ATZO EUSKAL HERRIAK IRABAZI ZUEN

Posted: 2013/05/16 in berria, errepresioa

Konponbidearen alde, zubia

Malkoka, baina adorez. Nekez, baina etsi gabe. Ondarroak ahaztuko ez duen eguna izan zuen atzo. Inoiz baino argiago, herritarrak, ez bakarrik ondarroarrak, herri babesaren eta elkarlanaren ikur bihurtu ziren. Aske Gunea defendatu eta Urtza Alkorta ondarroarraren atxiloketa saiheste aldera, aurre egin zioten Ertzaintzari, modu baketsuan eta bat eginda.

Gaua lasai hasi zen, tertulian, lagunartean. Guztien ahotan bazegoen ere, inork ez zuen gauerdia baino lehenago gertatuko zena irudikatu nahi izan. «Etorriko dira, eta aurre egingo diegu, desobedientziaz», azaldu zuten lokartu aurretik Alamedan kanpatuta zeuden herritarrek. Adinez nagusi direnek txikitako garaiak gogoratzen dituzten nostalgia berarekin, Ondarroako Aske Gunean elkar ezagutu dutenek, bost egunen balantzea egin zuten. Urduritasuna eta ezinegona, berriz, guztien aurpegietan ageri zen. Euria ari zuen. Baina ondarroarrak txingor euritan aurrera egiten ohituak daude, eta beste behin ere gaitasun hori erakutsi zuten.

Lotarako dena prestatu ostean, alarmak jo arte, deskantsatzea erabaki zuten askok. Gehienak seguru zeuden Ertzaintza 06:00ak aldera agertuko zela.

02:00etan turrunak jo ez zuenean, 04:00etara pasatu zen hurrengo alarma. Baina orduan ere ez zen ezer gertatu. Bada, iluntzetik hitzordua finkatuta zegoen: «Aurretik ezer gertatzen ez bada, 05:00etan Aske Guneko karpan batuko gara». Ordua heldu zenean, txamarrak jantzi, gaueko hotzari aurre egiteko behar bezainbeste oihal soinean bildu eta karpara abiatu ziren denak. Ordura arte isilik bazeuden ere, bozgorailuak martxan jarri ziren. «Ertzaintzaren furgoiak batera eta bestera dabiltza, inguruan daude, eta Iurretatik ere atera dira».

Elkarri begiratu, eta ez zegoen ezer esan beharrik. Begiradek berba askok baino gehiago esaten dute. Kasu horretan, gauza bakarra adierazi nahi zuten: «Heldu da ordua». Bost egun bizkarrean zituztela, jakinekoa zen une batetik bestera momentu hori heldu behar zela. Alarma jota, komunikazio arduradunek ordenagailuak eta sakelakoak martxan jarri eta herritarrei Alamedara gerturatzeko dei egin zioten. Bat-batean energia berria sumatu zen.

Laura Mintegi EH Bilduko zerrendaburua bertan zegoen. Aldamenean zituen Maribi Ugarteburu eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak. «Politikariak ere hemen daudela jakiteak bestelako babesa ematen du», zioen batek.

Hotz egiten zuen, baina karpa betetzen zihoan neurrian, giroa gero eta epelagoa zen. 06:45ean, Ertzaintza itsasoz zein errepidez zetorrela jakitean, euripean, karpan zeuden ehunka lagunek Plaiako Zubia betetzeari ekin zioten. Eta nola bete. Hain batu zen jende andana ze, zubia bete eta gero, beste horrenbeste geratu ziren kanpoan. Dena isilpean eta zubia eta inguruak jendez beteta zeuden momentuan agertu ziren. Ez bat edo bi. Ezta hamar. 30 furgoitik gora izan ziren bat-batean Ondarroa hartu zutenak. Zubian zeudenen taupadak bizkortu baziren ere, inor ez zen bere lekutik mugitu. Bi minutuan Plaiako Zubia ertzainez inguratuta zegoen. Abesten zein bertsotan, tentsio uneari aurre egiten saiatu ziren herritarrak. Ertzainek, bozgorailutik, borondatez zubitik jaisteko eskatu zieten. Erantzun bera jaso zuten: inor ez zen mugitu. Hori dela eta, ertzainek Urtza Alkortaren aurkako ordena irakurri eta zubian zeudenak bertatik ateratzen hasi ziren. Garrasiak, min oihuak eta kolpeak izan ziren orduan nagusi. Kazetariei identifikazioa eskatu ostean, hirunaka zein launaka, zubiko harresia hausten hasi ziren. Besoetatik tira eginda, begietan edota sudur zuloetatik atzamarrak sartuta, herritarrek bost egunean euren ikur izandako zubia atzean lagatzen zuten.

Operazioaren emaitza: bi atxilotu eta zortzi herritar identifikatuta —atxilotuak iluntzean utzi zituzten aske—. Politikariak herritarren segurtasuna bermatzen saiatu baziren ere, Ertzaintza bere kabuz zihoan. Alkorta zegoen tokiraino heltzean, behin hura esku artean zutela, zubitik jaitsi, eta herritarren garrasi artean furgoira sartu zuten. Orduan izan zen herritarren txanda. Herriak batuta erantzun zuen. Ertzaintzaren aurrean jarri, eta ehunka lagunek Ertzaintzaren lerrokada atzeraka bota zuen oihuka. Aurrean zer zuten ikusita, ertzainak furgoira sartu eta joan egin ziren.

«Gaur herri harresiak Euskal herriak irabazi du», esan zuten operazio amaitu ostean Aske Guneko ordezkariek. «Donostian eraikitzen hasitako herri harresiari Ondarroako partea erantsi diogulako pozik gaude, bakearen eta konponbidearen aldeko zubi lana egin baitugu». Bat-batean tentsioa poztasun bihurtu zen. Malko artean, batasunaren indarra sumatu zuten herritarrek, egunetako nekeaz gain. Baina «garaipenak» zapore gazi-gozoa zeukan. Urtza Alkorta jada ez zegoen herritarren artean.

Baina Alkortak Zaballako espetxetik egindako deiak lasaitu zituen. «Ondo nago». Horrekin, herritarrek bide beretik aurrera egiteko asmoa dutela erakutsi zuten. Ondarroarrak, izan ere, ohituak daude txingor euritan aurrera egiten.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s