AZKUNA, ARGI-ILUNEKIN

Posted: 2013/01/09 in PNV

Esanean alkate

Bilboren garapenean «ezinbestekoa» izan dela iritzita, munduko alkate izendatu du Londresko City Mayors fundazioak Azkuna.

1999tik da agintean Bilbon, adierazpen liskartien zale izan arren.

tasio580

City Mayors fundazioaren arabera, Iñaki Azkuna «ezinbestekoa» izan da, «gainbeheran zen hiri industriala nazioarteko turismoaren eta arteen topaleku bihurtzeko». Areago, Azkuna World Mayor —alegia, munduko alkate, baina ez munduko alkaterik onena— izendatu duen erakundeko arduradun nagusi Tann van Hoveren esanetan, «gertakari bik eragin dute Bilboren eraldaketa: Guggenheim museoaren inaugurazioa, 1997an, eta Azkunak alkatetza eskuratzea, urte bi geroago». Zalantza zirkinik ez dago: azken hamarkada bietan Bilbon izan den eraldatzeari estuki loturik dago Azkuna. Nahiz eta aukera duenero esaten duen Bilbo edertu egin duela eta udalak defizitik ez duela, inoizko langabe gehien daude egun hirian: 131.000.

Bilbo zerbitzu hiri bilakatzeko Bilbao Ria 2000 elkarte publikoaren sorrerarekin 1992an abiarazitako bidean, gainera, huts nabarmenak ere izan dira. Zaha Hadid arkitekto irakiarrak Zorrotzaurreko penintsula irla bilakatzeko master plana hamaika aldiz egokitu eta atzeratu dute, eta Philippe Starcki enkargaturiko Alondegia hiru urteko atzerapenarekin eta hasieran zehazturiko aurrekontua halako hiru gaindituz ireki zuten, 2010ean. Halaber, World Series auto lasterketa bertan behera geratu zen 2006an, hiriko esparru handi bat egokitu ostean.

Ezaguna izan zen Santiago Calatrava arkitektoarekin izandako liskarra ere. Garai batean hainbeste laudatu zuen arkitektoak auzitara eraman zuen udala, Zubi Zuri pasabidea haren baimenik gabe moldatzeagatik. 30.000 euroko kalte-ordaina eman behar izan zion udalak.

Nazioarteko turismoa erakartzeko nahiak itsututa, nazioarteko arkitekto sonatuei enkargatu dizkie udalak azken urteetako lan gehientsuenak, eta hiriaren izaera historikoarekin eta egungo beharrizanekin loturarik ez duten arkitektura lanak errenkan etorri dira.

Izan ere, asmo handiko arkitektura lan ikoniko horiek ez dute beti espero izandako emaitza ekarri. Isozaki Atea gunea hutsik dauden lokalez beterik dago, eta, okerragoa dena, emakumeentzako arriskutsuak diren bi gune dauzka; alegia, genero irizpideei bizkar emanez eraikitako eremua da, berria izanagatik.

Sariaren berri izatean, hiriaren garapenerako proiektuetan herritarren parte hartzea sustatzea garrantzitsua dela nabarmendu du Azkunak.

Baina herritarrei zein herri ekimenei entzungor eginez hiria jauntxo bat izango balitz bezala gobernatzea egotzi diote, hasieratik, oposizioko alderdiek eta gizarte eragileek.

Bilbotar askok gogoan ondo iltzatua dute oraindik Kukutza bortxaz husteko eta eraisteko baliaturiko argudioak.

AZK

Orobat, Bilboko Konpartsekin aspaldiko enfrentamendua dauka. Inauterietako desfilea Kale Nagusian egitea galarazi izan die, eta aurten ere debekua jarri diela baieztatu zen atzo.

Urrutiago iritsi zen Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsen auzian. Txosna jartzea debekatu zien bi urtez, auzitegi batek hartarako oinarririk bazen edo ez ebatzi aurretik.

Erregearekin, «lagun artean»

Ahoa zabaltzen duen aldiro, ez du inor uzten hotz. Esanean alkate da Azkuna. Batzuen gustuko, besteen disgustuko. Unamuno eta zezenketa zale porrokatua da. Ondo baino hobeto moldatzen da botere militarrarekin. Juan Carlos I.a Espainiako erregearekin bilera egin zuen duela ez asko. «Lagunen arteko kontuez aritu gara».

Espainiako aginterik atzerakoienekiko laguntasun horren beste atal bat iragan den abenduan jazo zen. Espainiako armadari udalaren lokal batzuk utzi zizkion, erakusketa militar bat antola zezan. Eta inaugurazio ekitaldian ere parte hartu zuen, Jaime Dominguez Espainiako armadako buruarekin batera.

AZKUNAA

Ordea, euskalgintzako eragileen eta alkatearen arteko harremana ezin hotzagoa da. Euskara sustatzeko ekinbideetara 1.400.000 euro bideratuko ditu aurten udalak, Bilbao Live Jaialdira adina diru. Azkunak ez du sekula parte hartzen euskalgintzaren ekinaldietan. Ez du keinu txikiena ere egiten. Ezta Korrika Bilbotik igarotzean ere. Kontrara, duela urte bi, baimenik ere ez zien eman antolatzaileei Gose taldearen kontzerturako, euskararen aldeko martxa hiritik igaro zenean. Ostirala izanagatik, ekitaldi oro 22:00etan amaitzeko agindua eman zuen, Espazio Publikoen Ordenantzak hala jasotzen duelako.

2010ean onartu zuen Bilboko Udalak neurri murriztaile hori. «Gizalegezkoak ez diren sexu jarduerak» kalean egitea debekatu, eta isunekin zigortzen ditu. Baita «arriskutsuak izan daitezkeen» beste hainbat jarduera ere, hala nola kometekin eta disko hegalariekin jolastea, patinetean ibiltzea, kalean musika tresnak jotzea…

Kalean dantza egiteari buruz zipitzik ez dio ordenantzak. Hartara, Begoñako Amabirjinari urtero eskaintzen dion aurreskuarekin jarrai dezake Azkunak. Ez du hutsik egiten: Begoñako amatxuri abuzturo eskatzen dio «arazoak konpontzeko laguntza».

AZKU

Hurrengo hauteskundeetan gehiengo osoa lortzen laguntzeko eskatzen ote dion, ez da kontu jakina; haatik, lau agintaldi iraun duen alkate bakarra da. Aise gailentzen zaie aurkariei. Hala, EAJren urrezko hautagaia da, bestelako esparru politikoetako botoak erakartzeko gaitasun ikaragarria baitu. Irudia zaintzeko ere ahaleginak egiten ditu. Xede horrekin argitaratzen du Udalak Bilbao aldizkaria, eta aurtengo aurrekontuetan, 380.000 euroko saila gorde dute horretarako, indarkeria matxistaren aurkako programak garatzeko bezainbat.

 

Esandakoak

«Gaizkileei egurra eman behar diegu; ezin diegu utzi kalean labana sakelan daramatela ibiltzen, etxean sartuta baleude bezala. Labanadunei, gerra»
2006-01-16
«Frankismoaren emaitza naiz. Euskara nekiela jaio, eta galdu egin nuen. Eskolak hartzen ditut»
2007-05-13
«Eroen okerrena da genero indarkerian gertatzen den bezala emazteak hil eta gero euren buruaz beste egiten saiatzen direla, baina ez dute lortzen. Zergatik ez ote dute alderantziz egingo, eta gu bakean utzi?»
2011-11-15
«Txinatarrek, dendako pertsiana jaitsi, eta han bazkaltzen dute eta ugaltzen dira. Ez dakit non hiltzen diren, baina izugarrizko lehia dira gure dendarientzat»
2012-05-16

Azkuna-Garellano

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s