“EUSKAL GAZTERIA LIBRE ETA LEGALA”

Posted: 2013/01/05 in Gazte borroka

Gazte auzipetuen alde mobilizazio bat antolatu dute Donostian, 19rako

‘Euskal gazteria libre eta legala’ lelopean, Bulebarretik aterako da manifestazioa, 12:30ean, Eleak mugimenduak deituta

Taldeak elkartasuna adierazi die ezkutatzea erabaki duten Errenteriako hiru gazteei

 

ELE

 

«Eragile sozial, politiko eta sindikaletatik harago, herritarrak dira egoera aldatzeko giltza nagusia». Eleak mugimenduak manifestazioa antolatu du San Sebastian egunaren bezperarako, Donostian. Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuko dituzte hilaren 19an, eta babesa erakutsiko diete espetxeratzeko arriskuan dauden Errenteriako eta Donostiako sei gazteei. Manifestazioa Bulebarretik abiatuko da, 12:30ean, Euskal gazteria libre eta legala lelopean, eta herritar guztiei dei egin diete parte hartzera. Gasteizen ere elkarretaratze bat egingo dute urtarrilaren 17an, eta beste bat Iruñean, hilaren 18an.

Eleak mugimenduko bozeramaile Itsasne Fernandezek eta Txerra Bolinagak agerraldia egin zuten atzo, azken urteetan auzipetu dituzten dozenaka gazte eta horien hainbat senide ondoan zituztela. Tartean ziren espetxeratzeko zain dauden gazteetako bi ere. Fernandezek eta Bolinagak, lehenik eta behin, «lan politikoa egiten jarraitzeko» ezkutatzea erabaki duten Errenteriako hiru gazteak izan zituzten gogoan. Fernandezek esan zuen «proiektu politiko baten alde» lan egiteagatik zigortu dituztela eta horregatik ezin dutela ohiko bizimodua egin. «Militante politikoak direlako ezin dute euren etxean lo egin, euren lanera joan edo familiarekin egon». Bolinagaren esanetan, herritar guztiek eskubide bera izan behar lukete lan politikoa egiteko: «Haiei eta beste gazte askori gertatzen ari zaiena bidegabea dela ozen salatzeko ezkutatu dira gazte horiek».

Fernandezen ustez, Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidean urrats «sendoak» egin dira baina oraindik urratu egiten dituzte euskal herritarren eskubide zibilak eta politikoak. Adierazi zuen gazteei «zuzenean» egiten dizkieten eskubide urratzeek herritar guztiei eragiten diete: «Jendarte osoaren demokrazia ezaren sintoma argia da haren zati baten eskubideak urratuak egotea».

Horregatik, Eleak mugimenduak uste du herritar guztiei dagokiela «bidegabekeria» hori amaitzea: «Ideologien gainetik, herritar bakoitzak pauso txikiak eman behar ditugu, eskubide urratzeek lekurik ez duten jokaleku bat lortzeko».

 

GAZTE

Babes mezuen indarra

Gaur egun, sei dira zigortuta dauden eta edozein unetan atxiloditzaketen gazteak. Horietako bi Donostiako agerraldian izan ziren atzo: Aitor Franco eta Ekaitz de Ibero. Franco eta beste lau gazte errenteriarren aurkako kartzela zigorra abenduaren 18an berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaia jaso ondorengo lehen egunak «oso urduri» igaro zituen Francok: «Ez dakizu segituan atxilotuko zaituzten edo ez, ezta zer gertatuko den ere». Herritarrengandik jasotako babesak, ordea, «asko» lagundu dio: «Eman dizkiguten atxikimendu pilek indar handia eman didate burua altxatu eta aurrera egiteko». Jasotako elkartasun mezuengatik eskerrak eman ditu.

Imanol Gonzalez gazteari 30.000 euroko bermea ezarri diote aske geratzeko

Imanol Gonzalez Alcalako espetxetik (Espainia) irtetekoa zen atzo, 30.000 euroko bermea ordainduta. Gaztea iazko irailaren 18an atxilotu zuen Ertzaintzak, Balmasedan (Bizkaia), eta hiru hilabetetik gora egin ditu preso. Martxoaren 29ko greba egunean autobus batean lehergailu bat jartzea leporatu zioten Gonzalezi. Pablo Ruz epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, lehergailuak edukitzea eta «kalte terroristak» egitea egotzita. Fiskaltzak «erakunde terroristako» kide izatea ere egotzi zion, baina epaileak ez zuen aintzat hartu eskaera hori.

Gonzalez atzeman zuten egunean atxiloketa «politikoa» izan zela salatu zuen ezker abertzaleak. Eleak mugimenduaren arabera, «gaztea eta militantea izateagatik» atzeman zuten Gonzalez, Polizia atzetik luzaroan ibili ondoren.

ELEAKK

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s