NEGU GORRIA

Posted: 2013/02/12 in AMA LURRA

Denboralea baretzen joango da datozen orduetan

Biharko iragarpenek diote elur maila 800-1.000 metrora igoko dela goizean, eta 1.500 metrora arratsaldean.

Euria, dena den, egingo du.  

Gaur Gasteizen eta Nafarroa iparraldean gogoz egin du elurra, eta mendate ugari itxi dituzte, edo kateak behar dituzte ibilgailuek. Gipuzkoa barnealdea ere zuritu du. Bizkaian, ibai askok gainezka egin dute.

ELURRA

Azken orduetako denboraleak kalte ugari sortu ditu errepideetan, eta gainezka egiteraino bete ditu hainbat ibai. 30.000 bat etxebizitza argindarrik gabe gelditu dira, gainera; Legution, Murgian (Araba), Aretxabaletan, Oñatin, Beasainen eta Urretxun (Gipuzkoa) eten da argindarraren hornidura, besteak beste. Pixkanaka berreskuratzen joan dira gehienak. Eusko Jaurlaritzako larrialdi mahaia elkartu da goizean, eta uholde arriskuei aurre egiteko plana aktibatu du. 

Araban, elur asko bota du gauean, eta 10-15 zentimetroko elur geruza osatu da. Hiriko hainbat gune kolapsatu egin dira. Tranbia geldirik egon da 13:45 arte. Hiri erdigunean, berriz, zirkulazio arazoak sortu dira, elurrarengatik. Sei portu itxi dituzte Araban, elurrarengatik: Barrerilla, Kurtzeta, Opakua, Orduña, Bernedo eta Herrero.

Nafarroan, bigarren mailako errepideetan izan dute arazo gehien. Zortzi mendate itxi dituzte: Artesiaga, Belagua, Lazar, Meano, Aralarko San Migel, Urbasa, Urkiaga eta Zurizako errepidea. Beste 11 mendatetan kateak jarri behar izan dizkiete ibilgailuei, pasatzeko. Horiez gain, Bideko Autobidea ere moztu dute goizean, Lizarra eta Los Arcos artean. Errepidetik elurra kentzeko 106 makina lanean jarri dira.

Pirinioetako herrietan botatako elurrak, berriz, kezka sortu du; hamaseigarren egunez jarraian egin du elurra, Orreagan, esaterako, eta elur geruza handiak osatu dira. Iruñean ere elurra egin du, nahiz eta aparteko arazorik ez duen sortu.

Elurra Gasteizen.

Gipuzkoan arazo gutxiago izan dituzte, baina izan dira han ere. Renfeko aldirietako trenak atzerapenaren aritu dira, eta eten egin dute Beasain eta Brinkola arteko zerbitzua, zuhaitz bat erori delako trenbidera. Mondragon Unibertsitateko UHEZIko fakultatean ez dute gaur klaserik izan, ez Eskoriatzan ezta Aretxabaletan ere.

Bidaniako, Leintz-Gatzagako, Otzaurteko eta Urrakiko portuak itxita egon dira elurragatik. Etxegarateko mendatea itxi egin dute, eta Gipuzkoatik Arabara joateko beste errepide batzuk erabiltzeko eskatu dute bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak. Arratsaldeko lehen orduan zabaldu dute. Eta luizi handi bat izan da Azkoitiko Martite auzoan; 30 baserri bakartuta utzi ditu.

Bizkaian, euriarekin izan dute arazo gehien. Lehendik beteak zetozen hainbat ibai eta erreka irten dira bidetik: Asuak, Butroek, Cadaguak, Artibaik eta Ibaizabalek gainezka egin dute, eta hala egiteko zorian egon dira beste hainbeste. Bilbon, Nerbioi hainbat auzotan atera da, Zorrotzaurren, Elorrietan eta San Ignazion, esaterako.

Elurrak, berriz, AP-68 errepidean arazo dezente eragin ditu Bilbo eta Gasteiz artean, Altubeko gainean. Barazarko portua ere itxi egin dute. Diman, Bikotzganen, Kanpazarren eta Urkiolan ere ezin dira pasatu ibilgailuak.

Ipar Euskal Herrian, alerta eman dute haize ufadengatik. Argindarrik gabe geratu dira hainbat lekutan. Baionan, urak hartu ditu zenbait kale atzo gauaz geroztik, Aturri ibaiak gainezka eginda. Ziburun, berriz, 400 bat etxetan galdu dute argindarra.

ELURRAAA

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s