GEUREA IKURRIÑA

Posted: 2013/03/25 in iritzia

2012. urtea ez da urte gozoa izan espainar unionismoarentzat. Nahiz eta Espaina aldean nagusi izan (Madrilgo Parlamentuan aspalditik gauzatzen ez zen gehiengo osoa eskuratu zuen PPk) bere menpeko bi nazioetan, Euskal Herrian eta Kataluinan, inoiz baino ahulago dabil espainolzaletasuna, burua altxatu ezinik.

IKURRIÑA1Gogoratu besterik ez dago alderdi unionistek (PP, PSE, UPD) inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu zituztela E.A.E.ko iazko hauteskundeetan, eta lehenengo aldiz ere –aspaldiko partez- eskuin anti-euskaldunak arriskuan duela bere jarraipena Nafarroako Gobernuan. Kataluinari dagokionez zer esanik ez, bertan tsunami independentistak agerian utzi du espainolzaletasunaren ahuldadea, abian jarriz Europako mendebaldean Estatu berri bat sortuko duen prozesu geldiezina.

Gertaera horiengatik gailenduta PPko espainar nazionalismoak erasora pasatu du, Estatuaren makineria juridiko astuna erabiliz Euskal Herrian eta Kataluinan era demokratikoan lortu ez duena indarrez eskuratzeko. PPren kasketa horren ondorioz ulertu behar dira Auzitegi Konstituzionalaren erabilera maltzurra, Wert-en egitasmo jakobinoa Hezkuntza arloa are gehiago espainolizatzeko, eta ikurren arloan burutzen ari diren gurutzada berria, Hego Euskal Herriko eta Kataluinako azken txokoraino piperpotoa heldu dadin. Azken alderdi honi eutsiko diot artikulu honetan.

Gutariko askok ikusi dugu azken boladan ikurriñaren aldeko mezu eta aldarrikapenak Hego Euskal Herriko herri askotan. Ehunka ikurriña etxeko balkoietan, mendi tontorretan, kaleetan dauden kartel ugaritan, etab. Zerk piztu du ikurriñaren aldeko ezusteko sukar itzela? Ohi legez, Madrildik dator erantzuna: Espainako gobernuaren harropuzkeria, gure Herri kolonizatu honetan bere sinboloak ezartzeko setakeria. Izan ere, sinboloen guda horretan unionismoak ondo baino hobeto daki Hego Euskal Herriko hainbat tokitan piperpotoa ezartzea ez dela ahuntzaren gau erdiko eztula, ezina ekinez egindakoa baizik. Gogoan dugu oraindik espainolen balentria Lizartza bezalako herrian duela 6 urte rojigualda ezarri zutenean, Regina Otaolaren bidez: ikurriña besterik ez zuen herria hispanitatearen eremuan sartu zuten 2007ko ekain zorioneko hartan. Normaltasun demokratikoa herri horretara itzuli zenean, baina, ura bere betiko bidera bueltatu zen, unionisten zoritxarrerako.

EPSON DSC picture

Gehiengo osoa eskuratuta, PPk auzitegiak astindu egin ditu legaltasun espainola lehenbailehen ezartzeko. Euskal Herrian ez ezik, Kataluinan ere hautsak harrotu ditu ikur espainolak inposatzeko irrika horrek. Hori gutxi balitz, nafar gobernuak ere bere ‘sinboloen legea¸ betetzeari sutsu ekin dio, ikurriña nafar udaletxeetatik indarrez eta dekretuz bazter dadin. UPNk zein PPk ikurriñari dioten gorrotoak patologikoa izaten jarraitzen du, Fragaren adinakoa, ‘ikurriña legeztatu aurretik bere gorpua zapaldu beharko zutela’ esan zuen frankista horren parekoa.

Delitu larria da E.A.Eko udaletxeetan ikurriña bakarrik jartzea, eta Nafarroan jartze bera ere (espainolaren ondoan ipini arren). Horren aurrean zer egin? Legaltasun espainolak zirrikitu gutxi uzten ditu, udalbatza osoa kargugabetu ahal izaten baitu haren araudi arrotza bete ezean. Irudimena erabil daiteke, baina, herriaren nahia eta gogoa zein den agerian uzteko: esaterako, toki anitzetan egin duten moduan udaletxea ez den baina bertatik gertu dagoen plaza edo kale batean ikurriña handi bat ipintzea. Edo ekimen zorrotz batean aurreko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuena kopiatuz, hots, lege arrotz batek Espainako rojigualda ipinarazi diolakoa dioen plaka bat jarriz. Era berean, hainbat udal abertzalek antolatu dutenaren antzera ikurriñaren aldeko omenaldiak ugaritu Euskal Herrian zehar. Ez dira gutxi ere ehunka ikurriña erosi dituzten udalak, biztanleen artean banatzeko eta herriko kale eta balkoietan gorri, zuri eta berde koloreak nagusi daitezen. Espainako arautegiari aurre egin ahal izaten zaio irudimen handiko ekimenen bidez, arautegiaren mamia itxuraz betez.

IKURRIÑA2

Aipamen bat bukatzeko. Gaur egun, ikurriñak –hemen eta mundu osoan, azken honetan diasporaren bidez- euskal herritar guztien onarpena lortu duenean (eskuin muturreko taldeena izan ezik), hara non abertzale batzuek, nabarrismo berri baten izenean, muzin egiten diote gure banderari, Nafarroako bandera zaharraren mesedetan. Huts galanta. Ikurriñak kanpoko etsai asko ditu (Espainako Justizia eta Gobernua, Nafarroako agintariak, eskuin-muturreko taldeak…) barneko arerioak ere gehitzeko. Ongi etorriak izan bitez Nafarroako kateak, Arrano Beltza eta gureak ere diren beste sinbolo batzuk, baina ez gaitezen tronpatu: Herri batek bandera bakarra du, ez hamaika. Nazio bat, bandera bat. Gurea ikurriña.

Mikel Alberro Zabaleta

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s