EUSKAL HERRIA 11 KOLORE

Posted: 2012/12/16 in Euskara

Aniztasuna bultzatuz

 

Euskal Herria 11 Kolore egitasmoa sortu dute, euskal gizartearen kultur eta jatorri aniztasuna sustatzeko eta babesteko asmoz

Bertako hainbat jatorritako herritarren arteko lokarria euskara izatea nahi dute

 

Euskal gizartearen kultur aniztasuna babestea eta sustatzea, eta gaur egun dagoen jatorri aniztasunaren inguruan gogoeta eta eztabaida bultzatzea. Bi helburu nagusi horiek izango ditu Euskal Herria 11 Kolore egitasmoak. Atzo aurkeztu zuten xedea Donostiako San Telmo museoan. «Euskal Herriko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defendatuko ditugu, haien jatorria edozein izanda ere», adierazi zuen Xabier Mendiguren Bereziartu filosofo, hizkuntzalari eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia izandakoak. Egitasmoaren bozeramailea da Mendiguren, Samira Goddi Mendizabal kultur arteko bitartekariarekin batera. Gizarte eragile eta erakunde orori dago irekita, eta jada dozenaka atxikimendu bildu dituzte. Datorren astetik aurrera martxan jarriko dute webgune bat, nahi dutenek babesa emateko egitasmoari.

 

11KOLORE

EH 11 Kolore egitasmoko kideek gogorarazi dute Euskal Herriko populazioaren ezaugarrietako bat izan dela betidanik kultur eta jatorri aniztasuna, eta gaur egun ere halaxe dela. «Horren lekuko da Europako herri txiki eta zahar honen historia luzea. Belaunaldietan zehar, ezin konta ahala herrik eta kulturak utzi dute beren arrastoa gure lurraldean eta gure kulturan. Aldi berean, euskal herritar askok utzi dugu gure aztarna munduan. Egun ere hala egiten jarraitzen dugu». Gainera, nabarmendu dute Euskal Herrian jaio eta bizi diren pertsona guztiak direla euskal herritarrak. «Denok batera bizitzen, sentitzen eta egiten dugu Euskal Herria. Denak gara Euskal Herria». Sentipen hori indartzeko eta zabaltzeko lan egingo dute hemendik aurrera, elkarlanean.

Partekaturiko identitate horren adierazle goren moduan, euskara jarri dute. «Gure aniztasunean batzen gaituen eta herri egiten gaituen lokarria da euskara. Kultura eta identitate aniztasunari Euskal Herriak eman dion altxorra da euskara». Euskal Herrian bizi diren gainerako hizkuntzak ere bertako aberastasunaren adierazpen direla berretsi dute: galegoa, arabiera, berberera, txinera, ingelesa, erromania, aimara, katalana, gaztelania, frantsesa, wolfera… Elkarlanerako beharra ikusten dute guztien artean.

Euskal Herriko herritar guztien eskubideen eta aukeren berdintasuna defendatuko du EH 11 Kolore egitasmoak. «Jatorri edo identitate arrazoiengatik gertatzen den edozein diskriminazio egoera arbuiatu, eta hura gainditzeko lan egingo dugu». Gaur egun nagusi diren joera uniformatzaile eta asimilatzaileen kontra, euskal gizartearen kultur aniztasuna babestu eta sustatuko dute. «Elkarrekintza izango da ardatza, gure aniztasuna ikusgai bihurtuz eta elkar ezagutzeko dinamikei bide emanda, elkarrekiko errespetua eta onarpena lortzeko».

Beharrezkoak ikusten dituzte elkarrizketa eta etengabeko eztabaida. «Bizikidetza eraikitzeko funtsezkoak dira bi elementu horiek. Gure aniztasunetik abiatu behar dugu, denok parte sentituko garen gizarte bat osatuz».

Dagoeneko hainbat gizarte eragilek eta erakundek egin dute bat egitasmoarekin, eta etorkizunean atxikimenduak biltzen jarraitzeko asmoa dute. Egitasmo irekia da. Lehen urratsa biltzea dela nabarmendu dute. Museora joan zirenei egitasmoarekin lotutako egutegi, elastiko eta beste hainbat material eman zizkieten. Gainera, proiektuaren inguruko bideo bat ere eman zuten. Gizarte aniztasuna erakusten du bideoak.

 

11KOLO

 

11KOL

 

 

111

 

 

Xabier Mendiguren. EH 11 Koloreko kidea

«Lagundu eta hurbildu egin behar ditugu herriak eta kulturak»

 

Euskararekiko eta etorkinekiko kezka eta interesa batu dira Euskal Herria 11 Kolore proiektuan. Kulturen eta herrien arteko zubi lana egin nahi dute, Xabier Mendiguren Bereziartu bozeramaileak nabarmendu duenez.

Nola sortu da Euskal Herria 11 Kolore egitasmoa?

Herri ekimenetik sortutako egitasmoa da. Bertan biltzen garenon artean nagusiki bi interes eta kezka izan dira aspalditik: euskara eta etorkinak. Bi interes eta kezka horiek bat egin zuten duela hilabete batzuk, eta horren emaitza da hasi dugun egitasmoa.

Zein xederekin?

Zubiak eraikitzea Euskal Herrian hain ugariak diren herri, kultura, hizkuntza eta jatorriren artean. Erabat sinetsita gaude hori aberastasun handi bat dela, eta gauza onak ematen dituela. Baina, era berean, arazoak ere sortzen ditu, eta jakin behar dugu horiek nola kudeatu. Azken finean, lagundu eta hurbildu egin behar ditugu herri, kultura eta hizkuntzak. Denen artean bilatu behar dugu horretarako bidea.

11

Krisiak are beharrezkoagoa egiten du elkarlan hori?

Dudarik gabe. Hala ere, krisia izan edo ez, herri eta kulturen arteko zubiak eraikitzea beti da garrantzitsua. Gaur egun, gainera, horretarako tresna gehiago ditugu. Horien artean, teknologia berriak.

Euskal Herriak jakin al du jatorri aniztasun horri erantzuten?

Bai, alde horretatik ondo kokatuta gaude. Izan ere, gurera jatorri eta kultura askotako jendea etorri da, baina gu ere beste leku batzuetan errotu gara. Beraz, badakigu zer den hori. Ondo ulertzen ditugu etorkinek dituzten errealitateak eta arazoak.

Euskarari zer ekarpen egin diezaioke proiektu honek?

Denborarekin, euskara bihurtu behar dugu guztion arteko lokarri. Azken batean, guk nahi duguna da beste herrietako hizkuntzak eta kulturak hurbildu, ezagutu, leku bat eman; baina, era berean, euskarak bere lekua egitea horien artean. Azken batean, euskara izatea guztiok batuko gaituen elementua. Horretan lan egitea du gure asmoetako bat. Gainera, beti esan dugu beharrezkoa dela euskara beste hizkuntza gutxituekin elkarlanean aritzea.

Utzi iruzkina