HAURREN ESKUBIDEEN AURKAKOA

Posted: 2013/02/09 in HEZKUNTZA

EUSKARA3Haurreskolak partzuergoan hizkuntz eredua aldatzearen aurka egin dute eragileek

 

Eusko Legebiltzarraren proposamena salatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek, eta kritikatu egin dute EAJren jarrera

Kezkatuta eta harrituta. ELAk, LABek eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak halaxe hartu dute Haurreskolak partzuergoan gaztelania gehiago erabiltzeko proposamena. Eusko Legebiltzarrak egin dio eskari hori Jaurlaritzari. Euskararen normalizazioaren aurkako eraso larritzat jo dute hiru eragileek, eta EAJk proposamena babestea kritikatu dute. Eskaria aintzat ez hartzea galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta Haurreskolak partzuergoari.

EAJk, PPk eta UPDk babestu zuten, herenegun, asmoa. Zera eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari: «Haurreskolak partzuergoko hizkuntza proiektuan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen tratamendua behar bezainbeste txertatzeko». Hizkuntzen trataera horrek umeen ama hizkuntza errespetatu behar duela gaineratzen du testuak.

Euskararen aurkako «eraso bortitza» da eskaria, ELAren ustez. «Haurreskolak partzuergoak beti garatu du bere proiektu pedagogikoa haurren ama hizkuntza errespetatuz, eta kontuan hartutuz euskararen normalizazioan ere baduela zeresana. Orain arteko ereduak ahalbidetu du normalizazioan aurrerapausoak ematea, eta horri eustearen aldekoak gara», adierazi du Idurre Salegik, sindikatuko ordezkariak.

ELAk gogorarazi du egoera zailean dagoela euskara, eta adierazi du euskararen aldeko diskriminazio positiboak ahalbidetuko duela normalizazioa. Hori dela eta, eskaria ez betetzeko eskatu die Haurreskolak partzuergoari eta Jaurlaritzari. «Kontuan hartzea oso larria litzateke, eta hala egiten badute, aurrean izango gaituzte. Gure erantzuna mobilizazioa izango da». Gizarte osoari egingo diote deia. «Denen artean babestu behar dugu euskara».

 

EUSKARA2

EAJren jarrerarekin oso kritiko agertu da LAB sindikatua. Lorea Igartua: «Horren atzean beste zerbaitek egon behar du. Aurrekontuen onarpena gertu dago, eta agian hor dago EAJren aldeko botoaren arrazoietako bat».

Eskari horrekin, praktikan, Espainiako Gobernuak ezarri asmo duen hezkuntza erreforma aplikatzen dela iritzi dio sindikatuak. «Gaztelania inposatu nahi dute, euskararen kaltetan. Gure apustua gutiz kontrakoa da. Herritar eleanitzez osatutako Euskal Herri euskaldun bat eraiki nahi dugu».

Ez zegoen lekuan arazo bat sortzea egotzi die Igartuak hiru alderdiei. «Gurasoen aldetik ez da sekula kexarik egon hizkuntzaren inguruan, eta egitasmoarekin, eztabaidaren erdigunean kokatu nahi izan dute. Bien bitartean, alde batera utzi dituzte haur eskolek dituzten benetako arazoak. Horiek konpontzeko exijitzen diegu guk, eztabaida faltsuak alde batera utzita».

Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, LABek elkarretaratzeak egingo ditu etzi, 18:00etan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Donostian, Gasteizen eta Bilbon dituen ordezkaritzen aurrean. Haur eskolen gainetik ez dira pasako! Haur eskolak, unibertsalak, doakoak, euskaldunak eta kalitatezkoak nahi ditugu! izango da protestaren leloa.

Haurren eskubideen aurkakoa

Eusko Legebiltzarraren osaketa berriarekin euskararen normalizazioaren alde pauso eraginkorrak emateko aukera ikusten zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Itxaropen hori azaldu zuen, behintzat, herenegun, iazko jardueraren urtekaria azaltzerakoan. «Hori esan, eta lehen erabakia guztiz kontrakoa izan da. Oso kezgarria eta harrigarria da», adierazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Proposamenak haurren hizkuntza eskubideak urratzen dituela esan du: «Horrelako neurrien bitartez euskara —beren herriko berezko hizkuntza— ezagutzea ukatzen zaie haurrei. Elkarbizitza zapuzten dute, gainera».

Hezkuntza «jomugan» jartzea leporatu die. «Wertek bere hezkuntza erreforma aurkeztu zuenean, esan genuen euskararen aurkako erasoa zela, eta horren aurrean harresi bat eraiki behar genuela gure hizkuntza babesteko. Egin dutena horren aurkakoa izan da, eta oso erabaki larria da hizkuntzaren normalizaziorako».

Horren aurrean politika «ausartak eta eraginkorrak» ezartzeko eskatu ditu Bilbaok. «Hizkuntz politikak berriz pentsatu behar dira, eta haur eskolen inguruan egin asmo dutena ez da bidea».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s