ETORKIZUNA, INDEPENDENTZIA

Posted: 2013/03/14 in INDEPENDENTZIA

Aberri Egunaren bezperan Itsasun ekitaldi politikoa egingo dute bost alderdi abertzalek

20130314_aberri

Baionan eginiko agerraldi batean, aipatu bost alderdi abertzaleon izenean ekitaldi politikoa deitu dute martxoaren 30erako. Enbata mugimendua sortu zenetik berrogeita hamar urte betetzen direla-eta, ‘Euskal Herria Europan’ lelopean egingo da ekitaldia Itsasun, arratsaldeko bostetatik aurrera.

«Momentu honetan, ezkerreko mugimendu abertzalea hirugarren indar politikoa da Ipar Euskal Herrian. Hori, neurri batean, duela berrogeita hamar urte Enbatak egin zuen hazi horretatik sortua da», nabarmendu dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin.

Horrez gain, martxoaren 31an Iruñean, Independentistak Sareak antolatuta ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko deialdi bateratua ere egin dute bost alderdi abertzaleok.

Antolatzaileek plazaratutako mezua bere eginez, Euskal Herriak «Estatu bat izateko eskubidea duela» eta «eskubide hori demokratikoa» dela aldarrikatu dute.

INDEPENDENTZIA2

ABERRI EGUNA 2013:

ETORKIZUNA INDEPENDENTZIA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Behin eta berriro esan dugu independentzia ez dela zerbait utopiko edo abstraktua. Independentzia eguneroko errealitateari lotuta dago, eguneroko bizitzari eta arazoei. Horregatik, bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial hain gogorraren aurrean, aurtengo Aberri Egunean  etorkizuna eta independentzia elkarlotu nahi ditugu.

INDEPENDENTZIA5

Krisiaren ondorioak era dramatikoan nozitzen ari gara, baina ez da jartzen mahai gainean krisia sortu duten faktoreekiko alternatibarik. Hori de okerrena. Etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko alternatibetaz hitz egiteko garaia da, eta independentzia etorkizunerako estrategiari bete betean lotuta dago. Independentistak Sarean ziurtasun osoz ikusten dugu, alor politiko eta kulturaletik zein ekonomiko eta sozialetik begiratuta, independentzia dela etorkizunerako aukerarik onena euskal herritar guztiontzat.

Ez dela independentziari buruz hitz egiteko unea esaten dutenei, orain krisiari irtebideak bilatzea dela lehentasuna, eta, egoera ekonomikoa konpondu ondoren, izango dela horrelako gaietaz hitz egiteko denbora esaten dutenei, inolako zalantzarik gabe erantzuten diegu Euskal Herriak estatu propioa eratzea dela, hain zuzen ere, krisialditik irten eta gure etorkizuna eraikitzeko tresnak eskaintzen dizkigun alternatiba bakarra.

Egoera oso larria da:

· Langabezia, enpresen ixteak, … eta horren aurrean, inbertsio produktiborik ez, espekulazioa, gure ondare ekonomikoaren liquidazioa eta eskandaluzko uztelkeria eskaintzen digute –horren adibide da Nafarroako Kutxaren kasua-.

· Herritarren erosteko ahalmen gero eta txikiagoa, etxe kaleratzeak, laneko kaleratzeak, bazterkeria soziala, pobrezia, … eta horren aurrean, krisiak gogorren kolpatzen dituen sektore sozialek inoiz baino babes handiagoa behar dutenean, oinarrizko zerbitzu publikoen desmantelamendua, prestazio sozialen murrizketak eta lan harremanen deserregularizazioa eskaintzen digute.

· Eta gainera, krisiaz baliatzen ari da egundoko inboluzio politikoa eragiteko. Izugarrizko eraso zentralista gauzatzen ari dira. Horren adierazgarri da Wert ministroaren eskutik euskararen eta gure hezkuntza sistemaren aurka bideratzen ari diren erasoa.

INDEPENDENTZI1

Nora goaz horrela? Hondamendira eraman gaituztenek ez gaituzte zulotik aterako. Egoera honen aurrean erabakiak hartu behar dira baina estatu propiorik gabe ezin dugu ezer egin:

· Ezin dugu gure ekonomia planifikatu!

· Ezin ditugu gure finantza-bailabideak kudeatu!

· Ezin dugu gure fiskalitatea erabaki!

· Ezin ditugu geure industria eta energia politikak garatu!

· Ezin dugu geure jendarte politika erabaki eta landu!

· Ezin dugu jendarte justizia eraginkor bat bultzatu!

· Ezin dugu ezer egin!

Geuk aurkitu beharko ditugu, herri gisa, krisialditik irtetzeko bideak, eta geuk eraiki beharko dugu gure etorkizun ekonomiko eta soziala. Horretarako estatu eskuduntzak behar ditugu. Euskal Estatua behar dugu. Etorkizuna, independentzia.

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Lema, kartela eta egitaraua

Egin dugun gogoetaren haritik, Aurtengo Aberri Eguneko lema “ETORKIZUNA INDEPENDENTZIA” izango da. Argi adierazi nahi dugu guretzat herri honen etorkizuna independentziaren eskutik datorrela eta horregatik kartelean bi hitz horiek hartzen dute protagonismo nagusia.

Iruñean egingo da Aberri Eguna martxoaren 31an, eta egun osoko egitaraua izango du. Martxa eguerdiko 12etan hasiko da Golemetan eta Sarasate Pasealekuan amaituko da, eta ondoren, bertan izango da ekitaldi politikoa.

Baina ospakizunak segida izango du egun osoan zehar: herri bazkaria Anaitasuna polikiroldegian, eta INDEFESTA arratsalde eta gauen zehar Iruñeako Alde Zaharrean. Adin guztietako jendearentzat ikuskizunak eta jaia. Aberri Egun guztiz zabala eta parte-hartzailea izatea nahi dugu: independentista guztiok aniztasunean elkarturik aldarrikapena eta jaia uztartzeko eguna. Independentista guztiei Iruñeara etortzeko deia egiten diegu, sufritzen ari garen egoera ekonomiko eta sozial hain larri honen aurrean inoiz baino indartsuago geure etorkizuna defendatzeko. Independentziaren beharra eta premia aldarrikatzeko.

 

Zenbait dei eta ohar

1. Sarearen sorreratik herritarren ekarpena izan da mugimendu honen oinarria eta martxaren animazioan parte hartzeko aukera du mundu guztiak. Beraz trikitilari, txistulari, kantu talde, txaranga, batukada zein beste edozein musika taldek ditu ateak zabalik. Berdin dantzari, antzezle edo beste edozein ikuskizun motak. Parte hartzeko asmoaren berri eman lehenbaitlehen info@independentistak.net helbidean.

2. Egun osoko egitaraua aurrera eramateko bolondres askoren laguntza beharko dugu, beraz, laguntzeko prest dagoen oro Sarearekin kontaktuan jarri info@independentistak.net helbidean.

3. Gaur aurkezten dugun kartel hau berehala zabalduko dugu herri eta auzo guztietara, baina kartelak pegatzeko laguntza behar dugu. Prest dagoenak adierazi dezala bere izena eta zein tokitan kartel pegadan parte hartu nahi duen info@independentistak.net helbidean.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s