ASKATU!

Posted: 2013/03/03 in Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Elkartasuna espetxe atariraino

‘Bateragune auzian’ zigortutakoak aske uztea galdegin dute hainbat herritar eta eragilek Logroñoko kartzelaren aurrean

Euren kartzelatzea «demokraziaren aurkakoa» dela salatu dute bost presoek


 

Hirugarren urtez jarraian, eta azken aldia izateko esperantzarekin joan dira ehunka herritar Logroñoko (Errioxa, Espainia) espetxearen atariraino, Bateragune auzian zigortu zituzten bost kideei elkartasuna adieraztera. Arnaldo Askatu herri plataformak eta Bateragune auzian zigortu zituztenen senideek deitutako ekitaldian berrehun lagun inguru batu ziren atzo eguerdian espetxearen aurrean, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacintoren askatasuna eskatu eta bost presoei gertutasuna adierazteko.

1.237 egun giltzapean. Hiru urte eta lau hilabete preso Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haiek atxilotzea agindu zuenetik. Datu hori behin eta berriz gogoratu nahi izan zuten Logroñoko espetxearen atarian. Kartzela horretan dituzte preso Otegi eta Rodriguez, eta Bateragune auzian zigortutako gainerako hiru kideak Espainiako beste espetxeetan sakabanaturik daude: Estremeran dute Jacinto, Dueson Diez, eta Valladoliden Zabaleta.

Ekitaldian ozen salatu zuten «demokraziaren aurkako» erabakia dela bost kideak politika egiteagatik espetxean izatea. «Zentzugabeko zigorra» pairatzen ari dira, Xabier Amurizak bere bertsoetan gogoratu zuen moduan. Bost presoen berehalako askatasuna eskatu ez ezik, Espainia eta Frantziako espetxeetan barreiaturik dauden euskal presoak, iheslariak zein deportatuak Euskal Herrian nahi dituztela ere aldarrikatu zuten. Denei agurra eta besarkada bat bidali zizkieten.

Euskal Herriko hainbat txokotatik joandako herritarrekin batera, euskal politikarien ordezkaritza bat ere izan zen ekitaldian. Sortuko, Alternatibako, Aralarreko, EAko eta ABko aurpegi ezagun ugari zeuden: Sortuko Pernando Barrena, Hasier Arraiz, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa, Aitor Bezares, Aralarreko Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, Alternatibako Oskar Matute, EAko Alberto Unamunzaga, ABko Mertxe Colina, Gipuzkoako Diputatu nagusi Martin Garitano eta Jone Goirizelaia Bateragune auziko abokatuetako bat.

Politikariez gain, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko ordezkari ohia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Iñigo Soto Gara-ko zuzendaria ere ekitaldian izan ziren, besteak beste.

 

LOGROÑO

«Bahiketa politikoak»

Eguerdiko hamabietarako jarrita zegoen Bateragune auziko bost presoen askatasuna eskatzeko hitzordua. Ordu erdi lehenagorako, baina, jendea biltzen joan zen espetxeko hesietatik 200 metro eskasera. Lau autobus iritsi ziren, eta beste lagun asko autoz joan zen. Kartzela ondoko zelai batean oholtza bat paratu zuten eta bertan deialdiaren helburua laburbiltzen zuen leloa idatzirik zuen pankarta bat: Euskal Herriak politika egiteko eskubidea. Bostak askatu.Espainiako Poliziak ere jarraitu zuen ekitaldia, baina urrunetik eta esku hartu gabe.

Joaldunen hotsak eman zion hasiera ekitaldi xumeari. Haien atzetik, ilara batean, presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuten banderatxoak eskuan joan ziren hainbat herritar. Oholtza gainean jotzen ari ziren txalaparta doinuak entzuten hasi bezain pronto hasi ziren euskal presoen aldeko lehen oihuak bildutakoen artean. «Euskal presoak Euskal Herrira», leloa lau haizeetara zabaldu zuten.

Musika doinuak Anje Duhalde kantariak jarri zituen bi abestirekin: Eperrak kanta jo zuen lehendabizi, eta Otegiri bereziki eskaini zion, «oso gustuko» duelako, eta Amnistiaren Dema abestia, amaitzeko. Bertsoak entzuteko parada ere izan zuten bildutakoek. Amuriza bertsolariak gogoan izan zituen espetxeetako lau hormen artean dauden bost presoak, eta haien «indarra» kanpoan sumatzen dela esan zuen. Zigorra salatzeko ere baliatu zituen bere bertsoak, politika egiteagatik espetxe zigorra jartzea Europan «lotsagarria» dela esanez.

Arnaldo Askatu herri plataformako kide batek ere bost presoen izaera politikoa nabarmendu zuen. Gogoratu zuen Euskal Herrian ireki den aro berriari ziega barrutik begiratzen diotela Otegik, Diezek, Rodriguezek, Zabaletak eta Jacintok, «bahiturik» jarraitzen dutelako. Eta azpimarratu zuen zabaldu den aro politikoa bost preso horiek egindako «isileko lanari» esker ere badela neurri handi batean. «Bahiketa politiko hauek agerian utzi dute berriz ere Espainiako Gobernuaren ahulezia», nabarmendu zuen. Bateragune auziko bost zigortuak espetxean izatea «bahiketa politikoa» dela salatu ez ezik, haiek Euskal Herriaren alde egindako lana ere eskertu eta goraipatu zuen.

LOGROÑO3

Esker oneko hitzak espetxeetako lau hormetatik at ere atera ziren. Izan ere, bost presoek idatzitako gutun bat irakurri zuten oholtzatik, eta bertan Euskal Herritik jasotako sostengua eta elkartasuna eskertu zuten Otegik, Diezek, Rodriguezek, Zabaletak eta Jacintok. Gizartearen eskutik jasotako sostengu horren «aniztasuna» pozez hartzen dutela esan zuten, haien ustez Euskal Herriak eraiki nahi duen «eredu demokratiko, aske, herritar eta aurrerakoiaren» isla delako. Halaber, euren espetxeratzea «demokraziaren aurkakoa» dela salatu zuten, «horixe delako euskal herritarren zein estatuko gainerako herritarren gehiengoaren interesen aurka eraikitako estatu eta sistema ekonomiko antidemokratikoaren izaera ere». Eurak aske uzteko aldarrikapena, beraz, euskal preso ororen eta munduko herri guztien askatasunaren aldarrikapena ere badela azpimarratu zuten.

Kataluniatik, elkartasuna

Ekitaldia amaitu baino lehen, azken hitza hartu zuen Quim Arrufat CUP alderdiko diputatuak. Kataluniako herrialdeetatik elkartasun mezua helarazi zien Bateragune auziko presoei. Bereziki Otegik irudikatzen duena izan zuen hizpide: «Europan ez dago Otegik bezala herri baten askatasun gabezia hain ongi irudikatzen duen pertsonarik». Haren esanetan, Otegi Euskal Herriaren askatasunaren borrokaren isla da, eta erakusten du Espainiako Estatuak «errepresioa» erabiltzen duela Euskal Herria eta Kataluniako herriei askatasuna ukatzeko. Hori esanda, animo hitzak bidali zizkien espetxe barruan daudenei: «Hoberenak zarete eta beti izango zarete hoberenak».

 

BATERAGUNE

 

Erreakzioak

«Espainiako Gobernuak bake prozesua boikoteatzen du»

Pernando Barrena

Sortu

«Bost presoen egoerak agerian uzten du bake prozesua martxan jartzeko apustu politikoa egin zutela, eta irudikatzen du gobernuaren jarrera boikoteatzailea prozesuarekin».

LOGROÑO4

«Bakearen aldeko apustua egiteagatik daude preso»

Oskar Matute

Alternatiba

«Bitxia da bakearen aldeko apustua egiteagatik bost politikari preso egotea eta ustel aritu diren beste batzuk libre egotea. Horrek erakusten du Espainiako Estatuaren ahuldadea».

«Kartzelan daude politika egiteagatik, eta hori onartezina da»

Paul Rios

Lokarri

«Aro berri batean gaude, eta ezinbestekoa da giza eskubide guztiak errespetatzea. Kartzelan daude politika egiteagatik, eta onartezina da, bereziki, momentu honetan».

LOGROÑO1

«Presoen arazo politikoak aterabide politikoa behar du»

Patxi Zabaleta

Aralar

«Gaur gogoan ditugu ez bakarrik Bateragunekoak, baita preso guztiak ere. Presoen arazo politikoak aterabide politikoa behar du, eta hori aldarrikatzea da ekitaldi honen helburua».

«Herri honek kanpoan behar ditu preso denak aurrera egiteko»

Mertxe Colina

Abertzaleen Batasuna

«Nahikoa dela esatera etorri gara. Lehenbailehen bost preso horiek eta beste 700 inguru kanpoan ikusi behar ditugu, herri honek denak behar dituelako aurrera egiteko».

 

LOGROÑO2

Gutuna

Bost presoek idatzitako gutunaren zati handiena gazteleraz zegoen. Erredakzioan itzuli da.

«Kaixo, lagunak. Lehenik eta behin, besarkada handi bat eman, azaltzen duzuen elkartasunagatik. Gainera, sostengu hori guztiz plurala dela ikustea pozgarria da benetan; finean, gure herriak eraiki nahi duen eredu demokratiko, libre, herritar eta aurrerakoia herri osoaren nahia eta lana izan behar duelako.

Gaur, hemen eta orain, gure espetxeratzeen izaera antidemokratikoa salatu nahi dugu, horixe baita euskal herritarren zein estatuko gainerako herritarren gehiengoaren interesen aurka eraikitako estatu eta sistema ekonomiko antidemokratikoaren izaera. Hori dela eta, gure askatasuna aldarrikatzea preso guztien eta munduko herri guztien askatasuna aldarrikatzea ere bada. Eskerrik asko eta irabazi arte!».

 

LOGROÑO

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s