GREBA OROKORRA?

Posted: 2013/04/18 in EKONOMIA

Maiatzaren 30erako greba orokorrera dei dezakete bihar bertan sindikatuek

 

ELA, LAB, EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNTk Gune eztabaidagunean aztertuko dute deialdi ofiziala zein egunetarako egin

ELAk eta LABek berretsi dute aztertzen ari direla «besteak beste» egun horretan egitea

 

Negoziazio kolektiboa ez atzera ez aurrera dagoela, eta «oinarrizko eskubideen galera eta pobrezia» zabaltzen ari den garaian etor daiteke krisia hasi zeneko zazpigarren greba orokorra, Iñigo Urkullu lehendakariaren agintaldiko lehena, eta ELAk eta LABek sustengatuko luketen seigarrena. Sindikatuotako idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, grebara deitzeko aukera zabalik zegoela esan dute azken asteetan hainbat aldiz, eta atzo filtrazio baten ostean sindikatuok berretsi egin zuten maiatzaren 30erako deialdia mahai gainean dutela.

«Gune eztabaidagunean mahairatu zen greba orokorrera deitzeko aukera astelehen honetan, eta maiatzaren 30a, osteguna, finkatu zen greba egun gisa», esan zioten kazeta honi ELAko iturriek atzo. LABeko buru Etxaidek ukatu egin zuen, ordea, eguna aukeratua egotea; «besteak beste hori ere aztertzen ari gara, baina Guneren batzarrean adostuko da eguna». Edonola ere, Etxaiderentzat, «eguna ez da garrantzitsua, greba orokorra egiten den eta zertarako egiten den baizik».

ELA, LAB, EILAS, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek nahiz beste 50 bat gizarte taldek osatzen dute Gune eztabaidagune nazionala. Aste honetan izango da batzar erabakigarri hori. Sindikatu eta talde bakoitzaren erabaki organoetan dago orain greba orokorra antolatzeko eguna. Haren egokitasunaren inguruan deliberatu behar dute, eta euren azken proposamenak Guneren batzarrera eraman. Bihar bertan edo larunbatean irits daiteke grebarako deialdi ofiziala. Azkenean, aukeratutako eguna maiatzaren 30a denetz jakingo da ordu gutxian; greba orokorrera deituko dutela segurutzat jotzen dute gehienek.

Nork filtratu du greba eguna?

Ainhoa Etxaidek LABeko Gipuzkoako ordezkariekin batzarra egin zuen atzo, Donostian, eta ostean, Confebasken aurkako adierazpen gogorrak egin zituen, negoziazio kolektiboaren harira. «Akordiorik ez da egingo Confebaskek horrela erabaki duelako. Negoziazioari bizirik eusteko langileek beren eskubideei uko egin behar dietela esaten digute. Ez dute negoziazioa nahi, sindikatuen oniritzia baizik patronalak nahi duena egiteko aukera izan dezan». Lan erreformak «alternatiba» baduela azaldu zuen, lan hitzarmenak berritzen direla Confebask ez den eremuetan, eta «lan gatazka nagusitzea» ez dela «egoerarik hoberena». Greba orokorra «egoeraren larritasunari» eman ahal zaizkion erantzunen barruan kokatu zuen, eta CCOO eta UGTri mezu argi bat igorri zien. «Nork uste duzu filtratu duela greba eguna?», erantzun zion sindikatu horiekin lanuzteaz hitz egin ote duten galdetu zion kazetari bati.

«Gizartearen kontrakoa da»

Eusko Jaurlaritzari ere dei egin zion LABeko idazkari nagusiak, «benetako negoziazioaren alde urratsak egin ditzan». «Lan gatazkan eta anarkian oinarritutako eredua ez zaigu inori komeni», esan zuen.

Oraingoz, Jaurlaritzatik jaso duen erantzun bakarra Juan Maria Aburto Enplegu sailburuarena da. «Greba ez da ona inorentzat, ezta deitzen dutenentzat ere», esan zuen atzo. «Ez dut uste Jaurlaritzaren aurkakoa denik, gizartearen aurkakoa baizik». Greba orokorra negoziazio kolektiboarekin lotu zuen Aburtok. Ez du uste «irtenbideak» eskaintzen dituenik. «Joko eremua lokaztu egingo du, eta partida jokatzeko zaila bihurtu». Jaurlaritza lanean dela esan zuen, «akordioa ahalbidetzeko».

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteari ere ez zaio greba orokorraren ideia gustatu. «Euskadik ez luke izan behar greba gehien egiten duen elkartea», esan zuen atzo; «pentsio eta soldata onenak» dituen erkidegoa da, Lujuaren arabera.

Uztailaren 7an ehunka milaka langile lan hitzarmenik gabe gera daitezke Hego Euskal Herrian —edo Espainiakoetan sar daitezke—, PPren gobernuaren lan erreformak finkatutako ultraaktibitatearen amaiera dela eta. Sindikatuek «erreformaren aurkako klausulak» sartu nahi dituzte negoziazioan, orain arte ohiko izan diren eskubideak «blindatzeko», besteak beste, ultraaktibitatea, ez aplikatzea eta adostutakoa betetzeari uzteko ezintasunaren puntuak. Haatik, Confebaskek sarritan adierazi du erreforma erabiliko duela, «indarrean dagoen legedia errespetatuz».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s