GAUR,GAZTE ANTOLAKUNDE BERRIAREN KONGRESUA

Posted: 2013/03/02 in Gazte borroka

GAUR, MARTXOAREN 2an, EGINGO DA GAZTE ANTOLAKUNDE BERRIAREN KONGRESUA LIZARRAN

 

 

gonbidapenak

 

ZUKGUA PROZESUAN PARTE HARTUTAKO GAZTEEN OHARRA:

Agerraldi honen helburua Gazte Zukgua prozesu eratzaileko eztabaida zikloaren amaieraren berri eman eta hauen nondik norakoak azaltzea da.

Irailaren 29an prozesu eratzailearen berri eman genuen toki berean aurkitzen gara, Zarautzen. Orduan iragarri genizuen Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hamaika herritako gazteok Prozesu Eratzaile bat abiatzera gindoazela. Prozesu honen xedea Ezker Abertzalearen helburu estrategikoekin bat egiten duen gazteria bildu eta Indepedentzia eta Sozialismoa eskuratzeko gazte estrategia bat osatzea zela azaldu genizuen, gazte problematikari aurre eginez. Horrekin batera, gazteria hori  bildu eta antolatuko zuen Gazte Antolakunde berri bat sortzea zela helburua ere esan genizuen.

Eztabaida prozesu hau hiru bloketan garatu da: egoeraren azterketa orokorra, ziklo politikoaren irakurketa eta gazte estrategiaren definizioa.

Egoeraren azterketan sistema kapitalista patriarkalaren baitako zibilizazio krisian gaudela ondorioztatu dugu. Krisi ekonomiko eta finantzario hutsa izatetik harago, hazkunde etengabearen eredu kapitalista kolapso egoerara iritsi dela ondorioztatu dugu hainbat krisi eraginez: ekologikoa, hegemonikoa, demokraziaren krisia, zaintza krisia…  Momentu honetan sistema garatzen dutenak saiatu arren neoliberalismo are basatigoan murgildu eta  esplotazio nahiz zapalkuntza egoerak areagotzen, gure ustez bakarra da krisia gainditzeko dagoen aukera:

  • Egungo bizi eredu eta ohiturak aldatzea: sozialismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren printzipioak oinarri hartuta.   

 

Sistema kapitalista patriarkalaren alternatiba eraikitzeko hiru printzipio hartu behar direla kontuan ondorioztatu dugu:

  • Antolatzea eta borrokatzea dela bidea.
  • Zibilizazio krisi honen irtenbidea, globalizazioak baino lokalizazioak ekarriko duela: ekonomia lokalaren sustapenak herrien eta komunitateen burujabetza baitakar. Lurrarentzat sustengagarriagoa da, pertsonen arteko harremanak indartzen ditu…
  • Ekonomia, etengabeko hazkundea helburu duen kapitalaren mesederako tresna izatetik, bizitzaren mesederako tresna bilakatu behar dela: pertsonen zein lurraren bizitza.
  • Zentzu horretan, kapitalismo patriarkalari aurre egiteko, sozialismoa eta feminismoa egikaritzea jo dugu alternatiba bakartzat. Eta bide horretan, ezinbestekotzat jo dugu Euskal Estatua izatea.

Ziklo politikoari dagokionez, Zutik Euskal Herria ebazpenean jasotzen den estrategia politikoa gure egiten dugu, eta honek zehazten dituen edukien baitan kokatzen dugu antolakunde berria. Ezker abertzalearen estrategia aldaketan berretsi eta ziklo politiko berri hau egonkortzeko zein Marko Demokratikoa lortzeko urratsak emateko konpromisoa hartu dugu:

  • Minimo demokratikoen eskuratzea.
  • Gatazkaren ondorioak konpontzea: preso eta iheslarien afera, gatazkaren ondorioak pairatu dituzten pertsonak, desmilitarizazioa…
  • Gatazkaren oinarriak konpontzeko akordio politikoaren beharra. Euskal herritarron hitza eta erabakia.

Estrategia independentistaren erdigunean Nazio Eraikuntza jarri dugu. Herria gaurdanik eraiki beharra azpimarratu dugu. Estatuek izan dezaketen borondatearen edo borondate ezaren zain egon gabe, aldabakarreko urratsak ematen jarraituz. Horretarako herri boterea eraiki eta artikulatu behar dela ondorioztatu dugu, herri mugimendu indartsuaren aldeko apustua eginez.

Erronka horiek denak eskuartean izanda, gazte estrategiak guzti horri erantzungo dio gazte ikuspegitik. Zibilizazio krisi honen testuinguruan Euskal Herriko gatazka politikoa bere osotasunean gainditzeko erronka dugu gazteok. Egoerak, proiektu politikoaren norabidean urrats esanguratsuak emateko aukerak ematen ditu.

Horretarako guk gazte boterea eraikitzeko apustua egiten dugu. Gazteriaren egoerari buelta emateko, gure ahalduntzea ahalbidetuko duen estrategia da gazte estrategia. Gazte mugimendu osoa da gazte botere horren erakusle eta zentzu horretan gazte antolakunde berria mugimendu horren baitako kolektibo bat gehiago izango da. Bestalde, gazte estrategia honen oinarria herriak izango dira. Herri bakoitzak bere tokiko gazte errealitatearen araberako borrokak garatuko ditu. Elkarlana eta auzonala izango dira Gazte Antolakundearen lanerako printzipio nagusiak.

gazteaaaa

Gazte estrategiaren helburuei dagokienean eztabaida handia egon da feminismoari lotuta. Ondorioz, Gazte Antolakundearen proiektu politikoa independentzia, sozialismoa eta feminismoa dela definitu dugu.

Horrekin batera, gazte estrategia hau garatzeko gazte antolakunde berria eratuko dugu, ezker abertzalea eta honen estrategiaren baitan kokatzen den antolakundea alegia.

Gazte antolakunde berri honek bi lan ildo nagusi garatuko ditu: bizi eredu berriak eraikitzea, zibilizazio krisiari aurre egitera bidean, beti ere gazte problematika oinarri hartuta. Burujabetzaren aldeko lan ideologikoa eta praktikoa garatuko du gazte antolakundeak.

Bestetik, gatazkaren konponbidearen ildoa ere definitu dugu. Euskal Estatu Sozialista eta Feminista eraikitzeko, ezinbestekoa da gatazkaren ondorioak eta zioak konpontzea: preso eta iheslarien afera, eskubide zibil eta politikoak, memoria eta desmilitarizazioa lako gaiak landu beharko ditu.

 

GAZTE ZUK

 

PROZESUAREN METODOLOGIA ETA PARTE HARTZEA

Herriz herriko eztabaidetan 180 herritako 2500 gaztek parte hartu dute. Adinari dagokionez, gehiengoa 15 eta 22 urte arteko gazteak izan gara. Guzti honen balorazio positiboa egiten dugu, aurreikuspenak gainditu baitira. Era berean, eztabaida prozesu hau formazio saio erraldoia izan da eta eztabaidak sustatzeko asmoz metodologia parte hartzailea erabili da. Bloke bakoitzean hiru asanblada egin dira: lehengoak ariketen bidezko eztabaidak izan dira. Bigarren asanbladan ponentzia eskutan, emendakinak egin dizkiogu eta hirugarren asanbladan emandakinak bozkatu. Bloke bakoitzean, gutxi gora behera, 400 emendakin inguru jaso ditugu.

Bestetik, eztabaida garatu bitartean nazioartean eta Euskal Herrian harreman bira gauzatu dugu. Harreman bira honen helburua eragileekin kontaktuak egin, gure asmoak azaldu, aurrerantzean ere harremanak garatu eta etorkizunera begira elkarlanerako egon daitezkeen aukerak aztertzea izan da. Hala ere, oraindik ez dugu amaitu harreman bira hau eta hurrengo egunetan edo asteetan emango dizuegu berri zehatzagoa.

Azkenik, behin eztabaidak amaituta, egituratze fasean sartuko gara. Otsailean zehar gazte antolakundea osatu eta martxoaren 2ko kongresuan aurkeztuko dugu. Kongresua Lizarran izango da eta bertara joateko gonbidapena luzatuko dizuegu.

 

GAZTEEEE

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s