratu du legea aplikatu baino ez dela egin. Goirizelaiak Euskadi Irratian adierazi duenez, epaiketa bera ez litzateke egin behar, eta, beraz, lau horiek ez ezik, beste 36 lagunak ere ez lirateke eseri behar akusatuen aulkian. «Epaiketa politikoak» amaitzeko eskatu du abokatuak, eta absoluzioa eskatu du 35/02 auziko auzipetuentzat.

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea, berriz, haserre agertu da Otegi auzitik at utzi dutelako. Halako erabakiek «ETAren inguruari mesede» egiten dietela salatu du elkarteak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s