SAN TOMAS EGUNA

Posted: 2012/12/22 in EUSKAL HERRIA

Munduaren amaierak itxaron dezala

Jendetza bildu da San Tomas eguna ospatzera Donostian eta Bilbon. Areatza inguruan bildu dira bilbotarrak; Donostian, Konstituzio plaza izan da festaren erdigune.

Batean zein bestean, munduaren amaiera izan behar zuen eguna festa giroan pasatu dute.

 

 

 

 

 

Urteroko egun berezi bat izaten da San Tomas eguna Donostian, eta nabari da jendeak gogoz hartzen duela. Jendez bete dira hiriko kale eta plazak, eta denbora eta pazientzia pixka bat behar izan du jendeak batetik bestera ibiltzeko.

Bi protagonista izan zituen atzo Donostiako San Tomas egunak. Haizea izan zen horietako bat: makina bat gona altxa eta hainbat burutako txapelak desjabetu zituen. Tomaxi txerria izan zen bestea: Konstituzio plazako erregina zen, eta jende mordoa egon zen goiz osoan zerrama ikusteko desiatzen. Ez zen, ez, galtzeko modukoa, ederki lodituta iritsi baita azokara: 358 kiloko pisua du. Leitzako Arro baserrian hazia izan da, Kristina Saralegi eta senideen artean. Tomaxi Konstituzio plazan etzanda gustura zegoen bitartean, saralegitarrak Bretxan zeuden, taloak saldu eta saldu. San Tomas azoka hasi zenetik urtero etorri izan dira taloak eta txistorra egitera, eta ezagunak dira donostiarren artean. Horren seinale, tarteka izan zituzten ilara luzeak.

Saralegitarren postutik gertu zegoen eguneroko merkatua, eta nekazariak bertan, jendea hurbildu zain. Loli Loinaz zen horietako bat, eta aurrez bazekien ez zuela askorik salduko egun honetan: «Ohi baino gutxiago saltzen dugu San Tomas egunean: gure bezeroek jai hartzen dute, eta gehienak pasieran etortzen dira».

Konstituzio plazan, ohi bezala, jende eta salmahai pila egon zen. Taloak, barazkiak, gozoak eta nahi adina sagardo botila alde guztietatik. Bestelako San Tomas azoka bat amesten duten bi salmahai ere bertan izan ziren: Animalien Eskubideen Aldeko elkartearena bata, eta Askekintza Animalistarena bestea. Leire Elosegi lehengoaren salmahaian ibili da, eta San Tomas azokan hain ohikoak ez diren jakiak saldu dituzte: «Guk alternatiba begetarianoaren alde egiten dugu: seitana eta tofuz eginiko hanburgerrak saltzen ditugu». Pozik zegoen jendeak agertutako interesarekin, baita janari begetarianoen aldeko salmahai bat gehiago ere bazegoelako: «San Tomas egunean horrelako salmahaiak egotea zoragarria da». Plazaren beste aldean zegoen Askekintza Animalistaren salmahaia. Taloak egiten aritu zen Lide Treku taldekidea, eta tartean sartzeko txistorra beganoa prestatu zuten: «Gure ustez, animaliak erail gabe berdin-berdin egin daiteke San Tomas festa, eta adibidearen bidez ikusarazi nahi diogu jendeari».

Parte Zaharraren sarreran, Bulebarrean, San Tomas azokako lehiaketen sariak banatu zituzten, trikitiak girotuta, eta horren ostean, kioskoaren plaza bete zuten Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek. Orduerdiko saioa eskaini zuten, giro alaian, elkarri zirika. Martinek Colinari Olentzeroz jantzi ote zen galdetuta, izatekotan «krisi garaiko Olentzero» zela erantzun zion Colinak, azalez zuri eta argal xamarra dela argudiatuta. Colinak, berriz, baserritar jantzia etxean utzi zuela leporatu zion Martini, eta horrek «munduaren amaiera lutoz jantzita» ospatzeko propio egin zuela erantzun zion.

Hiriaren erdialderago, Okendo eta Gipuzkoa plazan ere izan da zer ikusia. Lehenengoan, besteak beste, basurde eta ahuntz txikiak eta astoak izan ziren protagonista, eta umeak aho zabalik zeuden haiei begira. Bigarrengoa, berriz, sabela betetzeko salmahaiek bete dute: txistorra eta txorizoa ez ezik, eztia, gazta, erroskilak saldu zituzten, besteak beste.

Denentzako azoka

«Bilbon ez daukagu txistorrarik; hemen txorizoa jaten dugu, nola bestela?», zioen, irribarre artean, bilbotar batek. Atzo txerrikirik ez zen falta izan San Tomasen harira Bilbon egiten den azokan. Areatza eta Plaza Barrian jarrita zeuden postuen inguruan jendetza bildu zen, nahiz eta goiza lasai hasi zen. Urteroko bisita egitera inguratu zen pertsona andana horren artean, asmo ezberdinekin inguratu ziren bata zein beste. «Sagardo eta txorizo pintxoak jateko asmoarekin etorri gara, eta eguna zenbat luzatzen den, ikusiko dugu…», esan zuen Mikel Garciak taloa eta sagardo basoa eskuetan zituela. Azokara erosketak egitera joan zen Isabel Martin, bestalde, azokako «giroa ikusi eta erosketak egitera» joan zen San Tomasera. Ortuariz betetako boltsa bi zeramatzan.

Eta erosketak egin ahal izateko aukera ederra zegoen. Denetara 300 postu jarri zituzten, aukera zabalarekin. Ortuariak, taloak, sagardoa, landareak eta abar. «Jende asko dabil, baina ez gara asko saltzen ari; nahiko astiro doa azoka. Badirudi jendeak beldurra diola dirua gastatzeari», esan zuen Natxo Monterok erakusmahaiaren atzean dagoela. Ortuariak saltzen aritu ziren egun osoan, eta oro har aurreko urtearekin alderatuta giroa lasaiago sumatu zuen: «Gehien saltzen ari garena mihura da; zortea emateko erosten du jendeak». Enedina Madariaga landare saltzaileak ere mihura dauka, eta berak ere salmenta horretan sumatu zuen igoera: «Zortea beharko dute, bai! Gobernuak eta politikariak adarra ederki jotzen ari zaizkigu eta!». Berak ere salmentetan jaitsiera hori ikusi zuen, eta aurreko urteetan baino lore postu gutxiago jarri zirela azpimarratu gura izan zuen: «Plaza Barrian ni bakarrik nago aurten. Aurreko urteetan gehiago egoten ginen, urtetik urtera postu gehiago kentzen dituzte, eta egia da jendeari gehiago kostatzen zaiola etortzea».

Ortuari eta lore saltzaileek ez zuten askorik saldu, baina bai, ordea, kapoi saltzaileek. Xabier Blanco Plaza Barriko kapoi postu bakarrean egon da, Joan Antonio Zabalarekin batera. «Jendea etengabe ari zaigu galdetzen kapoien prezioa; ez gara gelditu goiz osoan». Galdetzea gauza bat da, baina erosi ere, «askok» erosi dituzte Gabonetarako kapoiak. «Sumatzen da Eguberri eguna inguratzen ari dela; jendeak ilusioa duela ikusten da». Gainera, San Tomas azokara animaliak eramaten dituen bakarra da Blanco: «Horrek prestigioa ematen du». Hori dela eta, urtero animalien saria eurei ematen diete, eta erraza eman badezake ere, «ez da erraza tradizio honi eustea», dio. Joan den urtean legez, aurten ere, sarien banaketa ez da San Tomas egunez egin, eta datorren hilaren 27an egingo da, BBK aretoan.

Baina San Tomas eguna ez litzateke ezer txerririk gabe. Azken urteetan bezela, ordea, aurten ez da inongo txerririk erakusgai egon. Bai ordea jangai. Bilboko Konpartsek urtero jarri ohi duten txosnan, burduntzian prestatutako txerri pintxoak eman baitzituzten. «Bizirik ez bada ere, txerria eduki badugu oraindik Bilbon», esan zuen pintxoa hartzeko zain dagoen gizonezkoak. Denek, ordea, ez dute txerrikirik jan gura izaten. Beganoek, esaterako. Horientzat ere bazegoen txorizo begetala jateko aukera, Areatzan. «Gogo handiarekin jan dut aurten taloa txorizoarekin», zioen esku artean era horretako taloa jaten ari zen neskak. Berezitasunekin amaitzeko, zeliakoentzako taloak ere salgai egon ziren postu batean. Azoka denentzako egokitzen ari den seinale.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s