BAKEAREN ALDEKO FOROA BAIONAN

Posted: 2012/12/15 in konponbidea

Iparraldeko hautetsiek herritarren hauspoa eskatu dute bake prozesuan urratsak egiteko

Aieteko Adierazpenaren printzipioez eta nazioarteko esperientziez eztabaidatu dute arratsaldeko saioaren lehen mahai-inguruan, eta bake prozesuak Iparraldean eta Frantzian duen ibilbidea dute mintzagai bigarrenean.

BAIONA2

Bakearen Aldeko Foroa egiten ari dira gaur goizetik Baionan, unibertsitatean. Han dira, besteak beste, iazko urriaren 17an Donostiako Aieteko bilkuran parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko eragile politikoak, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide batzuk, Frantzian giza eskubideen arloan diharduten eragileak eta beste ordezkari batzuk: Laura Mintegi EH Bilduko kidea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea… Euskal gatazkaren konponbidea gizarteratzea ukanen du helburu topaketak.

Arratsaldeko bigarren eztabaidan dira Jakes Bortayrou Abertzaleen Batasuneko kidea, Max Brisson UMPko kontseilari nagusia, Frederique Espagnac PSko senataria, Jean Jaques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentea, Michel Larralde CFDT sindikatuko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusia, Xabi Larralde Batasuneko kidea eta Jean Lissar Europe Ecologie Berdeen bozeramailea. Xabi eta Michel ezik, gainontzekoak Aieteko konferentzian izan ziren iazko urrian.

PS kritikatuz hasi du hitzaldia Espagnacek, esanda bere burua gonbidatu behar izan zuela Aietera, PSk ez baitzuen ordezkaririk bidaltzeko asmorik. Frantziako Gobernua Aieten izateko eta Espainiako Gobernuaren jarrerari men egiteari uzteko beharra nabarmendu du. Xabi Larraldek, berriz, defendatu du Frantziak konponbidearen parte izan behar duela, besteak beste gatazka eragin izanaren parte delako: “Euskal gatazkak Iparraldean ez du izan Hegoaldean izan duen intentsitatea, baina horrek ez du esan nahi gatazkarik izan ez denik”.

BAIONA1

Nazioarteko esperientziak, bake prozesuak eta presoak

Aieteko Adierazpenaren printzipioak izan dituzte aztergai Brian Currin, Ray Kendall, Andy Carl, Hans-Joachim Giessmann eta Jean Pierre Massiasek, arratsaldeko lehen mahai-inguruan. Ray Kendall Interpoleko ohorezko idazkari nagusi eta NHTko kideak hartu du hitza aurrena, eta ziurtzat jo du ETAren jardun armatuaren behin betiko amaiera. Salatu du Nazioarteko Harreman Taldeak ez duela harremanik izan Espainiarekin, eta hori oztopo bat izan dela hasieratik. ”Beti dago une bat erabaki politikoak hartzeko, eta Espainiak erabaki beharko du presoen auziari nola erantzun”. Gogorarazi du Erresuma Batuak Espainiako Gobernuaren jarrera bera azaldu zuela Irlanda iparraldeko bake prozesuaren hasieran, baina gero konponbidearen alde jardun zuela.

Alemania ekialdeko esperientzia eraman du Baionara Hans-Joachim Giessmann Berghof Fundazioko zuzendari nagusiak; gauzak “patxadaz” egin behar direla nabarmendu du, arriskuak hartzeko  aproposa bilatzeko: ”Noiz arriskatu neurtu behar da. Luze joko du, baina gauzak patxadaz egin behar dira”.

Andy Carl Conciliation Resources-eko zuzendari nagusia Fidji irletan izan da, eta gobernu militar bat aldaketa prozesu batera bultzatzeko era aipatu du: ”Gizarte zibilaren irudimenaren boterea oso garrantzitsua da”. Carlen esanetan, “hiztegi berri bat” landu zuten gobernuarekin, besteak beste herritarrei galdetzeari buruz gogoetatuz.

Amnistiaren auzia “oso konplexua” dela nabarmendu du Brian Currin Hego Afrikako abokatu eta NHTko kideak, eta esan du bereizita landu behar direla bake prozesua eta amnistiaren gaia. Currinen hitzetan, Irlandan amnistiarik eman gabe urte gutxiren buruan preso gehienak askatzea lortu zuten, preso horiei baldintza batzuk ezarrita. “Horrek desblokeatu zuen egoera”, gehitu du. Hala ere, Euskal Herrira etorrita, hau esan du: “Egoera honetan ez dago inolako justifikaziorik presoen sakabanaketarekin jarraitzeko”.

BAIONA

ETAren ondoren, “berreraikuntza soziala”

Sarrera hitzaldian, Bake Bidea taldeko kide batek Aurore Martin Batasuneko kidearen egoera aipatu du —Frantziak duela hilabete eta erdi atxilotu, eta Espainiaratu egin zuen—; gero Jean Pierre Massias Zuzenbideko irakasleak Aieteko Konferentzia goretsi du. Haren arabera, bake prozesua aurrera egiten ari da — “ez du porrot egin”–, eta historiarako oso garai garrantzitsua izaten ari da.

ETAren indarkeriaren amaieraren ondoren “berreraikuntza soziala” dagoela azaldu du unibertsitate irakasleak, eta Aieteko bilkurak “muga gainditu” izana ere aipatu du, foroa Baionan egiten ari direla eta.

Iluntzean bukatuko da topaketa.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s