BESTE AURREKONTU PROIEKTU BAT

Posted: 2013/04/24 in EKONOMIA

Beste aurrekontu proiektu bat egingo du Jaurlaritzak

Europako Batasunak defizit maila malgutzeko duen aukeraren aurrean erabaki du hori Jaurlaritzak.

Urkulluk ezohiko bilkura batera deitu du gobernua biharko, eta “datozen asteetan” osatu beharko lukete proiektu berria.

Gainera, ez dute hitz egin estatus politikoa aldatzeko galdeketa bat egiteko aukeraz.

Eusko Jaurlaritzak beste aurrekontu proiektu bat prestatuko duela jakinarazi du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Litekeena da Europako Batasunak defizita malgutzea, eta aukera horren aurrean beste aurrekontu batzuk prestatzea erabaki du Jaurlaritzako lehendakariak.

Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidentearekin bilera egin du Urkulluk, eta bilkura horren ostean eginiko agerraldian eman du erabakiaren berri. Gainera, ezohiko bilkura batera deitu du gobernua biharko, aurrekontuen inguruko egoera berria aztertzeko.

“Datu berriak ditugu, eta pentsarazten digute agian merezi duela datu berri horien araberako aurrekontu proiektu bat egitea, eta ez hipotesien araberako bat”, esan du Urkulluk. Gaineratu du “datozen asteetan” egin beharko dutela proposamen berria.

“Borondate falta”

Ostiralean zuten egitekoa Eusko Legebiltzarrean aurrekontuei buruzko eztabaida, baina litekeena da bertan behera uztea. Urkulluk “akordiorako borondate falta” egotzi die gainerako alderdiei; PSEri eta PPri leporatu die “zigor” politika bat izatea EAJren aurka.

Van Rompuyrekin eginiko bilkura “oso positiboa” izan dela nabarmendu du Urkulluk, eta kontzertu ekonomikoa “eredu balioduna” dela argudiatu du. Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako Batasuneko erabaki guneetan egotea galdegin dio Urkulluk Van Rompuyri, “Espainiako estatuko ordezkariekin batera”. Jaurlaritzako lehendakariak zehaztu du ez duela Van Rompuyrekin hitz egin estatus politikoa aldatzeko galdeketa bat egitearen inguruan.

Jaurlaritzak aurrekontuan inoiz eginiko murrizketarik handiena aurketzu zuen proposamenean. 9.200 milioi euroko muga jarrita onartu zuen gobernuak aurrekontu proiektua. Gastu sozial gisa sailkatutako ataletan, aurten 713 milioi euro gutxiago bideratzeko asmoa zuen. Murrizketarik handienak Lehendakaritzan (-%36,6), enplegu eta gizarte gaietan (-%25,9) eta ekonomia garapenean (-%25,4) egiteko asmoa zuen. Osakidetzan %1,7, eta hezkuntzan %1.

Akordiorik ez

Akordioa egin baino egun bat lehenago erabaki du aurrekontuak atzeratzea. Urkulluk bere 27 legebiltzarkideren botoak izan ditu ziurtatuta 2013ko kontuak aurrera eramateko, baina ez da nahikoa EH Bilduk (21), PSE(16), PP (10) eta UPD (1) osoko zuzenketak aurkeztu baitituzte.

Jaurlaritzak egin dituen azken saiakerak UPDrekin eta PPrekin izan dira, baina arrakastarik gabe. PPk hainbat baldintza jarri zizkion, eta EAJ  aztertzekotan geratu zen, baina baiezkoan egonda ere ez zuen ezer konponduko, UPDren edo beste alderdiren baten abstentzioa ezinbestekoa bailuke aurrera egiteko.

Urkullu eta Gatzagaetxebarria, aurrekontu proiektua aurkeztu zutenean, pasa den martxoaren 12an. / 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s