“DEN-DENAK ETXERA EKARRI ARTE”

Posted: 2013/01/13 in Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Hain urrun eta hain gertu

 

 

EUSKAL PRESOAK5

Kartzelan senide bat daukatenentzat, atzokoa ez zen beste manifestazio bat izan, huts egin ezineko hitzordua baizik; horietako askok larunbatetako bisitaldiari uko egin zioten Bilboko mobilizazioan egon ahal izateko.

 

Bikotekidea larri gaixorik eta Euskal Herritik ehunka kilometrora. Alaba eta suhia kartzela banatan. Bi senide erbestean. Neba espetxean, Parot doktrina deritzotenaren ondorioz zigorra bizitza osorako luzatuta. Bilboko manifestazioa zabaldu duten mila bat senideren bizipenetan murgiltzea oinazeen inbentarioa egitea bezalakoa da. Haientzat, urtarrilaren 12koa ez da beste mobilizazio bat izan; Bilbon egon behar zuten, eta Bilbon egon dira, urrun daudenak gogoan, eta zegokien bisitaldiari uko eginda horietako asko.

Asun Aranburu Irungoa da (Gipuzkoa), eta kartzelan du senarra. Iaz ere Bilboko manifestazioan egon zen, eta «hunkigarria» izan zela gogoratzen du: «Horrelakoetan, denok sentimendu berarekin gaudela ikusten da, eta jendearen elkartasuna sentitzen duzu».

Baina, aldi berean, ezin du ezkutatu Espainia eta Frantziako gobernuen jarrerak sortu zion zaputzaldia: «Manifestazio haren ondoren sekulako ilusioa genuen, baina ikusi genuen hilabeteak pasa zirela eta ez zela ezer gertatu. Beheraldi handia izan zen hura. Berdin gaude, edo okerrago; kartzelan behintzat okerrago daude gauzak».

Haren ustez, «gobernuak prest daude urtean behin manifestazio erraldoi bat jasateko». Horregatik, «hemen dagoen indar eta ilusio hori urte osoan bideratzeko zerbait gehiago» egin beharko litzatekeelakoan dago.

 

FAMILIA
Esperantza, «beti»

Idoia Mujikak ere ez du gauza handirik espero Espainia eta Frantziako gobernuetatik. Eta, hala ere, itxaropentsu dago: «Esperantza beti dugu. Gatazka hau oso luzea izan da, eta bukatu beharko du egunen batean».

Iñaki Erro preso nafarraren neskalaguna da Mujika. Nahiz eta 2011tik zigorra betea izan eta gaixotasun larria pairatu, Almeriako kartzelan (Espainia) preso dute. «Bere gaixotasunetik hobeto dago, baina bahituta segitzen du, bere eskubideak urratuta. Bi seme ditugu, eta oso zaila da haiei azaltzea zergatik beren aita ez dagoen etxean».

Senideentzat «arnasa hartzea bezalakoa» da Bilboko manifestazioa, Mujikaren esanetan. «Hemen dagoen elkartasuna guretzat izugarria da. Espero dugu hemen dauden milaka herritarrek bihar ere lanean segitzea. Indar hau ezin da alferrik galdu. Herri eta auzoetan lanean jarraitu behar dugu ezinbestez».

Larunbata izaki, bisitaldi eguna izan da atzokoa kartzela askotan. Baina euskal presoek ez dute bisitarik izan. Uko egin diote horri, Bilboko manifestazioa indartzeko asmoz. Senideek ere, urrun daudenak gertu egon daitezen, behingoagatik Frantzia eta Espainiako errepideak utzi eta Bilbora jo dute. Hori da, esaterako, Trapagarango (Bizkaia) Maria Victoria Casadoren kasua. Oskar Calabozoren ama da Casado, eta Kordoban (Espainia) du semea: «Gaur [atzo] hemen egon behar genuen. Hemen egotea bisita baino garrantzitsuagoa da, hau denak etxera ekartzeko beste pauso bat delako».

Casadok ez du dudarik egiten: «Den-denak etxera ekarriko ditugu. Horrelako mobilizazioak egingo ditugu urtero, edo sei hilabetean behin, edo hilero, den-denak etxera ekarri arte. Aterako dira, ziur».

BILBO5

Espainian zehar egindako bidaia ugarietan, madrildar batzuen oso lagun bilakatu da Casado. Madrildar horiek ere manifestazioan egon dira, autobusean etorrita. «Ilusioa dugu, jendearen erantzuna ikusten dugulako». Haserre dago gobernuen erantzunik ezarekin: «Azkazala eskatzen zuten, besoa ere eman diete, eta, hala ere, ez dute urrats txikienik ere egin. Alderantziz: kartzelan, inoiz baino zapalduago daude. Eskubide guztiak kendu dizkiete».

Kanbotik (Lapurdi) iritsi da Jeanine Beyrie, Lorentxa Beyrie euskal presoaren ama. Suhia ere espetxean du. Atzo bertan mintzatu zen alabarekin: «Zera erran dit: ‘Ama, asko izanen zarete, eta guk jakinen dugu ez garela bakarrik eta ez garela ahaztuak’. Inguruan dugun jendeak argi erraten digu gure presoak ez direla gaiztaginak, militanteak baizik».

 

atzo
Bi preso aske

Espainiako kartzeletan bi euskal preso gutxiago zeudela abiatu zen Bilboko manifestazioa. 09:00 aldera aske gelditu zen Markel Ormazabal, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen kontra abian jarritako auzia dela-eta atxilotu eta espetxeratua. Sei urteko espetxe zigorra bete ostean gelditu da libre. Bilboko Esperantza frontoian atxilotu zituzten gazteetatik hura zen kartzelan gelditzen zen bakarra.

Ocañako kartzelatik (Toledo, Espainia) irten ondoren, Madrilera abiatu dira Ormazabal eta haren lagunak, Vallecas auzora hain zuzen, eta han lehenengo harrera egin diote Madrilgo lagunek eta Yesca gazte erakundeko kideek. Geroago, Euskal Herrirako bidea hartu dute, Herrira-k antolatutako manifestaziora iristeko denborarik gabe baina «Bilbon egongo diren guztiak gogoan», Ormazabalek adierazi duenez.

Aspalditik espero zen Ormazabalen askatasuna. Liher Rodriguez Aretxabaleta preso bizkaitarrarena, aldiz, ezustean iritsi da. Bermepeko askatasuna ezarri dio epaileak, eta, diru bermea ordainduta, libre atera da Ocañako espetxetik.

 

 

BILBO4

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s