EGOERARI AURRE EGITEKO!

Posted: 2013/04/12 in berria

Aspaldiko suterik handiena

Bermeoko lau eraikin behera erori dira, eta beste hiru «oso kaltetuta» daude; arratsean sutea kontrolpean hartu zuten suhiltzaileek

Lehentasuna etxea galdu dutenei laguntzea dela adierazi du Idurre Bideguren alkateak

 

 

 

 

 

Ostegun goizaldean Bermeoko alde zaharrean piztutako sutea Bizkaian azken hiru hamarkadetan herrigune batean izandako handiena izan da. Nardiz’tar Jon kaleko eraikin batean piztu zen sua, goizaldeko hirurak pasatxoan. Ondorioz, lau etxebizitza erabat kiskali eta behera erori dira:17, 18, 20 eta 23 zenbakidun etxebizitzak, hain zuzen. Guztira, 70 lagun inguru kaltetu dira sutean, baina goizaldean ehun bat herritar ere atera zituzten kalera. Bost lagunek kea arnastu zuten, baina inor ez zen larri zauritu.

Goizerako sutea dezente kontrolatua zuten suhiltzaileek, baina sugar guztiak itzali ezinik zebiltzan. Hego haizea geldituta, eta tenperatura jaitsita, egoera pixka bat lasaitu zen. Orduek aurrera egin ahala, arratsalderako sutea erabat kontrolpean zuten. «Hala ere, ez dago guztiz itzalita, sugarrak badaude, eta, hortaz, suhiltzaile talde bat gauean ere hemen egongo da sutea kontrolatzen», azaldu zuen Josu Unanue alkateordeak. Atzo erori ziren lau etxeez gain, 15, 16 eta 19 zenbakidunak ere «oso kaltetuta» daude, eta beste hainbatetan ere eragina izan du suteak, baina horietan ez da kalte larririk izan.

«Kaltetuetatik, 50 bat dira egoera latzenean daudenak, eta horietatik 22k dagoeneko esan dute ez dutela nora jo», alkateordearen berbetan. Bermeoko Udalaren Gizarte Ongizate patronatuak bi etxebizitza utziko dizkie etxerik gabe geratu direnei, eta Busturialdeko Mankomunitatearen hiru etxe ere prest dituzte. Halaber, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak esan du aldundiak udalerrian dituen 35 bat etxebizitza ere etxe barik geratu direnentzat gertatuko dituztela. «Kudeaketarekin hasi gara, eta espero dugu bost egun barru jendea bizitzeko prest izatea etxeak». Halaber, Unanek azaldu du herriko hainbat ostatu eta hotel ere laguntzeko prest agertu direla, baita inguruko herrietako baten batzuk ere; horien guztien babesa eskertu du.

Bermeoko Udalak krisi mahai bat eratu du, Gurutze Gorriarekin, suhiltzaileekin, SOS Deiekin eta babes zibilarekin, egoerari «aurre egiteko» eta kaltetuei «hobeto laguntzeko». Sutea piztu bezain laster, udaleko ordezkariak, Idurre Bideguren alkatea buru zutela, ezbeharra gertatu zen lekuan bertan izan ziren. Kaltetuei laguntza psikologikoa ere eman zieten, eta ondorengo egunetan ere behar dutenek jasoko dutela jakinarazi dute.

Hain zuzen ere, Bermeoko alkatearen esanetan, sutea erabat itzali dela ziurtatzea eta kaltetuei behar duten guztiarekin laguntzea da lehentasuna. «Eurekin harremanetan egon, informatu, eta konponbideak bilatu. Kaltetuei ahalik eta erantzun onena eman behar diegu, instituzio denek batera, elkarlanean».

Ke usainak esnatuta

Bizilagun asko suhiltzaileen laguntzaz irten ziren atzo etxetik. Ehunka lagun atera zituzten Nardiz’tar Jon, Intxausti, Erremedio eta Nekazari kaleetatik. Izan ere, goizaldeko hego haize indartsuak sua azkar zabaldu zuen, eta eraikinak elkarren ondo-ondoan daude. Batzuek astia izan zuten zerbait hartu eta janzteko, baina beste asko zeuden moduan irten ziren etxetik.

Sara Alvarez da etxea galdu duenetako bat, Nardiz’tar Jon kaleko hemezortzigarren atariko bigarren solairuko bizilaguna. Begiak negarretan zituela kontatu zuen biziturikoa. Goizaldeko hirurak aldera bizilagun baten txirrinak esnatu zuela kontatu du; hark ohartarazi zuen suteaz. «Senarrari eta aitari janzteko esan, eta ahal bezain azkar irten gara etxetik». Irteterakoan sugarrak baino ez zituzten ikusi. Orduak pasa ahala sutea kontrolpean zegoela esan zuten arren, « oso urduri» jarraitzen zuen. «Dena galdu izanaren sentipena inork ez dizu kentzen». Eraikin zaharra izanda ere, bere etxea barrutik berritzen ari zen. «Asko kostatzen da etxe bat ordaintzea eta guk barrutik barrituta genuen. Pixkanaka etxea berrituz joan gara, eta orain ez dugu ezer».

Nardiz ‘ar Jon kaleko hogeitalaugarrenean bizi da Jose Ignacio Alonso. Goizaldeko hiruretan txinparta batzuk ikusi zituen, eta bizilagunei abisatu zien. «Dena ikusi dugu: lehendabizi txinparta batzuk ikusi ditugu, eta handik gutxira sugarrak hasi dira. Ikaragarria da zein azkar hartu duen dena». Teresa Gonzalez ere senarrarekin egon zen goiz osoa kalean, herritar guztien moduan, zer gertatuko zain. Intxausti kaleko laugarrenean bizi dira, eta arratsalderako etxera itzuli ahal izan zuten. «Izugarria izan da, denean sugarrak ikusten genituen. Haizea oso indartsu zebilen, eta sekulako kea egon da». Goizaldeko laurak aldera esnatu zen: «Ke usainak esnatu nau, eta pentsatu dut etxean zerbait erretzen ari zela». Kalera irten zirenean, keak ez zien ezer ikusten uzten.

Etxea utzi behar izan duten herritarrak udaletxearen ondoko BBKren gizarte ekintzako egoitzan egon ziren goizean. Berhaz bulegoa kaltetuei laguntzera bideratu zuen udalak. Goizean 50 lagun inguru joan ziren hara, informazio eske; horietatik 22 herritarrek nora jo ez zutela eta etxea behar zutela jakinarazi zuten. Herriko zaharren egoitzan bazkaltzeko aukera eskaini zieten nora joan ez zutenei. Egun osoan, suhiltzaileen eta teknikarien oniritzia jaso ahala, erabat kalteturik ez zeuden etxeetako bizilagunek etxera itzuli ahal izan zuten. Egun luzearen ostean.

 

bildu885_44500313

Premiazko laguntzak

Iñigo Urkullu lehendakaria ere joan zen Bermeora, arratsaldean. Jaurlaritzak «norbanako larrialdiko laguntzak» bideratuko dituela azaldu zuen. Horrelako gertakarietan ikusten denaren atzean zer geratzen den ez ikusteak «atsekabea» ematen duela esan zuen. «Eusko Jaurlaritzaren izenean, atsekabea adierazten dut, eta elkartasuna kaltetuekiko. Itxaropenerako keinu bat egin nahi nuke, ez delako izan min pertsonalik, baina kalteak handiak dira; ez dira gaurkoak bakarrik, hurrengo aste eta hilabeteetarako izango dira».

Urkulluk txalotu egin zuen ezbeharra jasan dutenen pazientzia. Erakundeen arteko koordinazio lana ere nabarmendu zuen eta aldundiari esker ona adierazi, «etxebizitzak eskaintzeagatik». Lanean ari diren profesional guztien zeregina ere zoriondu eta eskertu zuen lehendakariak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, berriz, «bereziki atsekabetuta» zegoela zihoen; izan ere, bermeotarra da. «Nardiz’tar Jon kalean amak denda bat zuen, eta oroitzapen asko etorri zaizkit». Ingurua eta herritarrak ezagutzen ditu. «Kalea dagoen moduan ikustea, eraikinak behean, hondamendia, horrek kezka sortzen du». Alabaina, adierazi zuen instituzioen arteko elkarlanarekin kalea lehengoratzeko itxaropena duela. Bizilagun batzuekin hitz egiteko aukera ere izan zuten. Kaltetuekin egon ziren goizean udaleko zein aldundiko ordezkariak ere, «elkartasuna» adierazi eta haien laguntza agertuz. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ere hurbildu zen eguerdian. Hark ere erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa eskatu zituen.

 

bildu885_44500315

 

bildu885_44500329

 

bildu885_44500347

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s