BURUEN BOROBILTASUNAZ

Posted: 2013/02/28 in iritzia

Burua borobila daukagulako

Sorturen Batzar Eratzailera Arnaldo Otegik igorri zuen mezua ederra bezain zorrotza iruditu zait. Oso oso ona.

Autoatseginkerian bertan gozo egotearen aurkako deia, kontsigna eta slogan gutxiago eta argudio gehiagoren aldeko aldarria, mentalitatearen iraultza egiteke eta ezinbestekoa dela ezker abertzalean… bikaina! Pentsakor utzi nau eta iraultza hori nola egin bueltaka eta bueltaka eta bueltaka dabilkit buruan.

Denetan, gatazka konpontzea edo Euskal Herria ezkerretik eraikitzea baino ariketa zail eta korapilatsuagoa iruditzen zait mentalitatearen iraultza egitea. Hasteko, sarri, mentalitateak anbarrean harrapatutako intsektu prehistorikoen antza duelako. Teknologiak eta beste ziztu bizian aldatu daitezke, baina neurozientziak argitara ekarri buruko misterioek diotenez, gure garunen funtzionamendua ez da milaka urteetan apenas aldatu eta pertsonen bizitzaren zikloan ez da askorik aldatuko. Iraultza horrek, halaber, beharrezkoak diren maila askotako kontraesanak sortzen ditu: pentsatzeko moldea eta gure buruaz pentsatzen duguna aldatzea eskatzen du, gure ezei, ezinei eta errakuntzei begietara begiratzea, orain arte egindako gauza asko egiteari uztea eta gainera, zailtasuna biderkatuz, hori guztia orain arteko jende berdinak egitea.

Bueltaka eta bueltaka dabilkit buruan iraultza horren aukera. Arnaldo Otegirekin bat nator: estrategia eta paradigma aldaketa hitz potoloegiak dira, erabili behar ez den tresna bat erabiltzeari uztea baino askoz ere harago doazenak. Kaskarrean, buruan egin behar da iraultza… baina nola? Baneki!

Konformatzen naiz, baina, burua zergatik dugun borobila beti presente eta ondo gogoan izango bagenu: autoak eta autobusak zirkulazio errotondetan bezala, gure buru borobilean ideiak, eskemak eta pentsamenduak zirkulatu eta norabidez aldatu ahal izateko. Eta beti kontu berdinean bueltaka eta bueltaka aritzen garela itolarri sentitzean, argi-keinukariei eman, bide eta ideia berriak hartu eta suelto eta libre abiatzeko.

Mentalitateen iraultzarako, hortaz, kultura politiko eta lagunarte berri baten ardatz, uste dut abiapuntu balekoa dela gure buruen borobiltasunaz jabetzea eta hori aprobetxatzen jakitea.

Mikel Zubimendi Kazetaria

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s