IRABAZIKO DUGU!!!!

Posted: 2013/05/05 in berria

Aske Gunetik, segi aurrera!

Bi aste pasatu dira, hortzetaraino armaturik eta aurpegia estalirik zituzten 300 ertzainek baino gehiagok sei gazte independentista ehunka herritarren besoetatik indarkeriaz eraman gintuztela. Astebete lehenago, ordea, Ekaitz Ibero eraman zuten, lurrean babesten geundenok jipoitu gintuztelarik. Azkenean, EAJ-PNVk, espainiar lege injustu bat bete, eta zazpi gazte independentista eramateko bidali zuen Ertzaintza. Pena eman eta mindu egiten du, aste batzuk lehenago, Gipuzkoako Batzarretan beraien babesa eman eta, bereziki, Donostiako udaletxean Eneko Goiaren hitz politak entzun eta babesa jaso ostean, gu bezala, Euskal Herria libre nahi omen duten horiek kartzelara eraman izana. Gainera, Donostiako udal gobernuaren kontra erabili dute gure ekimena, Eneko Goiari horrelakorik ez egiteko eskatu genion arren. «Donostiako zuhaitz batzuetan eragindako kalteak» edo plaza batean lo egin izana, gu espetxean egotea baino larriagoa omen da. Kosta ahala kosta boterea lortu nahi duten Donostiako PSEko zinegotziez hori espero genezake. Baita dominak irabazi nahian publikoki hainbeste zalaparta atera zuen, baina ustekabean aurrez aurre topatu ginenean urduri jarri, eskua eman eta sentitzen zuela esan zigun Ramon Gomez PPko zinegotziaz ere. Baina ez genuen zuengandik espero, Eneko, eta horrek mindu egiten gaitu.

Baina kritika politiko hori egin arren, aurrerapauso handitzat hartzen jarraitzen dugu instituzioetan eta publikoki epaiketa eta espetxeratze politikoen kontra EAJ-PNVk egindako deklarazioak. Horregatik, etorkizunari begira konfiantza dugu, guztiok batera aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, baita orain arte eman ez dituztenekin ere. Geroz eta herritar gehiago baikara gatazka politikoa konpondu nahi dugunok.

Baina goazen idaztera bultzatu gaituen benetako arrazoira. Aske Gunea posible egin duzuen milaka herritarrei, gure eskerrik beroena eta besarkadarik estuena eman nahi dizuegu berriz ere. Egunero-egunero gurekin egon zareten senide, lagun eta neska-lagunei, sare sozialen bidez babesa eman eta eskubide zibil eta politikoen defentsa mundu guztira zabaldu duzuenoi, irribarrea eragin zeniguten artistei, harresietan etxetik Aske Gunera eta Aske Gunetik etxera babestu gintuzuenoi, otorduak prestatu zenituztenei, musikaz orduak alaitu zenituzten musikariei, janaria zein edaria eskaini zenuten tabernei, denda eta herritarrei, hunkitu gintuzuen bertsolariei, ekimen, bideo emanaldi edo hitzaldiak eskaini zituzten eragile guztiei, muxu edo besarkada bat emateko gerturatu zineten guztioi, azken hiru egunetan gau eta egun babestu gintuzuenoi, gizon eta emakume armatuek eman dezaketen beldurraren aurrean duintasunez tinko mantendu zineten guztioi, jipoitu, kolpatu edo irain sexistak jasan zenituzten guztioi, gu pertsonalki ezagutu gabe Euskal Herriko txoko desberdinetatik Aske Gunera etorri zineten guztioi… Zuei guztiei, zuentzat, gure miresmen osoa. Eredu ikaragarria eman zenuten. Zuena, herriaren borroka. Zuek baitzarete euskal herritar gehiago espetxera eramatea ekidingo duen herri harresiaren adreiluak, zuek baitzarete espetxeetatik euskal preso politikoak aterako dituzuenak.

Aske Gunea ez zen Donostiako Bulebarrean jaio; hastapena epaiketa politikoen aurka aspalditik egin diren beste hamaika herri ekimenetan kokatzen baita. Esperantzako frontoian hasita, Izpurako auzipetuen ekimena, Aurore Martinek jasotako babesa edo Errenteriako gazteen ekimeneraino, besteak beste. Pausoz pauso, guztiak garai desberdinetan, baina denak norabide berberean eta oinarri komunarekin: Herri Harresiaren bitartez dagozkigun eskubide sozial eta politikoen aldarrikapena gauzatu dugu. Gutxinaka, ekimen txikienetik handienera osatzen joan den herri ekimena da hau; eta noski, nahiz eta aurrerapauso handiak eman diren, espetxeratze politiko guztiak geldiarazi arte amaituko ez den mugimendua da.

Sekula zentzurik izan ez badu, gaur inoiz baino gehiago kartzelak husteko garaia dela exijitzen dugu, ez horiek betetzeko. Bide horretan, baina, lehentasunezko erronkak ditugu: EPPK-ko kidegoaren Euskal Herriratzea, gaixorik dauden presoen kaleratzea eta bizi arteko zigorra ezartzen duen doktrina indargabetzea, besteak beste. Eraikitako herri harresiaren oinarriarekin, honek erakutsitako indar eta eraginkortasunaz baliatu behar gara mendekuzko espetxe politika kriminalarekin amaitzeko. Indar metaketak areagotuz, herritarren kemen eta konpromisoaz, borroka eta babesgune zabalak eraikitzen jarraitu behar dugu. Horretarako, badugu epe motzera erronka eta aukera paregabea: maiatzaren 18an bete ditzagun Euskal Herriko plaza eta txoko guztiak!

Azkenik, muxu eta besarkadarik handiena helarazi nahi diegu Aske Gunean egon ezin izan ziren eta lagun eta kide ditugun Imanol eta Nahikariri, eta baita Oihana txikiari ere. Modu berean, baita epaiketa politikoen zain edo hemendik gutxira sententzia politikoak jasoko dituzten euskal herritar guztiei. Hemendik gure animo guztia haientzat, epaiketa hauek geldiarazteko indar guztiarekin batera. Herriaren babes, elkartasun eta konpromisoaz, desobedientzia eta erresistentzia praktikan jarriz, herri harresiaren bidea posible, gauzagarri eta eraginkorra dela sinesten baitugu!

Beraz, animo ekinbide berri zein indartsu horretan. Duintasunez eta konbentzimendu osoz, irabaziko dugu!

Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Ekaitz Ibero, Mikel Arretxe, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi eta Ekaitz Ezkerra euskal preso politikoak; Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetakoak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s