GERTUEGI

Posted: 2013/04/07 in iritzia

Ertzaintza eta gertutasuna

Ekainaren 21a zen, arratsaldea, 1995ean. Tolosako kanposantuan Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak lurperatu behar zituzten unean, Ertzaintzak sekulako jipoia eman zien senide eta lagunei. Oihartzun mediatiko handia eduki zuen karga zentzugabe hark. El País-ek «cargó brutalmente» (basaki oldartu zen) espresioa erabili zuen, eta Euskadi Irratian Jaime Otamendik jipoiaren audioaren zabaldu zuen goizeko zortzietako albistegia. Bi adibide besterik ez ulertzeko zenbaterainokoa izan zen ertzainen oldarraldi hark han geunden kazetarioi sortu zigun inpresioa.

Kanposatutik irteten ari ginela, El País-eko kazetari emakumeak honela esan zion Lasa eta Zabalaren familien abokatu Iruini: «Zer, Iñigo, honek salaketa bat mereziko du, ezta?». Gauzak zer diren, 2000ko azaroan lehergailua jarri zioten etxean kazetari emakume hari, eta Euskal Herritik joan behar izan zuen senarrarekin batera.

Abokatuak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren kontra Tolosako epaitegian, baina epaile ordezko batek errugabetzat jo zituen ertzainak, nahiz hura begiekin ikusi genuenontzat sekulako astakeria izan.

Horrelako garaiak ziren, batzuek gupidarik gabe jo, eta besteek absolbitu.

Hura zen garai haietako Eusko Jaurlaritzak, ordena publikoaren alorrean, ezker abertzalearen usaina eduki zezakeen guztiarekin zeukan jarrera. Batzuetan haiek erabakita, eta besteetan Espainiako Auzitegi Nazionaletik iristen zitzaizkien aginduak era superlatiboan betez.

Duela urtebete Iñigo Cabacasekin gertatutakoa horien aurka denak balio du estrategiaren katebegi bat besterik ez da. Gazte bilbotarraren heriotza ekidin zitekeen, baldin eta bere garaian zuzendu beharrekoak zuzendu balira. Baina ez, ez zen komeni. Orain, elefantearen malkoak.

Ares Barne sailburu sozialistaren jarrera berritzailea izan zen Eusko Legebiltzarrera joan eta gaizki egindakoa aitortu zuenean. Gertatutakoa ikertu egingo zutela esan zuen, eta erantzukizunak argituko zituztela «jausten dena jausten dela, eta nornahiri min ematen diola ere». Berritzailea ematen zuena, adarjotze hutsa izan da. Nola da posible bere burua polizia moderno eta zientifikotzat aurkezten duen Ertzaintzak ez argitzea urtebeteko epean nor izan zen dozena erdi —ez 250— ertzainen artean pilota bota zuena? Beste kasu batzuetan azkar asko identifikatu zuten nork bota zuen koktela, nahiz lekukorik ez egon.

Nor gogoan ari zen Ares «jausten dena jausten dela, eta nornahiri min ematen diola ere» hura gutxienez hiru aldiz esan zuenean? Ikerketari oztopoak jartzen ari ziren ertzainak? Espresio hori ez zukeen erabiliko ikerketaren hastapenetan zer edo zer arraroa ikusi ez balu. Zergatik ez du sekula argitu zer esan nahi izan zuen esamolde salatzaile horrekin? Zer oztopo aurkitu ditu? Nork jarriak? Zein helbururekin?

Hiztripu ederra egin du asteon ertzainburu birgaitu Gervasio Gabirondok Cabacasekin gertatutakoari «istripu» deituta. Urtetan gogoratuko du elkarrizketa eskaini zuen eguna, ezin delako era desegokiagoan deskribatu iluntze hartan gertatu zena. Igual, irrati batean zuzenean esandako hitza da, «istripu» hitzak baino larritasun karga handiagoa daukan bat erabili nahi izan zuen, eta huraxe mingaineratu zitzaion bat-batean; baina elkarrizketen tonuari, Euskadi Irratian eman zuen elkarrizketan antzera jardun zuen, grabedadea falta zitzaion, inolaz ere gertatu behar ez duena gertatzen denean erabili behar izaten diren hitz, kalifikatibo eta espresabideak.

Ertzainburuak atentzioa emateko moduko beste baieztapen ezargitua eman zuen elkarrizketa horietan, alegia, hasieran ikerketa beste modu batera egin izan balitz, orain gehiago jakingo genukeela, baina ez zela horrela egin. Zer esan nahi izan du horrekin? Zer ez zen ondo egin eta zergatik? Zer egin zen gaizki? Nola egin behar zen? Badaukate lan pixka bat legebiltzarkideek hori, eta gehiago, argiarazten.

Sinesgarritasuna dauka jokoan Ertzaintzak Cabacasen heriotza argitzeko orduan, baita orain arte poliziaren jardunarekin kritiko izan ez diren herritar harritu eta suminduen artean; eta urtebete nahiko denbora da oso mugatuta dagoen iker esparruan. Aski dauka Eusko Legebiltzarrerako azken kanpainan Iñigo Urkullu orduko hautagaiak eta gaurko lehendakariak Portugaleteko mitinean proposatu zuena betetzearekin: «Ertzaintzak gardentasun handiagoa behar du… eta proportzionalitatearen printzipioekin bat etorri ez diren poliziaren jardunen kasuak azkar argitu behar ditu». Erreza, ulertu nahi duenarentzat.

Garai berriek behar duten eredu berrietara egokitzeko lanak edukiko dituzte borra oso era arinean erabili eta erabilarazi duten askok. Etsaiaren zuzenbidea praktikatu den bezala, etsaiaren polizia jarduna ere egin baita. Iragana aztertu behar dela? Bai, noski, baina alor guztietan.

Herritarrengandik gertuago egongo den polizia eredua bultzatuko du Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak. Ona izan liteke, nola ulertzen den. Azken hamarkadotan, herritar batzuek, ordena publikoaren esparruan, gertuegi eduki dituzte ertzainak.

Martxelo Otamendi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s