EZ DITUGU INOIZ ABANDONATUKO!

Posted: 2013/01/12 in Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Presoekin

ETXERAMilaka Bilbon ibiliko direnekin nolaz euskaldun batek ez dezake bat egin? Baionako bilaldi handiaren jarraian berriro eskutik hartzen gaitu aktualitateak. Kaleetan zutik ibiliko den herriak harresien apurtzea lortuko duela, denok bihotzean dugun itxaropena da. Badakigu, hargatik, Jeriko hiriaren inguruan bezala egunak eta egunak iragan beharko direla zerbait lortu arte. Josue batek eguzkiaren geldiaraztea lortuko al du? Espainol nazionalisten eta frantses jakobino integristen artean zirriturik kokatuko al da?

Gazteria zintzo bat bere bizia barrotei begira higatzen ari da, zahartzen ari dira gaixotasun eta buru nahaste eta bizi itotze aginduek leherturik. Min dugu denok hori jakinez. Badakigu ere maiz torturapean lortu informazioek, maiz gezurrezkoek, horretaratu dituztela. Badakigu ere duintasunez ibili zirela, salaketarik egin gabe, euskal mundu berri zuzen baten esperantzan, munduko askatasunaren borroka guztiekin bat eginez. Entzun genituen hainbat akusatze, manipulatuak zirela, inozoak zirela, gogoeta eskasez ibilki… batzuetan bai, batzuetan ez. Ikusi ditugu, gerra baten soldadu presoak zirela aldarrikatzen zutela epaile trufari batzuen aurrean, Pariseko auzitegi doratuetan fiskal ahalkegarri batzuen irainak jasanez.

Min dugu eta aterabideak urruti direla sentitzeak mina areagotzen du. Bederen, jakin dezatela beren zuloetatik bat egiten gaituztela gure herriaren bizi nahiaren sua piztuz eta ez ditugula inoiz abandonatuko.

Lucien Etxezaharreta

Puzzlea

Politikari guztiak gela batean itxiko nituzke, eta handik irteten utzi ez, harik eta arazorik gordinenei irtenbidea emateko gauza diren arte». Horrelako esaldiak behin baino gehiagotan entzun izan dizkiegu herritarrei. Sofistikatu egingo nuke nik mehatxua. Puzzle handi bat osatzen jarriko nituzke guztiak gela berean, eta bukatu arte irteera galarazi.

ETXERA

Puzzle handiak egiteko ohitura duenak badaki une askotan bere burua amorratzen sumatuko duela, beroaldi batean ekin ziolako. Lan handia eskatzen du; ordu asko; txikikeria askori erreparatu beharra. Bere baitan agortzen den lana dirudi, gainera. Ez du «ezertarako» balio. Ez dituzu zeure eta lagunen etxeen paretak puzzlez beteko! Halatsu sumatzen ditut politikari asko joan den aste hauetan presoen arazoarekiko. Presoena beste norbaiti dagokion afera bailitzan. Gizartearen antolaketarekin zuzeneko zerikusirik ez duen zerbait balitz bezala. Konponduko balitz hobe, baina arriskatzeko eta norberetik zerbait jartzeko prestutasun urriaz.

Puzzle handiak egiteko ohitura duenak badaki helburuak hainbat balio duela osatzerakoan gainditutako zailtasunek, beste zernahi lanetarako ere irakasgaiak eskaintzen dizkiotela. Zaildu egingo da zailtasunei aurre egiteko; temosotasunaren alderdirik onenak deskubrituko ditu; luzerako hauspoa izateak zenbat balio duen frogatuko du. Presoen kontuan ere, arazo bat badagoela ukatzen duenak ez du herri hau ezagutzen, eta herri honengan nekez eragingo du politikan ez ezagutzatik. Arazo bat badela onartuarren gauzak berez konponduko direla uste duenak, berriz, bere burua engainatzen du, eta egonean goxo egoteko eskubide osoa badu ere, presoak dauden bezala dauden artean herri honek aurrera nekez egingo duela jakin behar luke.

Ertzetatik hasi behar da puzzleak osatzen. Gunekoa ahalik eta bizkorren ikusteko tentazioa oso da humanoa, baina pazientzia behar da, eta lan-metodoa. Ertzak bereizi behar dira lehenik beste hainbat piezaren artean, nabarmenenak haiexek direlako eta anabasa betean nondik ekina eskaintzen digutelako. Gaixotasun larriak dituzten presoak etxeratu; urrun eta sakabanaturik daudenak etxera hurbildu; legez kondena betea dutenak kalean utzi aske. Horiek dira ertzak. Hortik has daiteke zerbait konpontzen. Ertz horiek dira gaurko manifestaziorako pankartaren leloak. Ertz horiek ikusten ez dituenak ez du puzzlea osatzeko asmorik ere.

Hortik aurrerako zailtasunak handiagoak dira. Osatu duzu puzzlearen jirakoa, baina artean ehunka pieza dauzkazu dantzan, denak berdinak lehen begi-kolpera. Ez dakizu nondik ekin berriz ere. Baina halako batean harrapatuko duzu espero ez zenuen bide bat, eta erdiko piezaren batzuk jartzen hasiko zara. Preso guztiak aldi berean eta dekretuz ez direla irtengo ematen du. Ez da ikusten gaur-gaurkotik guztiak kalean egon daitezkeenik ere. Baina noizbait moduak eta epeak negoziatu beharko dira, batzuk aitzakietan eta besteak arrazoietan oinarrituko badira ere.

ETXERA

Puzzlea osatzeko une honetan, erdiko pieza horien nahaste-borrastean kaxako marrazkiari begiratu eta piezaz pieza non zein den begiratzea ez da metodorik eraginkorrena. Erotu egingo ginateke, eta bista galdu. Presoen kontuan ere, komeniko litzateke alderdi bakoitzak bere ohiko ereduei uko egin eta bestelako sentiberatasuna azaltzea. Urrats bakar bat egiteko ere bakoitza bere ereduari begira-begira badago, itsutu egingo da, eta ez aurrera ez atzera geratuko.

Koloreak askotan ematen du pista erabakigarria. Pieza mordoxka bat argixeagoa dela ohartuko zara, eta beste bat ilunxeagoa. Eta kolore desberdintasun hori gertatuko zaizu lagungarri. Presoen kontuan ere halatsu. Gaurko manifestazioko aldarrikapenak kolore askotakoek onartzeko modukoak dira. Bakarrekoak baino ez hurbiltzeak ez lioke lagunduko batere helburuari.

Ekin zenion puzzleari. Osatu zenituen ertzak. Topatu zenuen argi-izpiren bat gunerantz jotzeko. Erabaki zenuen ez zenuela marrazki-eredura joko derrigor. Koloreak lagungarri gertatu zitzaizkizun gero. Eta une horretan buruek duten garrantziaz jabetuko zara. Pieza bakoitza zeini itsatsi jakiterakoan buruak dira giltzarri. Handiagoa, txikiagoa, zut-zutik dagoena, ezkerretara etzana, eskuinetara amildua… Hemen amaitzen dira paralelismoak. Espero izatekoa da manifestazioan ez horrelakorik gertatzea. Buruak buru, jeltzale dezente izango da Bilboko kaleetan.

Andoni Egaña

 

Bizitzeko

ETXERAGezurra ematen du nola lan egiten dugun lantoki beretan; nola oihukatzen ditugun golak elkarrekin; nola partekatzen ditugun haur parkeak; nola gabiltzan batera saldoan, merkealdian. Gezurra ematen du nola ospatu dugun Urteberria, eta nola gauden sansebastianen eta inauterien zain; nola joaten garen eskiatzera, kontzertuetara, maskaradetara, mendi maratoietara, ile apaindegira; nola egiten dugun algara, nola maitemintzen garen, nola pozten, nola preziatzen dugun bizitza. Izan ere, hain da handia mina, hain zabaldua, hain daude gordin zauriak, hain daukagu zakua beteta elkarren kontrako arrangurekin, hain dator atzetik eta sakonetik bortxa… Baina, agidanez, ikasi dugu zama horiek gordetzen, ez ikusiarena egiten, sufrimenduaren gainetik (edo, auskalo, azpitik) bizitzen. Bizirik irauteko sena horixe omen.

Beharbada horregatik diogu bakean bizi garela duela urte eta hiru hilabete ETAk armak behin betiko utzi zituenetik, jada indarkeriarik ez balego bezala. Ahaztuta, adibidez, ehunka lagun espetxeetan eta salbuespenezko legeen menpe daudela; milaka horren ondorioak nozitzen. Ahaztuta, batik bat, gatazkaren muin politikoaz eta, beraz, herritar burujabe gisa minen sendaketan dugun arduraz. Horregatik topatuko gara gaur Bilbon, elkarrekin bizirik irauteko ez ezik, elkarrekin bizitzeko senez.

Idurre Eskisabel

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s