ETORKIZUNA, INDEPENDENTZIA!

Posted: 2013/03/31 in INDEPENDENTZIA

Euskal Herri askeari begira

Independentistak sareak krisiari aurre egiteko baliabide gisa defendatuko du independentzia, Iruñeko ekitaldian«Mendekotasunak gero eta txikiagoak» izan daitezela eskatuko du EAJk Bilbon

INDEPENDENTZIA2

 

Independentistak sareak Iruñean eta EAJk Bilbon, biek aldarrikatuko dute Euskal Herri askea Aberri Egunean, eta biek «ospatuko» dute gaur herriaren eguna.

Independentistak

‘Etorkizuna, independentzia’

Iruñean egingo du Aberri Eguneko ekitaldia Independentistak sareak. Aldarria eta festa uztartuko dituzte, eguerdian hasi eta egun osoan izango diren ekintza sorten bidez; egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko modu bakarra delakoan eskatuko du Euskal Herriaren independentzia, eta «herriaren eguna ospatzeko» egingo du festa.

Euskal Herria aberritzat duten joera politiko guztietako pertsonek osatzen dute sarea, eta, beraz, ideologia horietako guztietako pertsonak espero dituzte Iruñean. Alderdi gisa, bostek babestu dute aldarria: Sortuk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak.
12:00etan hasiko du eguna sareak, manifestazio batekin. Golem zinemetatik abiatuko da, Etorkizuna, independentzia lelopean. Sarasate pasealekuan amaituko da martxa, eta hasiera emango diote ekitaldiari. Mezu politikoa zabalduko dute: «Itotzen gaituzten loturak hautsi behar ditugu, eta independentzia da horren gakoa. Erabakirik har ezin dezakeen herria ez da aske, besteen menpekoa baizik, eta guk herri askea izan nahi dugu», azaldu zuten sareko kideek aurkezpenean.

Argudio ugari jaso ditu sareak herri askea aldarrikatzeko. Mila ditu liburu batean bilduak. Baina egungo egoerak premia are ageriagoan uzten duela uste du, eta, beraz, krisi ekonomikoari aurre egiteko baliabidea dela azalduko du independentzia eskatzeko.

INDEPENDENTZIA4
«Espainiako eta Frantziako estatuek gure beharrak kontuan hartu gabe inposatzen dizkiguten neurrien menpe gaude, eta etorkizuna gero eta ilunago ikusten dugu», azaldu zuten mezuaren nondik norakoa Txutxi Ariznabarretak eta Itziar Ituñok. «Egoera ekonomiko eta sozial larriari» aurre egiteko «alternatiba bakarra» ez ezik, «aukerarik onena» ere euskal estatua dela aldarrikatu zuten.

Egun Euskal Herriko gizartearen eta herritarren egoera, baldintza eta premiak kontuan hartzen ez dituzten erabakien aurrean, beraz, «etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko alternatiba» defendatuko du sareak: independentzia, euskal herritarrei eragiten dien erabakiak Euskal Herrian har daitezen.

Ekitaldiaren ondorenerako kantujira antolatu du sareak, herri bazkaria, eta Indefesta. Iruñeko Alde Zaharreko kale eta tabernetan musika eta ospakizuna nagusi izango duen festa.

 

ABERRI EGUNA

EAJ

‘Aberri berria’

Ohi denez, Bilbon ospatuko du «euskal aberriaren egun handia» EAJk, eta, aurten, «ospatzeko» iaz baino arrazoi gehiagorekin. Plaza Barria izango du ekitaldi nagusiaren kokagune, urtero bezala. 11:30ean hasiko du, eta bi hizlariren formatua berreskuratuko du: lehendakariak eta EBBko presidenteak hartuko dute hitza «euskal nazioaren egunean»: Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek.

Estreinaldia izango da Ortuzarrentzat, eta horrek hunkitua duela aitortu du. Urkullurentzat ez da izango Plaza Barriko taula gainean hitza hartuko duen lehen aldia; iaz bertan aritu zen azkenekoz, baina EBBko presidente gisa. Laguntzailerik ez zuen ondoan izan, gainera. Patxi Lopez sozialista lehendakari izanik, hutsik geratu zen lehendakari jeltzalearentzat gordetako tartea. Aurten berreskuratuko du ohitura EAJk, Urkulluren eskutik.

«Euskal Herriaren aitorpena» aldarrikatuko dute buruzagi jeltzaleek: «Araba, Bizkaia, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa herrialdeek osatzen duten nazioa». Gainerako herri eta nazioen gisara, «etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea» defendatuko dute.

Euskal gatazkari buruz ere arituko da EAJ, Aberri Egunerako prestatutako agiriak dioenez: «Nazio garen aldetik dagozkigun eskubideak ukatzetik dator euskal gatazka politikoaren sorburua; eta gure nortasuna, osoko eskubidea duen subjektu politikoa eta bere erabakimen askea aitortua izateko abiapuntua».

«Herritarrek adierazitakoa beste mugarik izango ez duen euskal aberri askea» aldarrikatuko du, «mendekotasunak gero eta txikiagoak izan daitezen».

Bi helburu zehaztu ditu horretarako: «Bake eta elkarbizitzaren inguruko adostasun bat ezartzea eta estrategia progresibo eta integrala abian jartzea, gure herriak erabakitzeko duen eskubidea instituzionalizatzeko».

Euskal Herriak Europan txertatuta egoteko beharrean indar berezia egin du: «Europa da gure abiapuntua eta gure helmuga». Europaren ereduan aldaketak egin beharko direla aitortu, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko Europako Batasuneko kide izan beharra defendatuko du.

Mezu politikoak plazaratzeko eguna izateaz gain, topagune ere izan ohi da Aberri Eguna jeltzaleentzat. Horretarako, «anaiarteko bazkaria» egingo dute aurten ere.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s