“EGUNKARIAren ZAURIA ODOLA BAITARIO

Posted: 2013/02/20 in errepresioa

“Behar zaituztegu oraindik”

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izan dira ‘Egunkaria auziko’ auzipetuak, langile ohiak, baita hainbat arlotako eragile eta ordezkariak ere, ‘Egunkaria’-ren itxieraren urteurreneko ekitaldian. Joan Mari Torrealdaik gogorarazi du oraindik auzi ekonomikoa zabalik dagoela, eta guztion babesa eskatu du, auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte “‘Egunkaria’-ren zauriari odola baitario”.

EGUNKARIA

Gaurko egunez Egunkaria itxi zutela hamar urte direla eta, ekitaldi bat egin dute Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Naroa Iturri kazetariak egin du sarrerako agurra. Ondoren, bideo baten bidez, BERRIA TBko Lara Madinabeitia kazetariak prestatutako bideo bat izan dute ikusgai. Horretan bildu dituzte itxieraren unea, hurrengo egunetan langileek egindako lana, gizarteak erakutsitako babesa, epaiketa izan zeneko momentuak, langile ohien testigantzak, Maddalen Iriarte kazetariaren testigantza, Xabier Lekuona Egunkaria-ko zuzendariorde ohiarena… Guztiak ikusgai daude, BERRIA TBn.

Iturrik hartu du hitza berriro. “Gizarteak argi utzi du euskal gizarteak euskarazko egunkari bat behar duela”, azaldu du. Horren adierazle izan dira, haren arabera, hainbat arlotako eragileek eta gizarteak oro har urteetan adierazitako babesa. Aitor Gorosabel musikariak bi abesti kantatu ditu jarraian; lehena Bertso Berriak —Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak sortutako kanta—; bigarrena Egunkaria-ren alde ondutako abesti bat: Zu zara egunkaria

EGUNKARIA3

Torrealdai: “Gizartea pobretu zuten”

Auzi nagusia itxita egon arren auzi ekonomikoa itxi gabe dagoela gogorarazi du Iturrik —zortzi daude horretan auzipetuta—. Torrealdaik hartu du hitza, auzi horretan auzipetuta dagoenetako batek.

“Egun gogorra”. Hala izan du gogoan Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohiak, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren hamargarren urteurrena den honetan. Euskarazko egunkari bakarrik gabe uztearekin, irakurleei ez ezik, langileei ere kalte egin zietela dio. Azken horietako asko BERRIAn lanean hasteak, ordea, “ez du gutxitzen [Juan] Del Olmo epaile instruktorearen sarraskia”. Euskarari normalizazio tresna “paregabea” kendu, eta gainera gizartea “pobretu” zuten, euskarazko komunikabide baten faltan utzita.

Torrealdaik gogoan izan du, nola Egunkaria-ren itxiera probisionala izanda ere, ez zela “aztia” izan behar gertatuko zena igartzeko: “Egunkari bat ixten denean, de facto aldi baterako barik betiko ixten da”. Salatu du ixtearekin batera likidatzea ere agindu ziela epaileak: “Ondasun oro saldu eta Del Olmok berak itxierarekin eragin zituen zorrak ordaintzera behartu gintuen”. Itxi zutenean Egunkaria zorrik gabeko egunkaria zela gaineratu du.

2003ko otsailaren 20an atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta kartzelan sartu zituzten lagunak gogoratu ditu Torrealdaik. Urteak igaro badira ere, “epaiketaren edo kondenaren jirabiran bizitzera” behartu dituztela salatu du; kalean egonda ere, kontuak blokeatuta, ondasunak bahituta eta mugimenduak murriztuta bizi izan direla epaiketa bitartean. Oraindik ere bi lagun badira horrela, Torrealdaik azaldu duenez.

EGUNKARIA4

2003a, “amesgaiztoa”

“Zoritxarrez, gutako askorentzat 2003. urtea ez da historia, eguneroko amesgaiztoa baizik, bigarren epaiketaren mehatxupean baikaude”. Hala laburbildu du azken hamarkadan bizi izandakoa. Haren arabera, hamar urte eduki dituzte atzera begira, aurrera lasaitasunez so egin ezinik, baina, hala ere, “ez da hori agian itxierak izan duen kalterik txikiena”.

Guardia Zibilak egindako bigarren operatiboa ere hizpide izan du. Lehen operatiboan hamar lagun atxilotu zituzten —gehienak buruzagitzakoak—; bigarren operatiboan, zortzi —horien artean Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak, Egunkaria-ren enpresetakoak eta BERRIA Taldekoak. Torrealdaik azaldu duenez, guztira 25 lagun inkulpatu zituen Del Olmok Egunkaria auzian: “Horien artean Joxemi Zumalabe, hilda ere inputatu zuena, eta Martin Ugalde, inputatuta hil zena”.

“Gu kalean gaude, baina Egunkaria ez”. Torrealdaik nabarmendu du Egunkaria epaiketa gabe, kondena gabe itxi zutela, eta itxieratik zazpi urtera Espainiako Auzitegi Nazionaleko tribunalak “egurra” eman ziola Del Olmori —egunkaria ixtea ez zela neurri egokia izan, guztiz proportzio gabea izan zela, itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zela…—.

Hala eta guztiz ere, galdera bat bota du airera: “Nork ordainduko du egindako kaltea, kalte pertsonala, morala, ekonomikoa, linguistikoa, kulturala? Noizko erreparazioa?”. Euskarazko lehen egunkaria horrela ixteari “estigma lotsagarria” deritzo.

x-default

Auzi ekonomikoa, zabalik

Torrealdaik argi hitz egin du: “Kalte-ordainik ez dugu espero”. Gogorarazi du saiatu direla eskatzen, baina “saio ustela” izan dela. Urtarrilaren 21ean jaso zuten ezezkoa, eta iragarri du helegitea jarri dutela, “ezer lortzea zaila dela jakin arren”.

Egunkaria auzian, ordea, auzi ekonomikoa zabalik dagoela ez du ahaztu nahi izan Torrealdaik. 2010eko ekainetik Donostiako epaitegian dago. Nabarmendu du auzi nagusiaren ondoren “anaia edo ahizpa txikitzat” jo dela auzi ekonomikoa, baina zigor eskariak askoz ere handiagoak direla. Hemezortzina urte eta 31 milioi euro Ainhoa Albisuri, Iñaki Uriari, Txema Auzmendiri, Joxemari Sorsi eta Torrealdairi berari; hamahiruna urte pasa eta 25 edo 21 milioi euro, hurrenez hurren, Mikel Sorozabali eta Fernando Furundarenari; bederatzi urte pasa eta 20 milioi euro Begoña Zubelzuri. Guztira, 128 kartzela urte eta 221 milioi euroko isuna.

Hamar urteen errepasoa eginez, ordea, ez ditu soilik alderdi beltzak ikusten Torrealdaik. “Beltzaren gainean argia ikusten dugu”. Argiune horien artean aipatu ditu Egunkaria-ko jendearen jarrera, Babes Taldearen laguntza, hainbat arlotako erakunde, elkarte eta taldeak eta gizartea bera. “Zenbat eta zenbat lagun eta lagunartek eskaini digun laguntza, babesa, atxikimendua, elkartasuna, denbora eta dirua, doan, hamar urteotan. Mila-mila esker. Ez zaituztegu ahaztuko”.

“Behar zaituztegu oraindik, auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte Egunkaria-ren zauriari odola baitario”. Hala amaitu du hitzaldia.

EGUNKARIA1

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s