“EUSKAL HERRI OSOARI”

Posted: 2012/12/16 in kultura

Ertzak landu eta txapeldun

Alde estuz, Arkaitz Estiballesek txapeldun izaten jarraituko du, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan buruz burukoan nagusituta

Elortza izan da txapeldunorde, eta Paia hirugarrenak bereganatu zituen entzuleak

 

Errimak lantzeko aholkatu zion Igor Elortzak Arkaitz Estiballesi final baten ostean. Aurreko txapelketan, goitik beherako bertsoerari ertzak, errimak, finduta ekin zion izan zuen gaixotasun batek horretarako astia emanda. Goitik beherakotasunari, ertzez ertzekoa gehituta jarraitu du txapelketa honetan. Atzoko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko buruz buruko kartzelan egin zuen horren erakustaldiak balio izan zion aholkulariari, Igor Elortzari, aurrea hartzeko. Bilboko Bilbao Arenan ariketa horretara arte, aurretik zuen-eta Elortza bostetan txapeldun izandakoa.

Hiru puntuko alde estua aterata, txapeldun izaten jarraituko du Estiballesek erreskadan bigarren txapela irabazita. Jon Lopategi bertsolariaren eskutik jantzi zuen txapela, eta honela kantatu zuen hunkiturik txapela jantzita:

Txapeldunaren agurra:

Prestatu gabe neukan agurra

rimatu beharko dut hari.

Lelengo ta behin bihotz-bihotzez]

Karmelo ikastolari

eta nola ahaztu bertan

ikasten dauden Euri eta Maindi;]

Anizetori, Kepa Lopari

ta baita Jon Enbeitari;

ta Santutxuko bertso-eskolari;

gaurko zortzikoteari

ta bereziki Etxahun Lekueri

ta baita Fredi Paiari;

eta nola ez zuri entzule ta

Euskal Herri osoari

gure ondoan dagoenari ta

laister egongo denari.

 

 

ARKAITZ

Txapela jantzi aurreko bertsoetan, buruz buruko kartzelakoan, egin zuen ariketarik onena txapeldunak. «Bakarrik zaude etxean. Gordeta eduki duzun ardo botilarik onena zabaldu duzu», jarri zion gaia. «15 urte pasatu dira / sartu zutela barrura / geroztik zenbat bidaia luze / eta zenbat abentura. / Berriro eskuan hartu ardoa / ta eman diot berriz tragoa. / Oroitu nahi nuke hura / ez dakizue nolakoa den / gure arteko lotura / beste trago bat hartu nahi nuke / falta direnen kontura. / Hasi naizena lehen, irribarrez / orain bukatu behar dut negarrez; / zer daukadan badut duda / poza edota tristura», kantatu zuen bigarren bertsoan.

Buruz burukoaren bakarkakoan berak plazaratutako Izarren hautsa doinuan egin zuen bertsoeraren erakustaldirik handiena Elortzak, doinuak berak horretarako aukera emanda. Buruz buruko kartzelakoan, ordea, Durangon plazaratutako doinu berria aukeratu zuen. Doinu berriak ez zion bere gaitasunik finenak plazaratzeko aukera eskaini Elortzari, eta ariketa zuzena egin zuen kartzelan. Bakarkakoan, «Artega zaude Korrikako lekukoa noiz hartuko zain», egokitu zitzaion gaia. «Gau-eskolara apuntau nintzen / lagun zahar bat bitarte. / Aitortu behar dot hona heltzeko / nik sufridu dot bastante / eskutan hartu mila liburu / ta ezagutu hamaika mundu / inoz ez naz joan aparte. / Gaur harro-harro noa korrika / euskararen militante / hurrengoari pasatu deutsat / oin eurei toketan jake / ta bardin jataz subjuntiboak / ta bardinago ergatiboak / jarraituko dot jo ta ke / helmugara heldu arte», bukatu zuen bertsoaldia. Ordura arte printzaka jardun zen ofizioetan.

 

ARKA

Durangoko finalaurrekoko bidetik, Fredi Paia hirugarren sailkatuak entzuleak bereganatu zituen ariketaz ariketa bizitasunarekin, freskotasunarekin, umorearekin eta kantaerarekin. Bakarkako laneko bigarren bertsoan «ta beitu, orain, gerrialdeko / ze mitxelinen bilduma / hau da Phoskito ta Tigretonen / izugarrizko erresuma / eta nahi nuke ez bedi izan / arrotza eta urruna / nire gorputza ikusi eta / lotsauko e’ naizen eguna» kantatu zuenean ispilura begira zegoen 12 urteko haur baten ahotik.

Jone Uriak, zuzenetik, umore beltza eta zirikatzailea erakutsi zuen ofizioetako azken bi ariketatako bertso batzuetan. Onintza Enbeita beste behin ere, ofizioetan nabarmendu zen, baina bakarkakoan ere ideia politak utzi zituen memoria galduta zuen aitona zuen ilobaren izenean. Ez zitzaizkion gai errazenak egokitu Miren Amurizari eta nekez aritu zen gaiari helduleku egoki bila. Iratxe Ibarrarekin egokitu zitzaion horietako batean, eta ariketa horretan bereziki galduta ibili ziren. Aleka asmatu zuen Ibarrak. Etxahun Lekueren ohiko zuzentasuna, ohi baino apalagotik joan zen. Bakarkakoan neurri motzeko doinua aukeratu zuen, baina ezin luzitu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s