WERTi INTSUMISIOA!

Posted: 2013/03/03 in HEZKUNTZA

Werti «intsumisioa» egiteko eskatu dute

Hezkuntza erreformari ezetz esan diote milaka lagunek Hegoaldeko lau hiriburuetan; mozketak amaitzeko eskatu dute


Atzerapausoa ekarriko duela, eta Hego Euskal Herrian «intsumisioa» egin behar dela. Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri duen hezkuntza erreformaren kontra, milaka eta milaka lagun atera ziren kalera atzo arratsaldean Hegoaldeko lau hiriburuetan. Proiektua bertan behera uzteko eskatu zioten Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari, ikusita «erabat aurka» agertu dela hezkuntza komunitatea. Madrilek orain arte ez du atzera egiteko asmorik agertu, eta Euskal Herritik erantzutera dei egin zuten atzo: protestan segitzeko eskatu zieten herritarrei; Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, erreforma ez ezartzeko.

Lege proiektuaren aurkako mobilizazio bide baten hasieratzat jo zituzten deitzaileek atzoko protestak. Deialdi mugatuak izan ziren, gehiengo sindikalak soilik deitu baitzituen —LABek, EILASek eta ELAk—, baina babes zabalagoa lortuz joan dira azken egunetan. Besteak beste, protestara batu dira CCOO eta ESK sindikatuak, Ikasle Abertzaleak eta Sortzen-Ikasbatuaz. Hartara, irakaskuntzako langileak ez ezik, ikasle eta guraso mordoa batu ziren protestara. Talde politikoetatik, protestetan izan ziren EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariak. Euskal Herrian geure hezkuntza leloarekin egin zituzten lau manifestazioak.

Batasunaren garrantzia hartu zuten hizpide sindikatuetako ordezkariek. «Hezkuntza komunitate osoaren lehen pauso garrantzitsua da. Bistan utzi du erreformaren erabat kontra dagoela», esan zuen Xabier Irastorza ELAko ordezkariak. Aurrerago jotzeko bidea hasi zen atzo, EILASeko kide Arantza Fernandezen iritziz. «Lehen protesta da, eta izango dira gehiago, erreformaren aurka baitago gizartearen gehiengoa».

HEZKUNTZA1

Eragina guztiengan

Koloretsuak izan ziren protestak. Bilbon, adibidez, itsasgarri ugari eraman zituzten parte hartzaileek; sindikatu deitzaileen banderarik ez. 17:30 igarota hasi zuten bidea Bilbon, Iruñean eta Donostian. Gasteizen, berriz, 19:30ean. Ume ugari batu ziren han; Bilbon, aulkian eraman zituzten haurrak.

Maisu-maistra, guraso, ikasle eta beste milaka pertsona izan ziren protestetan, eta nabarmendu zuten guztiengan izango lukeela eragina Werten asmoak. Gari Torregrosa, Sortzen-Ikasbatuaz taldeko kidea: «Gurasoak kezkatuta gaude erreformak gure parte hartzea murrizten duelako». Izan ere, eskola kontseiluak eta horrelako organoak kontsultarako mugatu nahi ditu ministroak. Iruñean, Isabel Lekunberri amak hartu zuen hitza martxaren amaieran. Madrilen asmoak salatu zituen: «Birzentralizatu egin nahi dute hezkuntza, eta erabat mugatu gure eskumenak». Euskararen aurkako eta ikasleak «espainiartzearen» aldeko neurriak daude lege asmoan, haren esanetan. Bilbon, Nerea Ibarzabalek bertsotan salatu zituen Werten helburuak.

 

lomce2

 

hezkuntza erreforma

Murrizketekin, «nekez»

Lege proiektuak helburu «ideologikoak» ere baditu, LABeko kide Nerea Undabarrenaren irudiko: «Neoliberalismoaren eta segregazioaren aldekoa da». Ildo horri tiraka, hezkuntza pribatizatzeko asmoak eta murrizketak gaitzetsi zituzten. Oihu ugari egin zituzten hezkuntzako mozketen aurka. «Emaitzei begirako kalitateaz mintzo da erreforma, baina inbertsiorik gabe nekez lortzen dira emaitzak», ohartarazi zuen EILASeko ordezkari Amaia Zubietak.

Mozketen eta erreformaren bidea alboratzeko eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Irastorza: «Euskal Herrian nahi dugun hezkuntza eta behar dugun sistema erabaki ahal izatea exijitzen dugu». Horretarako, mobilizatzen segitzea ezinbesteko izango dela ohartarazi zuten. Nafarroako ikasleek dute hurrengo hitzordua: elkarretaratzeak egingo dituzte ostegunean, eta datorren astean, greba.

hezkuntza-erreformari-ez

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s