“BILBOKO KALEAK KOLAPSATZEA”

Posted: 2013/01/09 in Euskal Preso eta Iheslari Politikoak

Aro berrian presoen egoera gehiago tenkatzea ulergaitza zaio Etxerat-i

EUSKAL PRESOAKEspetxe politika malgutu ordez krudeltzen ari dela jakinarazi du, eta dei egin du egoera hori irauli dadin indarrak biltzeko

Larunbatean jendetzak «Bilboko kaleak kolapsatzearen» garrantziaz ohartarazi du

Presoen senide eta lagunen elkarteak ezin du ulertu; Euskal Herrian aro berri bati ekin zaionean haien hurkoen egoerak okerrera egitea sinesgaitza zaio. Baina 2012. urteak horixe ekarri diola dio: presoen egoerak hobera egin ordez, okerrera egin duela.

Etxerat-ek urteko balantzea egiteko agerraldian parte hartu duten kideak dira egoeraren erakusle: Mikel Bienzobas egon da mahaiaren alde batean; sudurreko odol jario soil batek hilzorian jarri zuen Jon Bienzobasen anaia. Espetxezainek artatzeari uko egin, eta 11 orduz egon zen presondegian odola galtzen. Ia odolustuta eraman zuten ospitalera.

Mila Izeta izan du alboan: Mikel Egibar bikotea Zuerako espetxean bisitatu ondoren seme-alabekin etxerako bidean zela izandako istripuan larri zauritu zena.

Asier Goiaskoetxeak Ibon eta Jon anaiak ditu preso. Ibon, gogor jipoitu dute aurten espetxean. Nagore Lopez de Luzuriagak Gotzone izeba du kartzelan. Gaixotasun larria du izebak: 2007an bularreko minbizia batetik operatu zuten. Gainera, zigorra bete zuenean, 2010. urtean, 197/2006 doktrina ezarrita espetxealdia luzatu zioten, eta preso dute oraindik.

Alejandro Ugaldek, Andoniren aitak, azken 17 urtean preso du semea; Badajozen egun, etxetik 700 bat kilometrora. Jabier Uribetxebarria izan da mahaiaren beste muturrean, oso larri gaixo egonik liskar eta borroka askoren ondoren aurten etxeratu duten euskal preso bakarraren anaia, Iosu Uribetxebarriarena.

Euskal presoek eta horien senide zein lagunek pairatzen duten egoeraren adibide gisa aurkeztu dute bere burua. «Konponbidea eta eskubide guztien errespetua ardatz izango lituzkeen aro berri baten aurrean» zeudelakoan itxaropentsu hasi zuten urtea, oso bestela joan dela erakutsi die errealitateak. «2012. urtea amaitu berri da, eta salbuespeneko espetxe politika gainditzeko aurrerapausorik ez dela eman ikusten dugu», adierazi dute Nagore Lopez de Luzuriagak eta Asier Goiaskoetxeak Etxerat-eko kideen izenean. «Areago, okerrera egin duela baieztatu dezakegu».
ETXERA
Presoen inguruko datuak emanda egiaztatu dute salaketa. Konponbiderako bidean preso kopuruak gutxitu behar lukeen arren, 606 herritar dituzte 84 espetxetan. Horietatik zazpi baino ez dituzte Euskal Herrian; Ingalaterra, Ipar Irlanda, Eskozia eta Portugalen adina. Hamazazpi senide etxean dituzte preso, eta beste bat Erromako etxean. Beste herritar bat, Frantzian dute konfinatua.

 

 

jarraia74407

 

Senideen aurkako erasoak

Sakabanaketak senideei ekartzen dien zigorraz gain, eragiten dien babesgabetasuna ere salatu du Etxerat-ek. Eta, alde horretatik, gertaera larriak utzi ditu 2012ak. Enara Rodriguezek pairatutako «hilketa saioa eta eraso sexuala», gogorrena. Anaia bisitatu ondoren etxerako bidean zela, auto bat parean jarri, berearen aurka egin, eta istripua eragiten saiatu zen. Rodriguezek hainbat itzulipurdi egin ondoren autoa geratzea lortu zuenean, bi polizia joan zitzaizkion, mehatxatu eta ukitu sexualak egin zizkioten.

Denbora gutxira, Izaro Arruarte senideak ere eraso eta mehatxuak jasan zituen Tenerifen oporretan zela. Senideek urtetan erasoak pairatu dituzten arren, iaz, horien aurkako «beste pauso bat» eman dela ondorioztatu du Etxerat-ek. Euren bizitzak bortizki arriskuan jartzera igaro direla.

ETXERAT

Espetxealdiak urte askotan luzatzea dakarren 197/2006 doktrina da, Etxerat-en ustez, euskal presoen zein horien senideen egoera gogortzen ari dela erakusten duen beste adibide argi bat. Neurria martxan jarri zenetik, 88 presori ezarri zaie doktrina, eta horietako hogei dagoeneko kalean dira zigor luzamendua ere beteta. Estrasburgoko Auzitegiak neurria bertan behera utzi beharraz ohartarazi arren Espainiak luzamendua ezartzen jarraitzen duela salatu dute senideek, eta era krudelean egiten dutela gainera. Izan ere, kasu askotan, presoak askatzeko eguna iritsitakoan jakinarazi diete presoei beste hainbat urtez kartzelan mantenduko dituztela. Kalte psikologiko handiak eragiten ditu horrek.

Hala ere, Etxerat-en esanetan, gaitz larriak dituzten presoen egoera da Espainiak ezarri duen espetxe politikaren erakusgarririk garbiena: «Agerikoa da mediku irizpideen gainetik interes politikoak jartzen dituztela». Hamahiru euskal preso mantentzen dituzte kartzelan oso gaixo egon arren, eta senideek ohartarazi dute bereziki kezkagarriak direla Txus Martinen eta Aitzol Gogorzaren kasuak. Buruko gaitz larriak dituzte biek, eta, azaldu dutenez, espetxeko egun bakoitzak okertu egiten du haien egoera.

Eraso fisikoak 12 presori

Egoera larri horiez gain, egunerokotasunean ere presoak «ahalik eta gehien tenkatzen» ari direla salatu dute senideek: hamabi presok eraso fisikoak jasan dituzte espetxean 2012an, 11 preso guztiz bakartuta dituzte, bost bikoteri espetxe berean egoteko eskubidea ukatu diete, postalak euskaraz idaztea debekatu zaie, eta ikasketak egin ahal izateko murrizketak areagotu dituzte.

«Zergatik ari da orain gertatzen hau guztia?», galdetu du Etxerat-ek. Egoera irauli eta «eskubide guztien errespetua ardatz izango duen aro berria zabaldu, egonkortu eta finkatzeko» lanean jarraituko duela hitz eman du. Gauza bera egin dezatela eskatu diete herritarrei zein politikariei ere: «Ezinbestekoa da guztion indarrak batzea», adierazi du.

Bide horretan, larunbateko mobilizazioan «Bilboko kaleak kolapsatzea» lortu behar dela esan, eta protestan parte hartzeko deia egin du. Presoen senide eta lagunei, manifestazioan Etxerat-en zapiarekin parte hartzeko gonbita egin die, «espetxe politika hau pairatzen dugun jende andana irudikatzeko».

 

U124

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s