OSO LATZA IZAN DA

Posted: 2012/12/26 in TORTURA

Torturatuaren egia azaleratzen

 

Dokumentazio lanaz eta zenbakiez haratago, tortura euren azalean pairatu dutenei ahotsa ematea ezinbestekoa da Euskal Memoriako kideentzat.

Hiru garaitako lagunen esperientziak elkartu zituzten torturaren inguruko jardunaldietan.

Errealitate ezaguna izan da torturarena Euskal Herrian. Baina ezaguna izateak ez du esan nahi aitortutako errealitatea denik. Are gehiago, Euskal Memoriako kideen esanetan, isildua izan da torturatuen ahotsa, ezkutatua torturaren egia. Hitz egin izan da kolpeez, mehatxuez, poltsaz eta gainontzeko tortura moldeez. Ez hainbeste, ordea, polizia etxeetako egun horien aurrekoez eta ondorengoez: kasu bakoitza gertatu zeneko testuinguruaz eta torturak pertsona bakoitzari utzitako ondorioez, azalaren azpian geratzen denaz. Besteak beste, egia hori azaleratzeko eta osatzeko lanean ari da Euskal Memoria fundazioa, eta lan horren inguruan antolatu zituzten Donostian torturari buruzko jardunaldiak, joan den asteartean eta asteazkenean.

Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburuaren egile Julen Arzuaga eta Torturaren Aurkako Taldeko kide Lorea Bilbao aritu ziren asteartean, besteak beste, Euskal Memoriaren lan monografikoak egin duen ekarpenaz eta tortura amaitzeko bideez. Asteazkenean, tortura euren larruan sufritu duten Donostialdeako hiru lagun izan ziren euren bizipenak kontatzen. «Ezin da torturaz hitz egin torturatu dituztenei ahotsa eman gabe», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Hiru belaunalditako ahotsak

1971ko apirilean atxilotu eta torturatu zuten Periko Estonba. Burgosko prozesua zela eta, Euskal Herrian salbuespen egoera ezarria zuen Francok. Hizketan hasterako, mahai ingurura etortzeko gonbidapenak lotsa pixka bat eman ziola kontatu zuen: «Ez nuen uste nire kasua hain garrantzitsua izango zenik». Aitorpen xume hori izan daiteke garai haren erakusgarri. «Egin nuen guztia Burgosko epaiketari buruzko eskuorri bat ateratzea izan zen», jarraitu zuen. Amarako gobernu zibilaren egoitzara eraman zuten, eta han izan zuten hogeita hiru egunez. Tortura saioak gauez hasten zirela dio, egunez garrasiak kaletik entzun zitezkeelako. Tortura fisikoa pairatu zuen gehienbat, jipoi handiak tartean: «Lehen tortura ‘publikoa’ zen; denek zekiten atxilotzen zutena jo egiten zutela». Martuteneko espetxera eraman zuten ondoren, eta, han hogeita bost egun pasata, aske utzi zuten. Ez epaiketarik, ez ezer: «Eta gaur arte».

1981ko urtarrilean atxilotu zuten Imanol Ostolaza. Tartean zen Joxe Arregi ere. «Oso latza izan da», ezin izan zuen besterik esan; bertan hil zuten. Torturatua izateko arriskua «barneratua» zutela dio Ostolazak: «Bagenekien hiru aukera geneuzkala: ekintzan hiltzea, erbestera joatea, edo atxiloketa». Hamabi egunez izan zuten Donostian, eta ondoren beste zazpi egunez Madrilen. Ezberdina da, haren ustez, torturatua militantea izan ala ez: «Indar hori izanez gero, zure duintasuna ez da mindua sentitzen. Gorputza bai, baina zu ez». Oinak zeharo handituta zituela, auzi medikua etorri eta oinak erakutsi ondoren, «hori zapatengatik da» erantzun zioten. Azkar uxatu zuen burutik salaketa egiteko ideia. Carabanchelgo espetxera (Espainia) eraman zuten ondoren; hemeretzi urtez eduki dute preso.

2009ko azaroan atxilotu zuten Maialen Eldua, Segiren aurkako sarekada batean. Ezker abertzalearen inguruko antolakundeen aurka sarekada ugari izan zen garai hartan. «Edozein atxilo zezaketen. ‘Albokoari gertatzen bazaio, zergatik ez niri?’, pentsatzen nuen». Halere, gertatu zenean, sinestea ere kosta egin zitzaion. Lehenago mintegi batean izana zen, inkomunikazio aldian zein «eskubide» izaten diren, zein jokaera har litekeen… entzuten; horrek lagundu ziola uste du. Estonbaren aitorpenaren moduan, garaiaren adierazgarri izan liteke Elduak esandakoa ere: gazte asko modu kontzientean prestatu behar izan ziren inkomunikazio aldirako. Atxilotu zuten egunean, inguruan sumatu zituen poliziak. Gelako leihoa irekita utzi zuen nahita, eta soinu batzuek esnatu zuten 01:50ean: «Sekulako taldea zuten, niretzat. Ezin nuen sinetsi».

 

TORTURA

Barreneko egia kanporatzen

Beldurra sortzea, pertsona militante gisa suntsitzea zen, Estonbaren ustez, torturatu zuten polizien helburua. Hori ez zen hainbeste aldatuko agian, baina bai torturatzeko modua, torturatuengan utzitako arrastoa. Poliziaren esku pasatako egunen ondoren, «oso ukitua» utzi zuten: «Dena utzi nuen bizpahiru urtez», kontatu zuen barruari ezin eutsiz. Ostolazak dio «nahiko ondo» eraman zituela torturaren ondorioak; hemeretzi urte pasatu ditu espetxean, eta horrek ondorio sakonagoak utzi dizkio: «Hori tortura mota bat da». Espetxean ez zuten gehiegi hitz egiten inkomunikazio aldiko egunez. Kalera ateratzean hasi zen nabaritzen Eldua zenbaterainoko ondorioak utzi zizkion polizia etxean pasatakoak. Beti segika zeuzkala iruditzen zitzaion, leku guztietan poliziak ikusten zituen. Lehen urtean, 01:50ean esnatu egiten zen gauero, eta ez zuen onik izaten leihotik begiratu arte. Zaratarekin taupadak azkartzen zitzaizkion, kosta egiten zitzaion jende askoren artean egotea, espetxealdiaren aurreko harremanak berreskuratzea…

TORTURAA

Ez dira horiek egun batetik bestera gainditzen diren gauzak. Berrogei urtetik gora igaro dira Estonba atxilotu zutenetik, eta ez zaio asko gustatzen gai horretaz hitz egitea. «Ematen du hitz eginez eta hitz eginez… arrazionalizatu egiten duzula, beste modu batera ikusten duzula», onartzen du hala ere. Elduari lagundu zion barrena askatzeak. TATeko psikologoen eskutik, Istanbul protokoloa deritzona egin zuten: «Asko lagundu zidan, hobeto sentitzen, gauetan ez esnatzen… Aurrerapauso handia izan zen». Europan eta Hego Ameriketan dezente erabili izan den metodoa da, eta torturak utzitako «barneko arrastoak» ateratzen laguntzen du.

Tortura ezabatzea da hiru lagunek dudarik gabe aipatzen duten lehentasuna. Nik neuk ez dute konfiantza handirik erreparazioan eta justizian. «Ezin da ahaztu, baina ikasi egiten da horrekin bizitzen», dio Elduak. Euren egia ere onartua izatea da oinarrizkotzat dutena. Hortik aurrerakoa argi du Ostolazak: «Euskal Herriaren eskubideak onartzea da erreparaziorik onena, gatazka konpontzea».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s