ERTZAINTZAK ERASO EGIN ZION

Posted: 2013/04/23 in errepresioa
Lander Arbelaitz

Lander Arbelaitz

Argia aldizkariko kazetaria

Ertzaintzak Lander Arbelaitz Argiako kazetariari eraso egin zion Aske Gunean.

 

G. Honenbestez, amaitu da elkarrizketa digitala. Mila esker Lander Arbelaitzi eta parte hartu duzuen guztiei. berria.info

E. Eskerrik asko denei galderengatik, ahalik eta ongien erantzuten saiatu naiz. Eta bide batez, BERRIAri eskerrak eman nahi dizkiot emandako babesagatik eta gaur ateratako oharragatik. Asko estimatzen dut, baita babesa adierazi didaten ehundaka profesional eta herritarrei ere. Eutsi goiari!

 

G. Kaixo Lander, zer etorkizun ikusten diozu Aske Guneari, ideia gisa? Zorionak, bikain aritu zara. Jon

E. Aupa Jon, eskerrik asko. Askegunea oso ideia potentea eta positiboa iruditu zait, etorkizun handikoa gainera. Jendea ilusionatzea lortu du eta militantzia politikoagatik gertatzen diren atxiloketak salatzera jende berria erakartzen asmatu du. Hori da bidea nire ustez. Positiboan planteatu behar da aldarrikapena eta iraganeko eskema alderdikoietatik ateratzeko benetako ahalegina egin behar genuke guzti-guztiok. Saia gaitezen denak batu eta aurrera egiten. Orain klabea hurrengo operazioetan egingo den lana da. Alegia, hasieratik abortatzen saiatuko dira argi, hau eskuetatik joan baitzaie eta jendea nekatu beharrean indartzen ari zen. Hurrengo gertaeren arabera, inflexio puntua den ala salbuespen puntuala izan den erabaki beharko dugu. Nik oso garbi dut. Hemen bide bat ireki da eta inteligentziaz jokatuz gero, herri harresia une batetik aurrera geraezina da. Zer gertatuko litzateke 800 pertsona beharrean 8000 baleude eta elkar kateatuta? Zer gertatuko litzateke EAJk ertzaintza ez bidaltzea erabakiko balu? Hori da herri honek behar duen herri harresia eta ziur nago berandu baino lehen ikusiko dugula, eta harresitik kanpo bere burua kokatzen duenak faktura ordainduko du, gauzak ongi egiteko asmoa baitago.

 

G. Egunon. Zuri gertatutakoa erabat gaitzestearekin ez da nahikoa. Arduradunek euren zigorra jaso behar dute. Baina badut azken aldian sentsazio bat. Eta da, bideoek balek baino min handiagoa egiten dutela. Elkartasuna adierazi dizuten kazetari horietatik gehienak, ixil ixilik zeuden ETAk Gorka Landabururi bonba jarri zionean, adibidez. Zuk bideoan “déjadme hacer mi trabajo” diozu. Kazetari asko daude ETAren erruz euren lana egin ezin dutenak. Noizko eurekiko elkartasuna? Iban

E. Ba Iban, arrazoi osoa duzu eta hemendik nik ere kazetari guzti horiei nere babesa eta atxikimendua adierazten diet. Inongo dudarik gabe gainera. Noizko diozu? Nik uste atzera begira gertatuaren irakurketa kritikoa egiten dugunean herri gisa, hori ere iritsiko dela.

 

G. Berriako atzoko mahainguruan Beñat Apalategik EAJren oinarri soziala epaiketa politikoak gelditzearen alde egonik, dei egin zien alderdi jeltzaleari bide horretan aurrerapausuak emateko eska ziezaioetan, zer iritzi duzu horren inguruan? Egia al da PNVren oinrarria horren aurka dagoela? Zein aurrerapauru eman dezake alderdiak? Miren

E. Kaixo Miren. Ni bat nator Beñatekin. Ziur EAJren oinarri zabalak ez duela begi onez ikusten ertzaintza etortzea Euskal Herriko gazteak atxilotzera, atxiloketa hauek lege injustuen gainean fundamentatzen badira. Nik uste EAJren oinarriak pauso bat aurrera eman eta alderdiko agintariei adierazi behar diela herri harresiaren parte bilakatzen badira, herri hau geldiezina dela.

 

G. Aske Guneko gertakariek agerian utzi dute, beste behin ere, botere instituzionalak gidatutako bertsio ofizialaren defentsan lerrokatutako hedabideen eta hedabide independiente naiz medio bilakatu diren norbanakoen arteko distantzia. Egungo kazetaritzaren diagnostiko labur modura uler al daiteke hau? Horrela bada, zein ondorio atera dituzu? Ezkerra

E. Bai, oso garbi gainera. Batzuek botereak edo kapitalak agintzen dioten informazioa zabaltzen dute; eta medio independenteek, beren komunitateei interesatzen zaien informazioa jorratzen dute, nahiz eta boterearentzat deseroso izan. Horregatik da garrantzitsua gure medioak babestea.

 

G. Teknikoki jarraipena nola egin duzun jakin nahi nuke, ze baliabide izan dituzun. Batzutan uste izaten degu albiste bat ondo kubritzeko dekulako despliegea behar izaten dala, baño eztet uste kasua izan danik… ezta? Aiora

E. Kaixo Aiora. Ba nire lantresnak ordenagailua eta iPhonea izan dira. Batetik idazten nuen blogean, eta bestearekin argazkiak atera eta bideoak grabatu, unean bertan youtubera igo eta sare sozialetatik zabaldu. Argazki makina ere eraman nuen, baina apenas erabili dudan.

 

G. Zer nolako garrantzia izan dute sare-sozialek eta herri komunikabideek Askeguneak pairatu behar izan duen zentsura gainditzerako orduan? Zentzu horretan, Donostiakoa mugarri bat izan al da? Eta ahantzi gabe, besarkada bat! Jon Mikel Fernandez Elorz

E. Aupa Jon Mikel. Ba bai, garrantzi handia dute hauek ongi erabiliz gero informazioa zabaltzea lor daitekeelako. Horregatik hizkuntza ezberdinetan zabaltzea garrantzitsua da, baita bertan zabaltzen den mezua eta errealitatea sintonian joatea. Nik uste nazioartera heltzea lortu bagenuen, mugarria izan daitekeela, baina albisteak osagarri guztiak zituen edozein hedabidek zabaldu nahi izateko (8 gazte kartzelara militantzia politikoagatik, ehundaka pertsona hauek babesten, publikoan zeudela, polizia edozein unetan…) + bideoak eta abar bazeuden hizkuntza ezberdinetan, esaten ari ginena irudikatzeko.

 

G. Ah! Eta mesedez, kontatu zure saltoarena, ahoz aho aldatu diren mila bertsio iritsi zaizkidala! Jonny

E. Kar kar. Kioskoan sartu gintuztenean nik ezin nuen onartu bertan kaiola batean bezala egotea gure aurrean ikaragarrizko erresistentzia ariketa gertatzen ari zirenean. Kioskoaren atean bi ertzainek ez ziguten uzten bertatik ateratzen, baina albistea gugandik oso urrun gertatzen ari zen eta nik neuk, mugikorrarekin bideoak grabatzeko, ezin nuen ongi egin. Dena oso ordenatua ikusten zen bertatik, nahiz eta jakin bertatik bertara ez zela hala izaten ari. Horregatik, kioskoaren aurrean 5 metrora, guri bizkar ematen zegoen Ertzainen ilaratik agente bat joan zenean, biren artean zuloa geratu zen eta bi aldiz pentsatu gabe korrika atera, bien artetik pasa eta jendearen gainera egin nuen salto. Barrutik grabatu nahi nuen desalojoa, baina ez nuen Ertzainen gainetik salto egin eta abar iritsi zaidan bezala, kar kar.

 

G. Zortzi gazteak atxilotzeko aginduaz gain herri-harresian zeuden guztiei “min” egiteko agindua zutela ikusi ahal izan dugu interneten zabaldu diren bideoetan. Ertzantzari beren lana egiten utzi zenien, baina Ertzantzak ez zizun utzi zuri zeure lana egiten, herritarrei informatzen, alegia! Kazetariek ez al duzue babesik? Olaia

E. Aupa Olaia. Nik uste Ertzaintzak erabaki zuenean kazetariok leku batean sartzea, ez zen kontziente edozein zuzenbide estatutan informazio eskubidea oinarrizko eskubide dela, eta hori hurratzen ari zela. Hori guk ezin dugu onartu eta kazetariok mahaiaren gainean kolpea eman behar dugu. Guk mugimendu askatasuna behar dugu gure lana egiteko, eta ez badigute uzten, ahal dugun guztia egin behar dugu gure irakurleei informaziorik onena helarazteko. Halere, kazetariok badugu babesik, gure komunitateen babesa dugu eta elkar babesten dugu, beraz, eskerrik asko babesa adierazten ari zareten guztioi.

 

G. Aupa Lander, lehenik eta behin Askegunera joaterik izan ez genuenok lehen mailako informazioa jaso genezan egin duzun lan ezin hobeagatik eskerrak emateko aprobetxatu nahiko nuke tartetxo hau. Zer iritzi duzu, Segurtasun Sailak esan berri duenaren inguruan, hau da, kazetariak egon beharreko lekutik kanpo omen zeunden eta kontzentrazioan zeundenez, bertatik ateratako gainontzeko beste guztien gisan atera zintuztela zu ere bertatik? Mila eskeR! maddi

E. Aupa Maddi, eskerrik asko. Ba gezurra dioela. Ertzainek niri ez zidaten une batean ere esan kioskora joan behar nuela. Hareago, altabozetik beren oharrak grabatu nituen (bertan kazetarion posizioari buruz aipamenik ez zen egin) eta ondoren lehen lerroan jarri nintzen desalojoa grabatzeko. Horrez gain esan dute ez nintzela kazetari bezala aurkeztu eta hori bideo eta argazkiek frogatzen dute, hasiera hasiera hasieratik PRENTSA – PRESS dioen txartela agerian bainuen. Eta amaitzeko, ez kazetariak eta ez inor, Ertzaintzak ezin du inor hala tratatu. Ez da onargarria.

 

G. Uste duzu kazetaritza gizartean kontzientzia iraultzailea sortzeko gai dela? Zeintzuk dira kazetari moduan dituzun helburuak? Eskerrik asko zure lanagatik eta animo!! Gaizka Suarez

E. Nik uste baietz, kazetaritzak edozein sistemaren hutsuneak identifikatu eta horiek jorratu behar dituela, hori da gure lana. Egia da azkenaldian kazetari askoren profesionaltasun eza eta manipulazio asmoak oso agerian geratu direla, baina beno, guk kazetari bezala (eta ARGIAn askotan esaten dugu) bestelako Euskal Herria eta bestelako mundu baten alde lan egingo dugula, beti ere independentziatik.

 

G. Kaixo eta zorionak zure lanagatik Lander! Urkulluren EITBk martxan jarri ditu AskeGuneari buruzko beto erridikulua eta zentsura lotsagarria. Espainiako “demokratentzat”, AskeGunea ia ez da existitzen. Horren aurka zer egin dezakegu? beste bat

E. Kaixo, ba egia esan zentsura hori nahiko eskandalagarria izan arren, oso agerian geratu da eta atera beharko lukete barrukoek ondorioren bat, ze bestela ez doaz ongi. Eta zer egin dezakegun? Eskura dauzkagun baliabideak erabili. Ahoz aho kontatu, sare sozialak erabili materiala zabaltzeko, emailak… betoa jarri arren jada tresna garrantzitsuak dauzkagu ongi erabiliz gero informazioa zirkulatzen jartzeko.

 

G. Arrastion Lander. Besarkada bat lehenidabizi zuretzat. Espainian kazetari bat erasotua denean berehala joaten zaizkio beste kazetari batzuk babesa ematera. Zure kasuan ezin esan dezakegu horrela denik. Babesgabe sentitu al zara profesioko lankideen artean? Aigra

E. Kaixo Aigra. Egia esan behar badizut, egunean bertan nahiko babesgabe sentitu nintzen eta kioskora igo nindutenean Berriako Jon Olano, Info7ko Maite Bidarte, ArgazkiPresseko Gari Garaialde eta Gorka Rubio eta Askeguneko komunikazioko Joska (abizena ez dakit) izan ziren babesa adierazi zidaten bakarrak. Beste kazetari gehienek beste aldera begiratu zuten.Baina bideoa atera denetik, ikaragarrizko babes uholde erraldoia jaso dut eta benetan hunkituta nago. Ehundaka kazetarik eta herritarrek adierazi didate babesa eta bentan hunkitu nau horrek. Gaur adibidez, Berriak oharra atera izana iritsi zait, baita Zaldieroaren komikia ere🙂 Eskerrik asko denei benetan.

 

G. Egoera politikoa zeharo aldatu arren, zer esango zenioke Segurtasun saileko sailburuari, beste polizi eredu bat behar dela dioenean; batez ere zuk jasandako erasoaren ondoren ? abadinarra

E. Kaixo abadinarra. Segurtasun saileko buruari esango nioke baietz, sinets ditzala bere hitzak eta egin dezala bere eskuetan dagoen guztia garai berrietara egokitutako polizia baten alde. Ezin da onartu inoren aurkako erasoak egiten dituzten agenteak kalean edukitzea.

 

G. Aupa zu! Salaketarik jarriko duzu? noraino helduko zara? gazte1+ez

E. Kaixo, ba ez dakit. Oraingoz printzipioz ez, baina ez dakit. Gertatu zaidana eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau salatzea erabaki dut orain.

 

G. Kaixo Lander. Animo lehenik eta behin jaso zenuen erasoaren ondoren. Bi galdera egin nahi nizkizuke. Batetik, zergatik uste duzu akreditazioa erakutsita ere jo zintuztela? Esan nahi dut, ezagutzen zuten Argia? Vocentokoa zarela esan izan bazenu, jokaera bera izango zuten? Hori guztia galdera bat. Eta bi: Zurekin horrela jokatzen badute kamera aurrean, zer egin ote diete beste operazio batzuetan inkomunikaturik egon direnei? Bono

E. Kaixo Bono, ba ez dakit zergatik jo ninduten. Ez dut espekulatu nahi, baina esango nuke lekuko deserosoak intimidatu nahi zituztela, erditik kendu. Beren bertsioa dudan jarriko nuela imagina zezaketen agian… ez dakit. Eta bigarrena? Ez dakit, baina ertzaintzak dexente aldatu beharko du barnetik, halako jarrera duten agenteak bazterrean utzi behar dira seguru.

 

G. Lehenik eta behin, zorionak azken egunotan egin duzun lanagatik, eta, batezere, erakutsi dituzun balore eta profesionaltasunagatik. Han egon garenontzat, eta neretzat, zure profesioa konpartitzeko bidean nagoela, eredugarria izan zara. Eskuartean zenuena alde batera utzi, eta gaur eta egun askegunean ikusi zaitugu bertan gertatzen ari zena zabaltzen. Hori txalotzeko modukoa da, zalantzarik gabe. Baina zerk bultzatu zintuen hori egitera? Ines Arrue Unanue

E. Kaixo Ines, eskerrik asko diozunagatik. Pozten naiz. Zerk eraman ninduen? Zeozer potoloa gertatzear zegoela susmatzen nuen eta ARGIAn baimena eskatu nuen gau eta egun bertan egoteko. Erresistentzia zibila eta bide baketsuak erabiliz Euskal Herrian aro berri bat hasiko zuen gertaera dokumentatu eta munduari zabaldu behar geniola pentsatzeak eraman ninduen hara.

 

G. Ueste al duzu hemendik aurrera dugun erronkan kazetariok/komunikatzaileok zer nolako papera jokatuko dugun inguruan hausnartzea? Zergatik? Iruñe

E. Kaixo Iruñe. Gure lana da gure komunitateari lehenik eta munduari ondoren, kontatzea zer gertatzen den gure inguruan.Horretarako benetan sinetsi behar dugu kazetaritzaren baloreetan, eta norbaitek gure lana oztopatu nahi badu, aurrera egin behar dugu. Horrez gain, uste dut komunikatzaileok iritzi sortzaile ere bagaren neurrian, mezu inklusiboak sustatu behar ditugula, herri honen berradiskidetasunean gure aletxoa jarri.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s