EUSKAL HERRIAN GEURE HEZKUNTZA! LOMCEri EZ!!!!

Posted: 2013/02/28 in HEZKUNTZA

Hezkuntza, herritik herriarentzat. LOMCE-ri ez!

 

HEZKUNTZA ERRE

Hezkuntzaren gaia azken aldian, borbor dabil jendartean eta eztabaida politikoaren erdigunean kokatu izan da ere, egiten ari diren murrizketengatik eta Madrileko gobernutik PPk proposatutako LOMCE dekretuarengatik.

LOMCE izeneko Hezkuntza erreforma hau, ez da bat batean etorritako erreforma. Gainontzeko arloetan emandako erreformekin batera, oinarrizko eskubide ditugun murrizketekin batera, jendarte osoa eraldatzera dator, edota sakontzera, beti ere estatu interes zehatz batzuen arabera eta nola ez merkatuaren logikari erantzuteko.

Euskal herritarren asimilazioaren bidean beste bultzada bat dugu. Espainia pairatzen ari den estatu krisi identitatea gainditzeko beste saiakera bat. Wert ministroak argi esan zuen, ikasleen, etorkizuneko herritarren ‘españolizazioa’ zela beharrezkoa. Eta honi erantzutera dator LOMCE. Gure hizkuntza eta kulturak ondorio larriak izan ditzake neurri hauekin guztiekin, kulturaren, nortasunaren homogenizazioa, uniformizazioa eta sexismoa indartzeko asmoa baitago hau guztiaren atzean.

hezkuntza protesta

Eraso larria dugu, atzerapausoa suposa dezake. Baina argi dugu ere, egun duguna ere ez dela herri honek adostu eta sortutako. Werten erreformarik gabe ere, euskal hezkuntzaren egoera larria da oso; ditugun hizkuntza ereduek ez dute euskal ikasleen euskalduntzea bermatzen, curriculuma eta edukien gaineko eskumenak ere ez ditugu sekula izan, hezkuntza egituratzekoak… hori guztia eta gehiago Estatuak definitzen du. Erkidego autonomoen eskumenak, estatuak ezarritakoaren mende hasten dira. Argi dugu, orain dugun ereduak ere ez duela gure herriaren biziraupen eta garapena bermatzen. Batzuek kontrakoa behin eta berriro errepikatu arren, Euskal Herriak ez du sekula izan bere hezkuntza sistema ereduaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik ezta hau egituratzeko eskumenik.

‘Zelako hezkuntza, halako herria’ esaldiak beraz oso ongi islatzen du estatu ezberdinek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduak. Aldi berean, oso ongi islatzen du Euskal Herriak historian zehar egoera ezberdinen aurrean hartutako erabakiak eta erantzunak. Lege eta dekretu ezberdinen bidez gure herriko berezko izaera suntsitu eta homogeneizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin izan dutenean, Euskal Herriak tresnak eraiki eta gure berezko hizkuntza, kultura eta ohiturak biziraun dezaten alternatibak sortzen jakin izan du.

Bultzatzen ari diren hezkuntza ereduaren aurrean bi norabide posible besterik ez daude: asimilizazioan sakondu eta gure burua desagertzera kondenatu, edota herri gisa pentsatzea eta aritzea. Erantzukizunez jokatzea dagokigu guztioi. Herritar guztiena da hortaz, egoeraz jabe egin eta hezkuntza beste modu batera ulertu eta antolatzeko ardura izatea.

Artikulu hau sinatzen dugun herritarrok, herri mugimenduko kide gara. Nahiz eta gure lanek problematika ezberdinei erantzun, nazio bereko proiektu berdin baten ekarpenak direla pentsatzen dugu, hauek, ikuspegi orokor eta askatzaile bat indartzen dutelarik. Arlo ezberdinetan lan egiten dugu baina beti ere herri honen eraikuntzan, eta bide horretan, hezkuntzak duen garrantziaz eta herritar orok honen gainean dugun erantzukizunaz jabe egiten gara. Hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Herri baten bizi iraupenari nahiz garapenari egiten dion ekarpenagatik eta herriak hezkuntzari ematen dion osotasunagatik. Herri honek, bere hezkuntza sistema egituratzeko eskumena nahi eta behar du biziraun nahi baldin badu. Horregatik, hezkuntza sistema propio baten eraikuntzaren alde egiten dugu, heziketa integral, kritiko, hezkidetzaile eta euskalduna bermatuko duena. Herriak eta herriarentzako eginda eta honen beharrei erantzungo duena.

Egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzera deitzen dugu. Hurrengo deialdia, Martxoak 2an dugu ‘Murrizketarik ez, LOMCE ez, Euskal Herrian gure hezkuntza!’ lelopean antolatuak dauden mobilizazioetan. Ekimen guzti hauetan parte hartuko dugu eta baita sortuko diren beste guztietan ere.

 

HEZKUNTZA MANI

 

Baina, erantzun dinamikak edota plazaratzen diren alterrnatibak ez dira Werten erreformari erantzuteko ikusmiran soilik artikulatu behar. Ematen ditugun hausnarketa eta praktikak Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistemaren bidean eraiki behar ditugu.

hezkuntza-erreformari-ez

Eta baditugu alternatibak, eta eduki ezean hauek sortzea posiblea da! Orain arte, Hezkuntza Sistema Propioa izatearen gabeziak hamaika ekimen, proiektu eta dinamika ekarri ditu gurean, nazio mailan eta parte hartze zabalarekin sortutako Euskal Curriculuma edota hainbat hezkuntza eragileren artean, euskararen Kontseiluaren bueltan egindako Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortzeko proposamena. Eta baita herri eta auzo mailan sortutakoak ere. Proiektu hauen jabe herritarrak dira, herritarrek sortuak baitira. Herritik, herriarentzat. Beraz, edozeinek hartu eta bere herrian aurrera eramatera animatu daiteke; edota herri edo ikastetxetan sortutakoak besteei eskaini. Horrela, inposaketen aurrean planto egin eta gurea eraikitzeari begirako sare bat osatuz, herriz herri, ikastetxez ikastetxe. Asmo isolatuak saretuz, batuz, tanta isolatuak uholde bilakatuz. Inposaketa guztiei aurre egingo dion uholde geldiezina sortuz eta guk erabakitakoa eraikiz. Eta hori dugu erantzunik eraginkorrena. Izan ditugun murrizketak, eta LOMCE dekretua ere ez baitira zoritxarrez azkenak izango. Beraz, erantzunaren aurrean soilik indarrak batzetik harago, gaurdanik gurea eraikitzera bidean batu behar ditugu ahaleginak. Tokian toki, nor bere hiri, herri edota auzoan bildu eta hausnarketa zabalduz, bakoitzaren herriaren errealitatetik abiatuta herri proiektuak aurrera eramatea posiblea da.

Indarra badugu, asko gara Hezkuntza sistema euskaldun eta herritarra lortze bidean bat egiten dugunok. Elkartu, hausnartu eta lanean arituz eraikuntzan, herri honen eraikuntzan bidea egitea dagokigu.

(*) Julen Zulaika (Askapena)

(*) Artikulua sinatzen dute ere: Naraoa Geresta (Bai Euskal Herria), Patricia Muñoz (Elkartzen), Itziar Arratibel (ESAIT), Ainhoa Larrabe (Euskal Herriak Bere Eskola), Joana Aurrekoetxea (Euskal Herriko Bilgune Feminista), Azaitz Gartzia (Euskal Herria Euskaraz), Xabier Lasa (Ikasle Abertzaleak), Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen Ikaskatua).

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s