“EZ DUGU ZAILTASUNEN AURREAN ETSIKO…”

Posted: 2013/03/27 in ETA

ETA: «Ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziazio gunea desegin da»

 

ETAk zailtasunen berri eman du argitaratu duen agiri batean, baina «konponbidea eraikitzeko lanean» jarraituko duela dio

«Ekarpen eraikitzaileak egiteko aztertzen ari ziren aukerak kolokan gelditu dira», dio

 

«Gatazkaren ondorioen konponbiderako ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziazioa gunea» desegin egin dela jakinarazi du ETAk Naiz.info agerkari digitalera bidalitako agirian. Gune hori haustea «atzerapauso garbia» dela dio, eta «ondorio ezkorrak» izango dituela, «gatazkaren konponbidea zailtzen eta atzeratzen duen neurrian». Nolanahi ere, «behin betiko konponbidea eraikitzeko» lanean jarraituko duela dio, elkarrizketa agendaren barruan desarmeaz hitz egiteko prest dagoela, eta horretarako izendatutako ordezkaritza «aktibo» mantenduko duela. «Ez dugu zailtasunen aurrean etsiko, Euskal Herriak bakea eta askatasuna merezi eta behar duelako».

Gune hori hautsi izanak beste ondorio batzuk ere ekarriko dituela ohartarazi du ETAk: «ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen arteko harremana zailduko du aurrerantzean. Horrenbestez, ekarpen eraikitzaileak egiteko aztertzen ari ziren aukerak kolokan gelditu dira».

Gunea ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman aurretik sortu zela dio: «ETAren erabaki historikoaren aurretik eta nazioarteko eragile jakinen babesarekin, Espainiako Gobernuak eta ETAk hartutako konpromisoen emaitza izan zen». PSOEk konpromiso horiek ez zituela bete dio, eta PP gune horren nondik norakoez jakinaren gainean egon dela Espainiako Gobernua eskuratu zuenetik. PPrekin harremana egon dela ere ematen du ulertzera. «ETAk modu serio eta eraikitzailean jokatu du une oro, bai Espainiako Gobernuak gogoeta egiteko denbora eskatu duenean, bai eta harreman bide diskretu eta egonkor bat eraikitzeko aukera sortu denean ere», baina «elkarrizketa gunea hiltzen uztea» aurpegiratu dio PPri.

Nazioarteko eragileei proposamenak eta gogoetak helarazi dizkiela ere jakinarazi du ETAk, eta haiek Espainiako Gobernuaren jarrera «ezinegonez eta ulertezintasunez» jaso dutela dio.

EAJri kritika gogorra egin dio ETAk agirian: «Ulergaitza da, EAJk Espainiako Gobernuaren itxikeria estaltzeko eta kritika oro saihesteko, diskrezioaren argudioa erabiltzea».

 

ETA1

 

Agiriaren zatiak

«Ondorio ezkorrak izango ditu»

Hona hemen ETAren agiriaren zati batzuk, hitzez hitz:

«(…) Espainia eta Frantziako Gobernuen jarrera ezkor eta oztopatzailearen ondorioz, gatazkaren ondorioen konponbiderako ezarria zegoen elkarrizketa eta negoziazio gunea desegina izan da.

Horren harira, ETAk honako argipen hauek egin nahi ditu:

 

ETA

1.- ETAren Ordezkaritzaren eraketa eta elkarrizketa mahaiaren sorrera, ETAren erabaki historikoaren aurretik eta nazioarteko eragile jakinen babesarekin, Espainiako Gobernuak eta ETAk hartutako konpromisoen emaitza izan zen. Honen helburua gatazkaren ondorioen agendaren gainean konponbidea elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik abiatzea zen.

ETAk bakerako bide-orri hartatik zegozkion konpromiso guztiak bete ditu. Espainiako Gobernuak, berriz, bere hitza jan zuen eta, prozesua ezagutzen zuten nazioarteko eragile guztien harridurarako, hartutako konpromiso guztiak bertan behera utzi zituen ETAren erabakiaren iragarpenaren ondotik. (…).

ETAk Espainiako zein Gasteizko gobernuen aurrean egoera zuzentzeko gestioak egin zituen, baina ordurako PSOEk prozesua desitxuratzeko eta usteltzen uzteko erabakia hartua zuen (…).

2.- ETAk, hala ere, bere konpromisoari eutsi dio eta, bere Ordezkaritzaren bidez, konponbide prozesuan aurrera egiteko eta bake elkarrizketak zabaltzeko ahalegin ugari egin du.

3.- 2011ko azaroko hauteskundeen ondoren osatutako Espainiako Gobernuak konponbide prozesuan ordura arte aurreratutakoaren berri zehatza izan du hasiera-hasieratik. (…) Gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketa gunea prest zegoela eta ETAk bururaino iristeko konpromisoa duela bazekien.

Espainiako Gobernuaren jarrera ezkorra izan arren, ETAk modu serio eta eraikitzailean jokatu du une oro, bai Espainiako Gobernuak gogoeta egiteko denbora eskatu duenean, bai eta harreman bide diskretu eta egonkor bat eraikitzeko aukera sortu denean ere.

Espainiako Gobernuak, baina, ez du inolako seriotasunik erakutsi eta elkarrizketa gunea hiltzen uztera jo du, Inteligentzia Zerbitzuen bitartez zuzenean erasotu eta saboteatu ez duenean.

4.- ETAk bere konpromisoaren berri eman dio Frantziako Gobernuari ere (…). Frantziako Gobernuak, ETAren proposamenen sendotasuna aitortu arren, Espainiako Gobernuaren itxikeriarekin lerrokatzea erabaki du (…).

5.- ETAk (…) nazioarteko hainbat eragile eta pertsonalitateri bere gogoeta eta proposamenen berri eman dio. ETAren urrats eta proposamenen koherentzia eta konpromiso maila nabarmendu dute guztiek, Espainiako Gobernuaren jarrerak ezinegona eta ulertezintasuna sortu dituen bitartean.

6.- Hilabete hauetan zehar, ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen arteko harremana eta lankidetza iraunkorra izan da, egiaztatzearen eremuan emaitza onuragarriak utziaz.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak berretsi berri duenez, ETA bere konpromiso guztiak betetzen ari da, Espainia eta Frantziako estatuen jarrera erasokorrak egoera arriskutsuak eta zailtasun erantsiak sortu dituen arren. (…).

Negoziazio eta elkarrizketa gunea desegin izanak ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen arteko harremana zailduko du aurrerantzean. Horrenbestez, ekarpen eraikitzaileak egiteko aztertzen ari ziren aukerak kolokan gelditu dira.

7.- (…) Armagabetzearen gaia Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak sorreran jaso zuen mandatutik kanpo dago, eta, hortaz, ez da egon eta ez dago ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen lan-agendan. (…).

8.- Edonola ere, ETAk armagabetzearen gaiaz hitz egiteko prestutasuna agertu duela oroitarazi nahi du, gatazkak eragin dituen ondorio guztiak behin betiko gainditzea helburu izango duen elkarrizketa agenda baten baitan. (…) Iaz bake elkarrizketetarako aurkeztu genuen proposamen zehatza indarrean dagoela berretsi nahi dugu.

9.- Negoziazio fronteari dagozkion gaiak beharrezkoa den diskrezioarekin jorratu ohi ditu ETAk. Alta, prozesua kaltetzea beste helbururik ez duten toxikazio eta filtrazio interesatuen aurrean, ETAk argipenak emateko beharra ikusi du (…).

Elkarrizketa eta negoziazio gunearen desegitea atzerapauso garbia da eta ondorio ezkorrak izango ditu, gatazkaren konponbidea zailtzen eta atzeratzen duen neurrian. Gauzak horrela, gero eta ulergaitzagoa da PNV Espainiako Gobernuari behin eta berriz eskaintzen ari zaion babesa.

Ulergaitza da, halaber, PNVk Espainiako Gobernuaren itxikeria estaltzeko eta kritika oro saihesteko diskrezioaren argudioa erabiltzea, benetan kontuzko gaiak direnen inguruan plaza publikoan arduragabe espekulatzen ari den bitartean.

ETAk gogoetarako deia egin nahi die eragile guzti-guztiei, (…) norberak egin dezaken ekarpena azter dezaten. (…).

ETAk, bere aldetik, behin betiko konponbidea eraikitzeko lanean jarraituko duela eta izendatutako Ordezkaritza aktibo mantenduko dela jakinarazi nahi du. Ez dugu zailtasunen aurrean etsiko, Euskal Herriak bakea eta askatasuna merezi eta behar duelako.(…)

 

 

 

Erreakzioak

«Prozesuak luze jotzen badu, presoen kolektiboa izango da kaltetuena»
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«ETAk desegin egin behar du, eta badaki zein den horretarako bidea: desarmatzea, lehenik. Bere jatorria alde bakarrekoa bazen ere, orain beste batzuen teilatuan jartzen ari da prozesuaren garapena. Prozesuak luze jotzen badu, presoen kolektiboa izango da kaltetuena».

«ETA betiko desagertzen denean etorriko dira ondorio baikorrak»
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea
«Baikortasuna dut gustuko, eta ez dut ondorio ezkorrei buruz hitz egin nahi; ondorio baikorrak ETAk erakunde terrorista gisa betiko desagertu dela iragartzen duenean etorriko dira. ETAren desagertzeak onura besterik ez digu ekarriko guztioi».

«ETAk ez du ezer eskatzeko inolako zilegitasunik»
UPN
«Gizarteak, demokratok ez ditugu onartzen ez ETAren baldintzak, ez haren ohartarazpenak. Talde terroristak egin behar duen gauza bakarra bere desegitea iragarri eta armak entregatzea da».

«ETA erratuta dago; armak utzi behar ditu»
Juan Jose Lizarbe PSN
«ETAren aldetik atzera urratsa da agiri hau. Nafarrok nahi duguna ETAk behin betiko hiltzen uztea da, armak entregatzea eta ideia guztiak hitzez defendatu ahal izatea. ETA erratuta dago; armak utzi behar ditu».

«Desegitea da ETAk asebetetzeko eman dezakeen berri bakarra»
IU
«ETA aspalditik ez da euskal gizartearen zati garrantzitsu baten ordezkari, eta gizarteak espero duen bakarra armak utzi eta desegitea da. Beti da garrantzitsua indarkeriaren aurrean bide politiko eta baketsuak lehenestea».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s