“SORTU HOR EGONGO DA”

Posted: 2013/02/25 in SORTU

«Larrialdi plan bat behar dugu, eta EAJk ez dauka; ez daki zer egin»

 

Herritarrek dute estatua desblokeatzeko giltza, Arraizen irudiko.

Murrizketa gogorren ostean gizartea shock egoeran dagoela uste du, baina suspertu eta borrokan hasiko den segurantza dauka.

Luze gabe, zein helburu ditu Sortuk?

Batetik, gatazkaren ondorioei dagozkion gaiak, eta bestetik, egoera sozioekonomikoari dagozkionak. Konponbideari dagokionez, bi zati daude: gatazkaren muina eta gatazkaren ondorioak. Ondorioetan, gure lehentasuna euskal preso politikoen egoera izango da…

Egibarrek esan dizue presoen auzian ez daukazuela planik…

Ezker abertzaleak gauza ugari egin ditu gatazka konpontzeko eta ondorioak gainditzeko bidean, eta egingo ditu. Baina Egibarrek esaten zuen ibilbide orria eztabaidatzea ez dagokigu guri. Euskal Preso Politikoen Kolektiboari dagokio. Haiek erabaki behar dute zer-nolako ekarpena egin behar duten, haien egoera gainditzeaz gain gatazkaren konponbidea elikatzeko. Horretan daude, eta heldutasun politiko guztia dute hori egiteko.

Zuek ezin duzue ezer egin?

Lagundu egin behar da. Gure lan nagusia izan behar da estatua estu hartzea jarrera alda dezan. Gobernuek eta estatuek ez dute eman inolako pausorik. Hemengo eragile politiko batzuek ere —batez ere EAJz eta PSEz ari naiz—, aldatu egin behar dute beren jarrera Espainiako Gobernua estu hartzeko. Presionatuta sentitzen ez bada, ez du ezer egingo, oso eroso baitago. Instituzioetan lan hori egiten lagunduko dugu guk.

Gobernuek mugitzeko asmorik ez dutela diozu. Noraino egin daitezke alde bakarreko urratsak?

Alde bakarreko urratsak ez ditugu inoiz estatuei begira egin. Beti euskal jendarteari eta nazioarteko komunitateari begira egin ditugu. Urrats horiek lagungarri izan behar zuten blokeoak gainditzeko. Baina giltzak euskal jendartearen eta nazioarteko komunitatearen esku daude. Uste dugu lortu dugula nazioarteko eragile batzuen laguntza, eta sinesgarritasuna lortu dugula sektore horietan. Bestalde, pentsatzen dugu euskal jendartearekin nonbait galdu genuen konexioa berreskuratu dugula. Gure aliatu nagusia euskal jendarteak izan behar du. Hark egin behar dio presioa estatuari. Ez dago beste modurik.

Arraiz-presidente-Sortu-Euskal-Herria_TINIMA20130223_0271_5

Egiaztatze Batzordekoak ere egon dira hemen, eta esan dute gobernuarekin ez dutela egin bilerarik. Nazioarteko eragileek ere ez dute lortu…

Gobernuaren jarrera prozesua bera ukatzea da. Interpretazio birtual bat ezarri nahi du: hemen ez dela gatazkarik egon, batzuk txintxoak izan direla eta besteak gaiztoak, eta orain gaiztoek onartu behar dutela galtzaile direla. Halako interpretazio baten gainean ez dago konponbiderik ezartzerik.

ETAren desarmatzea beste era batetara egin al daiteke estaturik gabe?

Nik dakidan bakarra da ETAk ez dakit zenbat aldiz adierazi duela armak uzteko eta egitura militarra bertan behera uzteko borondatea. Hori modu antolatu batean egin behar da, egiaztatzeko moduan. ETAk prest dagoela dio, eta bi gobernuekin hitz egiteko eskatzen du horri bide emateko.

int000004155

Baina ezezkoan tematu dira…

Paradoxa da. Teorian, estatu horrek erakunde hori armarik gabe nahi du, eta ez du ezer egiten hori lortzeko. Erakunde armatuak borondatea adierazi du. Zer pentsatu? Gobernuak ez duela borondaterik ETA desarmatzeko. Parisko Auzitegian esandakoa urrats gisa ez baloratzea ere itzela da.

Nahikoa al da ETAk Parisen esan duena?

Gauza bat ulertu behar dugu: ETA erakunde armatua da. Erakunde armatu gisa egin du adierazpen hori, eta esaten duena da sentitzen duela beretzat helburu izan ez direnei kalte egin izana. Noski, besteei kalte egin nahi zien. Hori da ulertu behar dena. Beste gauza bat eskatzea garaile-galtzaile interpretazioa egin nahi izatea da. Alde batek esan behar du berak egindako guztia gaizki zegoela, besteak ez du inoiz ezer esango, eta horrela amaitzen dira gauzak. Baina, hemen gatazka politiko bat egon da eta dago. Horren ondorioz sortu zen ETA eta bere jarduera armatua. Hori ezingo dute ukatu ez gobernu honek eta ezta hurrengoek ere.

Baina, zuretzat nahikoa da?

Niretzat aurrerako urrats bat da, eta horrela kontuan hartu behar da. ETAk beste aurrerapauso bat eman du, eta gehiago egiteko asmoa du, baina ez diote uzten.

Sortun eztabaidagai izan duzue nolako estatua nahi duzuen EBn. Zein ondoriotara iritsi zarete?

Gure ondorioa izan da euskal herritarrek erabaki beharko dutela EBko kide izan nahi duten edo ez. Egia da estatua nahi dugula, eta sozialista, euskalduna eta feminista izatea nahi dugula.

EBtik kanpoko euskal estaturik ez duela ikusten argi esan du EAJk.

Guk arazo bat daukagu: Europako Batasun hau ez zaigu gustatzen. Ez gaude ados. Eredu neoliberalak bere oinarri nagusietako bat EBn du. Posible balitz beste Europa bat eraikitzea, herrien eta pertsonen Europa bat, agian EBn egon nahiko genuke. Eta agian bestela ere bai. Euskal herritarrek erabaki beharko dute.

785050_1

Estaturako bidea egin al daiteke jeltzalerik gabe?

EAJ beharrezkoa da estatu hori eraikitzeko, eta lehenago ere bai. Erabakitzeko eskubidea adostu behar da, nola egin, eta nola gauzatuko dugun hori guztia.

Sortuk zein lehentasun jarri ditu krisi ekonomikoa gainditzeko?

Eredua goitik behera aldatu behar da. Honek ez du balio, ez du zentzurik eta erabat suntsitzailea da ingurumenarentzat eta pertsonentzat. Tokiko garapena izan behar da etorkizuneko erreminta nagusia. Sorturen borrokagune nagusia eskualdea izango da. Aldez aurretik egindako diagnostikoetan oinarritutako dinamikak jarri behar ditugu martxan, eskualde bakoitzean garapen eredu berriak abian jartzeko.

SORTUUU

Nolanahi ere, legebiltzarrak asko baldintzatzen ditu kontuak legeekin, aurrekontuekin, murrizketekin… EAJk hasiera honetan erakutsi dituen joerei buruz zer diozu?

Bi gauza azpimarratuko nituzke: Aurrena, EAJk ez duela planik. Larrialdi nazional batean geundela esan zuen, eta ados gaude, baina larrialdi plan bat eskatzen du horrek, eta EAJk ez du. Egon da beste guztioi aurpegiratuz beraiek zein kudeatzaile onak diren eta besteok ez garela kapazak. Eta gero, ikusten ari gara ez dakitela zer egin. Bestalde, orain arte erakutsitako jite guztiak oso negatiboak dira. Madrilen irizpideei segitzen ari zaizkie, eta joera neoliberalak dituzte. Hezkuntzan, osasun arloan eta zerbitzu sozialetan murrizketak egiten ari dira. Zerbitzu publikoak eta gizarte zerbitzuak oso egoera kamutsean geldituko dira. Hori oso larria da.

Aurrekontuak prestatzen ari dira. Proposamenik egin dizuete?

Gurekin ez dira harremanetan jarri. Egingo dutela esan dute, baina… EAJ kanpora begira esaten ari da EH Bildurekin ere akordioak nahi dituela, baina ez da egia. Argi eta garbi ikusten da. Hasieratik dakizu besteak akordioa egin nahi duen edo ez. Beste kontu bat da posible den edo ez, baina borondatea ikusten da, eta EAJk ez dauka.

SORTU2

PSEk gauza batzuetan zuekin bat egin du; adibidez, zerga sisteman…

Uste dugu PSEk itxurazko oposizio bat egin nahi diola EAJri, eta horretarako gurekin halako posizioak adosteaz baliatzen dela. Baina akordio garrantzitsuak EAJrekin egingo ditu. Ikusi da EITBko zuzendaria adosterakoan.

PSErekin ezkerreko politikak aurrera eramateko itxaropenik ez duzu?

Saiatuko gara, baina PSEk ere baditu bere mugak. Sistema honen parte dira. Eta guk bestelako alternatibak ditugu. Posizio neoliberal gogorrei aurre egiteko akordioak egiten saiatu behar da, baina PSE eta gu urrun gaude.

Gizarteak eutsiko al die murrizketei?

Nik ezetz uste dut. Baina hain dira gogorrak eta ugariak jasaten ari diren kolpeak, oraindik jende ugari shock egoeran dago. Hori nahi du neoliberalismoak, neurri batean: halako kolpe gogorrak ematea behin eta berriz eta shock efektua sortzea. Euskal jendartea dinamikoa da, eta beti kalean eta borrokan egon da. Zalantzarik gabe espero dugu jendarteak parte hartzea aldaketarako borrokan, masiboki, beharko dugulako. Sortu hor egongo da, bere apaltasunean, eta saiatuko da borroka horiek bultzatzen, edo gutxienez bozgorailua jartzen.

congreso-sortu-pamplona-junta-directiva-230213-111

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s