BARCINA DA IZARRA

Posted: 2013/06/28 in jaia

Barcina da izarra

Bihar aurkeztuko dituzte peñek jendaurrean sanferminetan aurten kalean ibiliko diren oihalak. 

Azken aldian, rastafariz joan ginen, hiltzaile deitzen gintuzten peñen pankartapean ibili ginen, baina izutu baino gehiago, izugarri ongi pasatu nuen». Yolanda Barcinaren hitzak dira, 2009an egin zioten elkarrizketan esandakoak. Orduan bezala, gaur ere bera da peñetako oihaletan gehien ageri den pertsonaia. Soilik bi pankartetan ez da ageri haren aurpegia: San Fermin peñan, murrizketek marrazkirik gabe utzi baitute oihala, eta Armonia Txantreana peñan, nahiz eta hari zuzendutako mezua utzi duten: «Barcina go home» (Barcina zoaz etxera). CAN auzia peñetako izar bihurtu dute, beste behin ere, nahiz eta askotan Miguel Sanz, Enrique Maia eta Alvaro Miranda inputatuekin afixa partekatzea tokatu zaion.

Txorizoak eta gutun-azalak nonahi daude aurtengo marrazkietan; CANen gertatutakoari, Cerveraren eta PPren gutun-azalak gehitu zaizkio. Hala ere, urte osoan zeresana eman duten gai gehiago landu dituzte marrazkilariek: murrizketak, etxe kaleratzeak, ospitaleko otorduak, Espainiako monarkiaren ustelkeria… Gai lokalagoak ere ageri dira: hainbat auzotara zabaldu den eremu urdina, Biurdana institutuko masifikazioa eta Arrosadia eta Sanduzelai auzoetan jarri dituzten udaltzaingo birtualak, esaterako.

Bihar, kalera aterako dituzte lehenbiziko aldiz 2013ko pankartak. Peñen eguna ospatuko dute, eta, 20:00etan, jendaurrean aurkeztuko dituzte, San Frantzisko plazan. Egun osoan hainbat jarduera eginen dituzte: herri bazkaria, peñen arteko herri kirol txapelketa eta dantzaldia, besteak beste.

Zezenketen alternatiba

Pankartekin batera, sanferminetan eginen dituzten jarduerak aurkeztu ditu Iruñeko Peñen Federazioak. Julen Aldatzek esan duenez, ordutegiak zabaldu egin dituzte aurten. Besteak beste, zezenketen tenorean alternatiba eskainiko dute. Arratsaldero, dantzaldia, kontzertuak, bertsolariak eta abar izanen dira peñetan. Gainera, lau egunez luzatuko den erremonte txapelketa profesionala ere antolatuko dute. Izan ere, «geroz eta jende gutxiago» joaten da zezen plazara, eta peñakide direnen erdiak baino gehiagok ez dituzte zezenketak maite. Horrek bestelako jarduerak antolatzera behartu ditu peñak.

Egunik bereziena uztailaren 9a izanen da. Peña guziak kalejiran abiatuko dira zezen plazara. Murrizketen aurkako martxa izanen da. Uztailaren 11n eta 12an, haurrentzako kalejirak antolatu dituzte, eta goizetan ere kaleak girotzeko asmoa dute. Bestalde, entzierroan hil diren lagunei omenaldia eginen die Iruñeko Peñen Federazioak. Hesietako zutabeen erreplika bat paratuko dute Udaletxeko plazan. Sanferminetan ikusgai egonen bada ere, urtean zehar gorde eginen dute.

Pankartetan ez ezik, prentsa aurreko agerraldian ere izan da kritikarik. Aldatzek dioenez, Iruñeko Udalak ez die diru kopuru bera banatzen peña guziei, haien artean zatiketak egon daitezen. Jarrera hori salatu egin dute, baita Gora Iruñeak eskatutako gunearekin gertatutakoa ere. «Modu batean edo bestean, eragileen egitaraua aurrera eramanen dugu».

Aldapakoak. Nafarroan aurten izandako gatazkak biltzen saiatu dira Aldapakoak, amorruz beteriko marrazkiaren bidez. 

El Txarko. Azkenengo afaria prestatu du aitabitxiak CANeko bileretan parte hartzen zutenekin. 500 euroko billeteak ezin falta. 

La Jarana. Gutun-azalaren barruan sartu dituzte CANeko Batzorde Iraunkorrean biltzen ziren kideak.

Muthiko Alaiak. Muthiko Alaiak peñak lapurretak irudikatu ditu: Nafarroakoak eta Espainiakoak. PPren diskurtsoa kolokan jarri du.

Irrintzi. Nafarroako agintariek barra librea izan dutela irudikatu du Orozek. Nork ordainduko du erronda? Betiko «ergelek».

La Unica. Zaharrak berri CANeko «lapurretan». Ustez Nafarroako Kutxan zuritutako billete batean, Enrique Maia, Miguel Sanz eta Yolanda Barcina daude CAN zenaren egoitzaren aurrean.

Errotxapea. Pamplonica markaren logotipoa aldatu dute: Iraunkorreko kideak ageri dira orain. Biurdana institutua ere hizpide.

Iruñeko Algara. Txorizoak eta CAN ageri dira oihalean, baita Barcenasen gutun-azalak ere, eskuz esku elkarri emanez.

Alegria de Iruña. CAN auziaz gainera, besteak beste, herri jaiak, ospitaleko janaria eta udaltzaingo birtuala ditu hizpide pankartak.

Los de Bronce. Krisi ekonomikoa eta ustelkeriaz gainera, UPNk Euskal Telebistarekin duen jarrera kritikatu du Broncek.

Oberena. Barcinaren dietekin batera, Oberena peñak Osasuna du hizpide. Aurten ozta-ozta salbatu dira bigarren mailara jaisteaz.

Armonia Txantreana. Iruñeko auzoetako peñek afera lokalagoak landu dituzte. Etxe kaleratzeen aurkako mezua da nagusi Txantrean.

Donibane. Eremu urdina auzo gehienetara zabaldu dute. Mozkor batek OTAko makina nahasten du peñakide batekin.

Anaitasuna. Arreta gehiena CAN auziak bereganatu badu ere, Cervera eta murrizketak ez dituzte ahantzi peñetan.

Sanduzelai. CAN auzia eta AHTaren aurkako ekintzaileak, hainbat gatazkarekin batera. 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s