IKARAGARRIAK ZARETE!

Posted: 2013/04/20 in Gazte borroka

«Ikaragarriak zarete»

 

Kanporatzen zituzten bitartean Ertzaintzak «zikin» jokatu zuela salatu zuten Aske Guneko «herri harresia» osatu zutenek.

Ederretik ere izan zuen, ordea, atzokoak: «Herri hau gai da epaiketa politikoak gelditzeko».

 

Herri harresi handi batekin egin zuten topo Donostiako zortzi gazteak atxilotzera joan diren ertzainek; gaztez, herritarrez osatutako herri harresiarekin. «Une honetan, hitzak sobera daude. Aupa Euskal Herria. Ikaragarriak zarete», esan zuen Beñat Apalategik, Ertzaintzaren hogeita hamar furgonetek alde egin ostean. Gogoz eman zizkien eskerrak zigortutako zortzi gazteen auzi berean absolbitu zuten gazteak aurrean zuen jendetzari.

Egindakoaren harrotasunarekin batera, Ertzaintzak izandako jarreraren inguruko aipamenak ziren nagusi Aske Gunetik kanporatutakoen artean. Tartean zen Ramon Agirre aktorea ere: «Maitasuna gainezka zen gure artean, desobedientzia; parean, berriz, obedientzia itsua». Errenteriako gazte baten esanetan, hasieran saiatu ziren ertzainak jendea «modu garbian» ateratzen, baina altxatzeko aginduei uko egiten zietela ikustean, «zikin» jokatzen hasi ziren.

Salaketa berdintsuak egin zituzten lekuko gehienek: iletik eta belarrietatik tira zietela; besoak bizkarraren atzealdean jarri eta eskumuturra bihurritu zietela; arrastaka eraman zituztela; ostikadak eman zizkietela… «Haien kamerek beste aldera begiratzen zutenean, edo kazetariek ezer ikusten ez zutenean, muturrean jotzen zuten», azaldu zuen Azpeitiko mutil batek: «Barkamena eskatzen zuten gero, deskuidoan izan balitz bezala».

«’E, zu!’, esan dit ertzain batek. Begiratu diot, eta sekulako ukabilkada eman dit ahoan», salatu zuen aurpegia arrastoz betea zuen Groseko gazte batek. «Gero, denetik egin didate kanpora ateatzeko: behatza begietan eta sudurrean sartu, bota aurpegian jarri…». Leitzako lagun batek azaldu zuenez, Parte Zaharreko kale kantoi batera eramaten zituzten Aske Gunetik kanporatzean. «Mutil bat negarrez iritsi da, galtzak jaitsita, guztiz kolpatua», kontatu zuen. Harekin zen hondarribiar batek elkarrizketa adierazgarria izan zuen ertzain batekin: «’Tratu txarrak ematen dituzue’, esan diot. ‘Orain konturatzen zara?’, izan da haren erantzuna». Aske Guneko antolatzaileek ere «irmoki» salatu zuten Ertzaintzaren jokabidea, eta EAJren jarrera kritikatu zuten: «Ertzaintza bidali du Madrilgo lege injustuak betetzera, euskal herritarrak espetxeratzeko».

Herri harresiaren bihotzetik

Pixkanaka iritsi zen Ertzaintza herri harresiaren erdigunera. Gazte zigortuengana hurbildu zirenean, atzerago joan ziren haiek, herritarren babesera. «Oso hunkigarria izan da altxatu diren unea», kontatu zuen Arnaitz Lasarte hernaniarrak: «Indartsu zeuden. Bazekiten zein zen asmoa, bazekiten denak beraiei begira zeudela». Gertuko jendea zuten inguruan, eta haiek ere nola kolpatzen zituzten ikusi zuten. Hala ere, «lasaitasuna mantendu nahian» aritu ziren. «Luze egin zaigu, baina merezi izan du».

Hala ere, atzokoarekin ez dela ezer amaitu nabarmendu zuten, oraindik epaiketa ugari izango direla gogora ekarriz. «Jazarpen politikoaren kontrako mugimenduak jauzi kualitatiboa eman du azken egunotan», esan zuten. Esan zuten goizean ere, Aske Guneko kioskotik: «Egunotan gertatuarekin argi geratu da: herri hau gai da epaiketa eta espetxeratze politikoak geratzeko».

Utzi iruzkina