ATZO, BERTSO EGUNA

Posted: 2013/01/27 in kultura

Umorez begiratuta: zer krisi?

 

Umorea era guztietako krisiei aurre egiteko ariketa bikaina dela erakutsi zuen atzo Bertso Egunak, Donostiako Kursaala bete zuten 1.500 entzuleen aurrean.

‘Let it be’-ren doinuan ‘Zer krisi?’ kantatzen irten ziren denak.


 

Krisiari umorez aurre egin behar baldin bazaio, bertsolaritzaren kasuan are gehiago. Batetik, umorea bertsolaritzaren ezinbesteko zutabeetako bat izan delako beti; bestetik, bertsolaritza bera ez dagoelako krisian; ez sorkuntzaren aldetik, eta ez entzuleei dagokienez. Atzokoa da horren froga: azken urteetako ohiturari jarraituz, Kursaaleko areto nagusia —1.500 besaulki dituena— bertsozalez betea zen Bertso Eguneko saioan, nahiz eta sartzeko «18 eurazo» ordaindu behar ziren, Aitzol Barandiaranek eta Iñaki Gurrutxagak saioaren amaieran gogorarazi zuten bezala.

Azkeneko saio horretan, The Beatles taldeko kide balira bezala jantzita sartu ziren jende artean Barandiaran eta Gurrutxaga —alkandora txuriz eta txaleko eta txaketa beltzez—, eta The Beatlesen kantu ezagunen doinuetan eman zituzten umorezko bertso jarriak, Gurrutxagak gitarra elektrikoarekin lagunduak. Bertsolarien adinaren eta jubilazioaren inguruko kontuak astindu ondoren, doinutegia berritzeko Juanito Dorronsorok aspaldi egindako doinu bilduma lodiari hautsa kendu beharra dagoela aldarrikatu zuten. Eta, amaitzeko, The Beatlesen Lei it be ospetsua Zer krisi? bihurtu zuten, krisirik ez dagoela erakusten duten datu ukaezinak aipatuz, hala nola polizia lanpostuen ugaritasuna, AHTaren obren aurrerapen etengabeak, Agirretxek Realeko futbol jokalariak Bartzelonari sartutako gola edo han ziren entzuleetako bakoitzak sarreragatik ordaindutako 18 eurazoak: «18 eurazo: zer krisi?».

 

BERTSO

Kalera, ‘Zer krisi?’ kantatzen

Amaiera fresko, alai eta bizia eman zioten Barandiaranek eta Gurrutxagak saioari, entzuleak Kursaaletik irribarrez aterarazi zituena, Zer krisi? kantatzen. Horretarako lagungarri izan zen saioaren azken partean izandako agerraldi batzuen maila handia ere. Esaterako, Uxue Alberdik tentazioari hiru bertso ondo beteak kantatuz egin zuena, «halakorik ez duenak / zahartu egin den seinale» esanez amaieran. Xabier Lizaso pianistak eta Andoni Egañak ere txalo zaparrada handia jaso zuten, bien Bi arreba ikuskizuneko bertso jarri batzuk emanez, Egañak bere arreba Arantzari jarritakoak. Aurreraxeago, Andoni Egaña eta Jon Maia bikain moldatu ziren aspaldi elkar besarkatuta eta orain elkarri bizkarra emanda lo egiten duten bi bikotekideren roletan sartuta.

Azken txanpa txalotu hori bitarteko bidea motelagoa izan zen oro har, baina izan ziren distira handiko uneak ere, hala nola Eneko Lazkozi eta Jexux Mari Irazuri gai-jartzaileak agerraldi osoan doinu bera bi bider ez erabiltzeko eskatu zienekoa. Azkenean, bertso berean doinuak nahasten bukatu zuten bi bertsolariek, txalo zaparrada handi baten erdian. Gai-jartzaileak Maialen Lujanbio, Ander Solozabal eta Igor Elortza bizikleta banaren alboan kokatu zituenekoak ere harrera ona izan zuen. Paseokoa egokitu zitzaion Lujanbiori, monozikloa Solozabali eta estatikoa Elortzari. Konforme agertu zen Elortza, esanez mundua bera mugitzen dela nahikoa, eta Lujanbiok argitasun handia erakutsi zuen bere aldamenekoak Armstrong izendatuz: «amerikanoa» bata, «ilargikoa» bestea.

Bertsolari ezagunekin batera, atzokoaren tankerako plazetan gutxitan agertu ohi direnak ikusi ziren atzo oholtzan, hala nola Eneko Lazkoz, Ander Solozabal, Ramuntxo Christy, adibidez. Urduritasuna igarri zitzaien, baina txukun aritu ziren agerraldi gehienetan. Umorea erakutsi zuten haiek ere. Gai-jartzaileak oholtza gainean agertu gabe eman zituen atzo aginduak, off-ean; krisiaren ondorio ote zen esan zuen, bertsotan, Christyk; Lazkozek, aldiz, gai-jartzailea emandako gaiek lotsarazi zutelako susmoa agertu zuen, ironiaz.

Haatik dantza taldeko kideek ere txaloak jaso zituzten Errimak oinetan emanaldiko zati bat erakutsi eta gero, eta baita Abarka antzerki taldeko kideek ere oholtza gaineko beren agerraldi laburrengatik.

Saioa amaitu ostean, elkarrekin afaltzera joan ziren 18 ordez 45 eurazo ordaindu zuten bertsozaleak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s