XUBAN NAFARRATEren SALAKETA ARTXIBATUTA

Posted: 2013/01/23 in errepresioa

Nafarratek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa artxibatu dute

Gasteizko epaitegiak dio Xuban Nafarrate ez zuela gomazko pilota batek zauritu, eta eroriko baten ondorioz hartu zuela min

Gaztearen sendia «minduta» dago, eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du

 

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak artxibatu egin du Xuban Nafarrate gaztearen sendiak Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa. Epailearen ustez, Nafarratek iazko martxoaren 29ko greba orokorrean buruan egindako zauriak ez zituen gomazko pilotakada batek eragin. Haren arabera, ertzainengandik ihesi zihoala «estropezu» egin eta erori egin zen ikastetxe bateko hesi bat gainditzen saiatu zenean. Gainera, Nafarrate bera eta beste bi lagun auzipetu egin ditu, desobedientzia delitua egotzita.

Horiek hala, epaileak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hasieratik emandako bertsioa. Joan den apirilean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak adierazi zuen gazte gasteiztarra ez zuela pilotakada batek zauritu. Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman zituen Aresek, eta Ertzaintzaren bertsioari eutsita, azaldu zuen ertzainek ez zutela gomazko pilotarik jaurti eta Nafarrate «erori» egin zela eta buruarekin lurra jo zuela.

xuban

Epaileak auzia artxibatzeko hartutako erabakia Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du bere webgunean, ohar baten bidez. Oharrak dioenez, «aurkeztutako froga guztiak» eta «aldeen deklarazioak» aztertu ondoren erabaki du Nafarratek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa atzera botatzea eta auzia artxibatzea.

Nafarrateren sendia, ordea, ez dago ados ebazpenarekin, eta helegitea jarriko diola iragarri du. Semeak duela urtebete izandako zauri larriak ertzainen gomazko pilotakada baten ondorio izan zirela «oso garbi» duela berretsi dio BERRIAri haren aitak, Joseba Nafarratek. «Ez gaude ados erabakiarekin, eta aurrera jarraituko dugu. Helegitea aurkeztuko dugu, eta ikusiko dugu noraino iristen den auzi hau». Epaiaren jakinarazpen ofizialik ez du jaso oraindik gaztearen familiak, eta hori izan arte ez du abian jarriko prozedura. Behin autoa jasotzen duenean, bost eguneko epea izango du errekurtsoa aurkezteko.

Auziaren artxiboa ez zuela espero adierazi dio egunkari honi Nafarrateren aitak. «Ez geneukan itxaropen handirik, baina pentsatzen genuen gauzak beste modu batera joango zirela». Hargatik, kezkatuta mintzatu da: «Minduta eta triste gaude ebazpenarekin». Hala ere, aitortu du auzi-medikuaren txostena ikusi zutenean susmo txarra hartu zuela: «Auzi medikuak bi lerrotan esan zuen ez zela pilotakada bat izan, baina ez zuen inolako daturik eman. Harrituta geratu nintzen. Guk, ordea, mediku txosten oso sakona, teknikoa eta luzea aurkeztu genuen».

 

xuban_1

Sei egun ospitalean

Iazko apirilean Ertzaintzaren aurka jarritako salaketarekin batera aurkeztu zuen familiak txosten mediko hori, baita lekukoen eta osasun zerbitzuetako langileen adierazpenak ere. Nafarrate Santiago ospitalera eraman zuen anbulantziako txosten medikoak zioen gazteari eraso ziotela eta horren ondorioz amnesia zuela. Larrialdietarako txostenak konortea galdua zuela ere bazioen. Izan ere, gaztea zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan zuten, larri, eta sei egun igaro zituen ospitalean: kolpe gogorra zuen buruko ezkerraldeko hezur parietalean, belarri ondoan.

Bi bideo ere aurkeztu zituzten epaitegian, martxoaren 29ko greba egunean ertzainek jaurtiriko gomazko pilota batek Nafarrate buruan jo zuela frogatzeko. Zenbait auzokidek grabatu zituzten bideoak, eta horietan ikus zitekeen pilotakada baten ondorioz lurrera erori zela gaztea, eta ez zela zauritu ertzainengandik ihesi zihoala espaloi ertz batekin kolpea hartu zuelako. Bideoetako irudietan ikus zitekeen ertzain batengandik ihesi zihoala kale bat gurutzatu zuela gazteak, eta pareko espaloira iristerakoan, pilotakada baten hotsa entzun eta gero, segituan lurrera zerraldo erortzen zela. Bideo horiek Eusko Legebiltzarrean erakutsi zituen gaztearen aitak.

30-11504742_1

30-11504742_1Froga horietan eta lekukoen testigantzetan oinarrituta salatu zuen Ertzaintza Nafarrateren familiak. Gaztearen aitak, baina, ez daki epaileak froga horiek aztertu dituen edo ez, ezta auzia behar bezala ikertu duen ere. Haserre dago prozedura judiziala egin den moduarengatik, eta Ertzaintzaren aurkako akusazioak nahiko oinarri baduela dio: «Gure bertsioa argia da, frogak hor daude, lekukotasunak, bideoak….».

Familiak iaz jarritako salaketak zioen gaztea greba egunean beste lagun batzuekin zegoela Gasteizko Ekialde institutuan, Juan XIII.a kalean, eta ertzainak agertu zirela. Salaketaren arabera, «jotzeko asmoa zuen» ertzain bat jarraika hasi zitzaion gazteari, eta hark lasterketari ekin zionean, metro batzuetara zegoen beste ertzain baten pilotakada jaso zuen buruan. 19 urteko gazteak hamabost minutu egin zituen lurrean, espasmoekin eta konbultsioekin, anbulantzia iritsi aurretik. Konortea ia galduta zuela, ertzainek kolpatu egin zutela eta alboko hormaren kontra bultzatu zutela zioen salaketak.

Herrizaingo Sailak, ostera, tinko eutsi zion bertsio ofizialari une oro, eta faltsutzat jo zituen gaztearen eta lekukoen testigantzak. Bi kontu nabarmendu zituen Aresek bere iritzia defendatzeko. Batetik, esan zuen ertzainek martxoaren 29an gomazko pilotarik ez zutela jaurti eta egin zuten tiro bakarra pilotarik gabekoa izan zela. Bestalde, tiro hori Nafarrateri bizkarra emanda zegoen ertzainak egin zuela adierazi zuen.

Herrizaingo Sailari gezurretan aritzea leporatu zion orduan Nafarrateren aitak, eta gaur-gaurkoz ere uste du bertsio horrek «kontraesanak» dituela, argudioak maiz aldatu dituelako. Horren kontra bere bertsioa defenditzen jarraituko duela esan du: «Guk nahi dugu gizarteak gure bertsioa jakin dezan, eta zerbait lortzen badugu, hobe».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s