MAIATZAK 30 GREBA OROKORRA!

Posted: 2013/05/26 in EKONOMIA

Greba orokorrarekin bat egiteko eskatu dute sindikatuek kalean

GREBAEuskal Herriko gutun soziala eratzeko lehen batzarra egin dute, Eibarren, «politika neoliberalak goitik behera aldatzeko»

Grebaren deitzaileen ustez, mobilizatzea da alternatiba soziala lortzeko bidea

 

«Alternatiba soziala mobilizazioen bidetik lortuko delako», datorren osteguneko greba orokorraren deitzaileek —ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, CNT, CGT eta eragile sozialak— lanuztearekin bat egiteko eskatu diote gizarteari. Mobilizatzeko deia beste mobilizazio batzuekin egin dute, gainera. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioa egin zuten atzo, «agenda neoliberalaren kontra justizia sozialeko agenda bat eratzeko», Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Bidenabar, Euskal Herriko gutun sozialari ere babesa agertu nahi izan diote.

Alternatiba soziala lortzeko bidea zein den azpimarratu du beste behin ere Mikel Novalek, ELAko arlo sozialeko arduradunak: «Jasotzen ari garen erasoen kontra zer da hobea, mobilizatzea ala etxean geratzea? Guk argi daukagu lorpen guztiak mobilizazioen ondorio izan direla». Juanan Iriarte Nafarroako ESK-ko kideak gizartearen nekea nabarmendu du: «Atsekabea eta sumindura pilatzen ari gara, eta lanuzte handi batekin erantzun behar zaio egoera honi». Horregatik, ostegunean greba orokorrarekin bat egiteko deia egin diote gizarteari sindikatuetako ordezkariek.

Greba orokorra sustatzeko eta Euskal Herriko gutun soziala babesteko egindako mobilizazioek milaka herritar bildu zituzten lau hiriburuetan. Euskal Herrian eskubide sozialen gutunaren alde zioen pankartaren atzean, greba orokorraren aldeko oihuak, murrizketen aurkakoak eta eskubideak defendatzeko aldarriak entzun ahal izan ziren. Iruñean, goizez egin zuten manifestazioa, baina horren aurretik ehunka lagunek bizikleta hartu eta eskualdean zehar ibili ziren grebaren aldeko aldarriak egiten.

Eta espresuki hori izan da mobilizazioen eta greba orokorraren helburua: pobreziaren eta langabeziaren hazkundeari, osasun eta hezkuntza zerbitzuen kaskartzeari, pentsioen erreformari, murrizketei edo soldaten jaitsierei ezetz esatea. Baina dena ez da ukazioa. «Gauzak beste era batean egin daitezkeela diogu», Novalen esanetan.

GREBA OROKORRA

Gutun sozialaren babesa

Baieztapen horiek aurrera eramateko, Euskal Herriko gutun soziala eratzeko lehen batzarra egin zuten atzo, Eibarren (Gipuzkoa), greba orokorrera deitu duten eragile sindikal eta sozialek. «Agenda neoliberala zein den badakigu, eta datozen egunetan bide berean ikusiko ditugu pausoak ematen», Etxaideren arabera. Bada, agenda hori zein den ikusita, alternatiba berriak beharrezkoak direla uste dute eragile sindikal eta sozialek. «Agenda sozialarekin aurre egin behar diegu».

Eibarren martxan jarri den prozesua aurrerapauso modura aurkeztu dute eragileek, «Euskal Herrian aplikatzen ari diren politika neoliberalak goitik behera aldatzeko» tresna izango delako, bertako eragileek adierazi dutenez. Prozesu horren ondoren, «gehiengo sozial baten mesedetan egongo den eredu berri bat definitzeko beharrezkoak liratekeen proposamen eta alternatibak» jasoko dituen gutuna eratuko da. Beraz, horren helburu nagusia gaur egungo eredua erabat aldatzea izango da.

Eta aldaketa hori nola lortu? Mobilizazioaren bidez. «Mobilizazio sozialik gabe, ez dago politiken aldaketarik», eragile sindikal eta sozialen arabera. «Gure esku dagoena egingo dugu, kalean egongo gara, eta horri esker erabakia geure kabuz hartuta, eredu berri hori eraikitzeko bidea posible egingo dugu», esan du Etxaidek. Eta izaera hori islatuko du baita gutun sozialak ere: «Mobilizazioaren aldeko hautu garbia egin da». Eta osteguneko greba orokorra ildo horretan doala ulertu behar da.

Prozesua, ordea, hasi besterik ez da egin. Eibarko lehen bileraren ondoren, ekinbideak aurrera jarraituko baitu. Gutun soziala osatzeko metodologia ekainean onartzea espero dute. Horren ondoren, urriaren 5ean gutunaren lehen zirriborroa aurkeztu dute jendaurrean, eta, onartuz gero, sektore, eskualde eta herrietara eramango dute eztabaida. Behin betiko dokumentua abenduaren 14rako nahi dute prest izatea.

GREBA OROKORRA1

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s