“ASTAKERIA”

Posted: 2012/12/05 in berria

 

 

celaa

Wert1

Hezkuntzaren inguruko “akordio guztiak apurtzea” egotzi dio Zelaak Werti

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak salatu du “bereiztailea, bidegabea eta baztertzailea” dela Espainiako Gobernuak proposatu duen hezkuntza erreforma. “PPk Madrilgo erkidegoko eredua ezarri nahi du, Esperanza Aguirrek sustatu duena”. Horren aurrean dei egin die alderdi politikoei eta eragileei EAEko hezkuntza sistema defendatzera.

 EH Bilduk legebiltzarreko taldeen bozeramaileen ezohiko bilkura eskatu du, baina Bakartxo Tejeriak erantzun du batzorde haren eginkizuna ez dela hori.

“Akordio guztiak apurtzea”. Horixe egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Isabel Zelaak Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werti. “Egin nahi duen erreforma PPk PPrentzat egindakoa da. PPren eskuin muturrean daudenak asebete nahi ditu”. Wertek atzo iragarri zuen erreforma.

Atzo egin bezala, Zelaak salatu du euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtu nahi duela Wertek, “espezialitateko” hizkuntza bihurtuz. “Gezurra da orain arte ez zenik bermatzen gazteleraz ikastea”. Ikasleen artean ezarri nahi duen “bereizketa” ere kritikatu du: “Parekidetasun eta berdintasun printzipioen aurka doa”. Erlijio ikasgaiaren inguruan zegoen adostasuna hankaz gora jartzea ere leporatu dio. Erreformak “kostu sozial handia” izango duela uste du. “Ikasleentzat, irakasleentzat, familientzat, autonomia erkidegoentzat… Guztientzat izango du”.

Horren aurrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema defendatzera deitu ditu alderdi politiko eta gizarte eragileak. “Blindatu egin behar dugu, orain arte emaitza apartak eman baititu”. Helegitea jartzeko aukeraz galdetuta, nabarmendu du erreformak lege izaera hartu arte ezin dela hori egin. “Hori kudeatzea dagokionak hartu beharko du erabakia. Baina gure sistemaren eta eskumenen aurka joanda, helegitea jartzearen aldekoak ginateke gu”.

EH Bilduk legebiltzarraren ezohiko eta premiazko bilkura eskaera ez du onartu Tejeriak

EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen ezohiko eta premiazko bilkura eskatu du gaur, taldeen gehiengoak Espainiaren erreformari ezezkoa emateko. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak erantzun du Bozeramaileen Batzordean eztabaidatu nahi den gaia ez dagoela organo horren eginkizunen artean. “Eskatu den deialdiaren xedea eztabaida sortzea da, erantzun edo ebazpen bat izateko, eta hori erabaki ahalmena duen ganberaren organo bati dagokio, hala-nola batzorde bati edo osoko bilkurari”, dio Tejeriaren oharrak.

Unai Urruzuno eta Belen Arrondo legebiltzarkideek esan dute erreformak ez duela aintzat hartzen euskal gizartearen hezkuntz eta hizkuntz errealitatea. “Beharrezkoa dugu herri burujabea izatea, honelako inposaketen menpe ez egoteko”.

Ia aho batezko erantzuna: «Atzerapausoa»

 

 

«Atzerapauso izugarria». Adierazpenak egin dituztenen artean, halaxe definitu dute PP ez beste alderdi politikoek eta eragile sozialek Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma. «Astakeria», «euskarari eginiko eraso larria», «diktaduraren itzulera…». Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren hitzek erreakzio gogorrak sortu dituzte, baina denak ere baikor dira Madrili aurre egiteko eta asmoak bertan behera uzteko. EAEko PPko buru Antonio Basagoitik soilik txalotu du hezkuntza erreforma; haren ustez, orain orekatu egingo dira euskara eta gaztelania: «Hemen, urteetan euskara gaztelaniaren aurka erabili dute, baina kito. Garrantzitsuena heziketa izango da; hezkuntzaren kalitatea eta zentzu komuna».

Bestelako interpretazio bat egin dute EAJk, EH Bilduk, Amaiurrek eta ezker abertzaleak —PSE-EEk eta UPDk ez dute iritzirik kaleratu—. Ezker abertzaleak «inposizioa» sumatu du: «Guretzat oso erabaki larria da Espainiak inposatu nahi digun neurria. Hankapean utzi nahi digute euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea, debekurako bidean jarrita». Hezkuntzak 40 urte atzera egingo duela adierazi du, «frankismoaren garaira». Horren aurrean argi eta garbi du zein den konponbidea: «Erabaki oker horiei aurre egin eta ozen erantzutea dagokigu, hezkuntza sistema propioa izan dezagun».

Hori lortzeko, Euskal Herriak burujabe behar luke izan, EH Bilduren hitzetan; ordea, halako erabakiekin «ezinezkoa» da, Werten nahia ikasleak «espainiartzea» dela uste baitu: «Hezkuntza ministroak berak esan zuen zein zen bere nahia, eta hori lortzeko hartu du neurri bidegabea». Amaiurrek bazterketa sumatu du: «Euskara, katalana eta halako hizkuntzen bazterketa bultzatzen du lege honek; bigarren mailako bihurtzen ditu».

Eragile sozialen artean ere haserrea eragin du PPren proposamenak. Ez edonolako haserrea, gainera. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea da: «Aspaldian zirriborroak bata bestearen atzetik egiten ari da Wert, eta gero eta ezusteko handiagoak hartzen ari gara. Atzerapauso ikaragarria eragingo luke hezkuntza erreformak. Euskal gizartearen kontrako bidean doa». Estatuak enborreko ikasgaien kontrola izango lukeela nabarmendu du: «Dena haien menpe izango lukete. Guk apenas sartu ahal izango genukeen eskurik. Espainia bat eta askea leloa nagusitzea da estatuaren helburua».
Tellituk urte asko daramatza lanean ikastolen eta euskararen alde. Lehen ere koska handiak gainditu dituela azaldu du, eta orain ere prest dagoela edozeri aurre egiteko: «Gizarteak emango duen erantzunarekin proposamenak aurrera ez egitea espero dut. Hala izango ez balitz, aspaldiko bideari ekin beharko genioke berriz, baina ziur nago gure hizkuntzak aurrera egingo lukeela». Lourdes Imaz EHIGEko koordinatzailearen arabera, ikasleek eskubide osoa dute euskaraz ikasteko: «Ikasleen euskalduntzea bermatuta ez egotea oker larria litzateke, oso larria».

Proposamenak aurrera egiten badu, aspaldiko «astakeriarik» handiena egingo du Espainiako Gobernuak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan: «Euskarari eginiko eraso baten aurrean gaude. Hizkuntzaren berreskuratze prozesuan ondorio larriak izan genitzake. Ulertezina da Madrilen jarrera». Horrela ikasleek euskaraz hizkuntza gaitasun egokia edukitzea «ezinezkoa» dela salatu du: «Hezkuntzan dugun eskumena urratzeaz gain, Espainiak ezarrita duen ofizialtasuna bera ere urratu egiten du, eta erabat babesgabe uzten du gure hizkuntza komunitatea. Horrekin batera, Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren artikulu bat ere zuzenean urratzen du».

 

 

ELA eta LAB ere, haserre
ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute hezkuntza erreformaren aurka. ELAk Werten erreforma geratzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, guztiaren atzean «Espainiaren obsesio ideologikoak» daudelako. LABek, berriz, «erasoak» tamainako erantzuna behar duela adierazi du: «Guk lortutako adostasun zabalen gainetik, PPk bere neurriko hezkuntza ezarri nahi du, ideologia neoliberal, klasista, elitista eta neofrankistaren araberakoa. Herriak erantzun behar dio horri».

Ikasle Abertzaleak antolakundeak ere plazaratu du iritzia, «Werten eraso berria salatzeko».

Erreforma frankista dela esan du. Sortzen-Ikasbatuaz-ek adierazi du ikasle «euskaldun eleanitzak» sortu behar direla, eta Espainiaren asmoak «bazterrera utzi».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s