MUÑOZ IDAZKARI NAGUSI IZENDATUTA

Posted: 2013/01/24 in EUSKAL SINDIKATUAK

Muñoz: “Desobedientzia ekintzak eskatzen ditu subiranotasunak”

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusi izendatu dute sindikatuaren XIII. Kongresuan, delegatuen %89,8ren babesa jasota.

Euskal Herriko sindikatuetako ordezkariek ere hitza hartu dute.

20130124_txiki_mun_oz

 

ELAko ordezkarien %89,8ren babesa jasota izendatu dute Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusi, berriro ere. 635 boto jaso ditu alde Muñozek; 50 kontra (%7,07), eta 21ek bozkatu dute zuri (%2,9). Ordezkarien %91ren babesa jaso zuen Muñozek 2008ko kongresuan.

Izendatua izan ondorengo hitzaldian, desobedientziaren eta sindikatuaren autonomiaren alde mintzatu da Muñoz. Ohartarazi du Eusko Legebiltzarrean gehiengo abertzalea dagoela, baina hori ez dela ezertan gauzatzen. Horren harira, esan du subiranotasunak “desobedientzia ekintzak” eskatzen dituela eta alor sozialak aukerak ematen dituela horretarako. Nafarroako Gobernuaz, berriz, “ezer” ez duela espero azaldu du: “Soilik espero dugu amesgaizto hau amaitzea”.

Sindikatuaren autonomiaz, ordea, adierazi du ez duela irudikatzen herri bat “non erakundeek eta alderdiek erabakiak hartzen dituzten eta sindikatua isilik geratzen den”. Gaineratu du ELAko kideek nahi dutena euren interesak defendatzea dela, alderdi politikoen gainetik.

ELA

Goizean, onarpen eta zuzenketak

Onarpen eta zuzenketak egiteko goiza izan da gaurkoa ELAren XIII. Kongresuan. Atzo azken lau urteetako kudeaketa aho batez babestu ondoren, aurrera begira jorratu beharreko lan ildoak zehaztu dituzte Bilboko Euskalduna jauregian. Batzorde Eragileak landu duen ponentzia aho batez onartu dute 736 delegatuek, baita aurkeztu diren bederatzi ebazpen proposamenak ere. “Kongresu lasaia” izaten ari dela onartu dute sindikatuko ordezkariek.

Goizean zehar, Euskal Herriko beste sindikatu batzuetako ordezkariek ere hartu dute hitza. Horien artean, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan du bi sindikatuen esku dagoela akordio bat lorteko erabakiak lortzea. “Borrokak beti egiten du akordioa posible. Beraz, borroka dagoen bitartean akordioa egongo da”, esan du ELAko delegatuen txalo artean. Gehiengo sindikalarekin hasitako bidea —nahiz eta hautsita dagoen—, “hasiera bakarrik” dela esan du Etxaidek, eta aurrerantzean urrats asko emango direla. “Langileen klasea defendatzean dago aliantza aukera bakarra”.

Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko idazkari nagusiak ere aliantzaren beharra azpimarratu du: “Ezin gara isolatuta bizi”. Panpi Saint Marie ELB sindikatuko kideak ere ELArekin batera lan egiten jarraituko dutela esan du: “Frente berdinean, lubaki ezberdinean borrokatuko dugu”. Horrez gain, kontraerasora jotzeko gai izan behar dela aldarrikatu du.

Josu Balmaseda ESKko idazkari nagusiak ere hitza hartu duenean, eta “etengabeko borroka” egitearen alde hitz egin du. “Urte erabakigarriak dira hauek, bakoitzak bere ikuspegitik, batera borrokatu beharko dugu”. EHNE Bizkaiako Iñaki Vigiolak elikadura subiranotasunaren alde lan egiteko deia egin du, eskolako jantokietatik hasita. Eilas sindikatuko Camino Sainzek, azkenik, justizia sozialaren bila jo behar dela aldarrikatu du. Horretarako, “murrizketen aurka kalera atera” behar dela esan du.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s