EMAKUMEA ETA ESPETXEA

Posted: 2013/03/07 in berria, Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Emakumeen egunean izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Herrirak

 

Martxoak 8: espetxea eta emakumea

Martxoaren 8an, emakumearen nazioarteko egunean, Herrirak hainbat gogoeta plazaratu nahi ditu, kartzela sistemaren izaera matxistak euskal preso politikoen kolektiboko emakumeengan eragiten duen eskubide urraketaz ohartarazteko.

Jakina da, euskal preso politikoen kolektiboari berariaz ezartzen zaizkiola salbuespenekoak diren neurri urratzaileak. Horien artean, euskal gizarteak gehiengoz errefusatzen duen dispertsio politika. Dispertsioak, senideengan ez ezik, presoengan eragina du, isolamendu eta bakartze egoerak baitakartza berarekin. Alta, presoen indefentsioa areagotzen da dispertsioaren bidez kartzela barruan. Emakumeak, gutxiago izanik, are eta gehiago pairatzen dute kartzelaren isolamendua eta bakartasuna.

EMAKUMEAK1

Amatasuna eskubide urratua da kartzelan. Edonork du eskubidea ama izateko, baina kartzelak eskubide hau automatikoki kentzen die preso dauden emakumeei. Haurdun geratzeko oztopoak hamaika dira, bai harreman sexualak galaraziak direlako, bai eta bestelako alternatibak eskuratzea aski zaildua aurkitzen delako. Horrez gain, haurra edukitzea lortu arren, dispertsioak haurra kanpora noiznahi atera ahal izatea galarazten dio familiari, haurra preso bilakatzen delarik askotan. Haurrak hiru urte betetzean banaketa bortitza ematen da amarekiko, preso politikoei ukatu egiten baitzaie banaketa hau era normalizatu batean egitea (haurrarekin espazio jakinetan egonaldiak burutzeko aukera, etab.)

Kartzela sistema, gizonezkoentzat eraikia izan da. Azken urteetan hainbat aldaketa eman dira, emakumeen eta amentzako moduluak sortuz. Edonola ere, espazio hauek oro har ez dira emakumeen izaera eta premiei so eginez sortu. Egokituriko espazioak besterik ez dira, gizonen arabera eraikitako eraikinetan leku bat eginez emakumeari.

Kartzelak erabaki ohi du zer den eta zer ez den emakumeak egin dezakeena. Preso politikoek aukera gutxi izaten dute aktibitateak burutzeko, hala nola ikastaroak, kirola, etab. Baina hala izaten denean, emakumeek izugarrizko mugak topatzen dituzte, ezin baitute hainbat jardueretan parte hartu, “gizonezkoenak diren argudiopean”, hala nola, hainbat kirol jarduera, kiroldegirako sarbidea, ikastaro jakin batzuk… Emakumeentzat soilik matxismoak ezartzen dion rolari loturiko aukerak izaten dira: joskintza, sukaldea, etab.

Emakumeekiko funtzionari eta polizien tratuan ere nabarmena da kartzela sistemaren izaera matxista. Jokabide sexistak ohikoak izaten dira, emakumea objektu sexual gisa tratatzen delarik maiz. Horrez gain, emakumearengan zigor gehitua ezartzen da kartzelan, patriarkatuak ezarritako rola apurtu izanagatiko iraina eta errekonozimendu eza etengabekoa baita.

Guztiarekin, kartzela sisteman ere emakumea ikusezin bihurtzen da, eta bere eskubideak urratuak dira era bikoitzean, preso politikoen kolektiboari ezartzen zaion zigor gehituari, emakume izateari ezartzen zion zapalkuntza eransten baitzaio.

603 presok osatzen dute, orotara, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK). Horietatik 89 (603 preso horien artean etxean preso daudenak ere kontuan hartzen dira, eta azken datuen arabera hau da emakumezko preso kopuruaren banaketa: 2 Euskal Herrian, 55 Estatu espainolean, 29 Estatu frantsesean, 3 espetxeratze arinduan) emakumeak dira, eta 35 kartzeletan sakabanaturik aurkitzen dira. Guztien artean, Euskal Herriko espetxe batean aurkitzen dira bi emakume. Gainerakoen artean, 55 emakume Espainiako kartzela desberdinetan aurkitzen dira, eta 29, berriz, Frantziako kartzeletan. Emakume horien artean 7 dira beraien haurrarekin espetxean daudenak. Badira, halaber, haurra kanpoan duten emakumeak ere, 15 Espainian eta 5 Frantzian.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s