“OSO INPOSAKETA LARRIA”

Posted: 2012/12/04 in HEZKUNTZA

Euskarazko murgiltze ereduak egitea debekatuko du PPk

wert

Euskarak eta gaztelaniak “oreka” izan beharko dute eskoletan, Espainiako Gobernuaren zirriborroaren arabera.

Estatuak erabateko kontrola izango du “enborreko” ikasgaietan —Historian, kasu—.

Euskara ez dute ebaluatu ere egingo DBH eta Batxilergo amaierako azterketetan.

Hezkuntza erreformari beste estutu bat eman dio Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak: gaztelania ez den beste hizkuntza batean murgiltze eredua ezartzea debekatu egin du. Euskarak pisu handia galduko du hezkuntzan, Madrilen oraingo proposamenarekin: hizkuntzetan, laugarren izango litzateke, gaztelaniaren eta atzerriko bi hizkuntzaren atzetik. Gaztelaniak eta euskarak “pisu orekatua” izan beharko dute; hala ez dela uste badute, gurasoek eskola pribatuetara bidali ahalko dituzte umeak, eta gero administrazioari pasatu gastuak.

Gaur arratsaldean dute bilera Wert ministroak eta hezkuntza kontseilariek. Hego Euskal Herritik, han izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde bat eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. PPren proposamena hedabide batzuetara aurreratu du jadanik Hezkuntza Ministerioak.

1. Hizkuntzak. Gaztelaniaz ikasi ahal izatea “bermatu” egingo du PPk. Murgiltze eredurik ezingo da egin, “oreka” izan beharko baitute gaztelaniak eta euskarak. Zirrikitu bat bada euskarari lehentasuna emateko, baina erabat mugatua: “Tratu berezia eman ahalko zaio hizkuntza koofizialari, baina horrekin ezingo da, inolaz ere, gaztelania diskriminatu”. Ez dute zehaztu “diskriminatzea” zer den, ez “oreka” zeri esango dioten, ez nork erabakiko duen hori. Bidea jarri dute umeak eskola pribatuetara bidaltzeko, gaztelaniaz ikas dezaten; gurasoek ez badute sare publikoan edo itunpekoan ikusten bermatuta dagoela aukera hori, eskola pribatuetara jo ahalko dute, eta gastuak administrazioari pasatu.

2. Estatuaren kontrola. Hasierako asmoetatik beste urrats bat egin du aurrera Wertek, eta ikasgai batzuen curriculuma erabat kontrolatuko du estatuak. Gaur egun, honakoa da banaketa: Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak edukiaren %45 ezartzen dute, eta Espainiak, %55. Wertek orain hurrena proposatu zuen Hegoaldean %35 izatea eta Madrilen %65. Orain harago jo du. “Enborreko” ikasgaietan Espainiak izango du zeresana. Honakoak dira: Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Gizarte Zientziak, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia, eta Latina. Erkidegoen eta ikastetxeen esku beste ikasgai batzuk geratuko dira; Erlijioa, Plastika, Filosofia eta Gorputz Heziketa, esaterako.

Amaierako azterketak izango dira DBH eta Batxilergoa amaitzean. “Enborreko” ikasgaiak sartuko dira horietan —estatuak zehaztuko dituenak—, eta “espezifiko” bat. Euskara horiek baino atzerago dago; “espezialitatekoa” izango da, eta ez dute amaierako azterketan sartu ere egingo. Madrilgo gobernuak izango du proba horiek zehazteko ardura.

3. Erlijioa. Elizaren aldarriari jaramon egin dio PPren gobernuak, eta arautu egin du Erlijioa ikasgaia nahi ez dutenek beste ikasgai bat eman beharko dutela: Balio Kultural eta Sozialak izeneko ikasgaia izango dute Lehen Hezkuntzan, eta Balio Etikoak, Bigarren Hezkuntzan. Erlijio ikasgaiko kalifikazioek ez dute balioko batez bestekoak egiteko, baina erabakigarri izango dira ikasturtea gainditu edo ez erabakitzerakoan. Herritartasunerako Hezkuntza eta haren ostean Wertek berak proposatutako Heziketa Zibiko eta Konstituzionala desagertu egingo dira.

Wert1

Alderdi politiko eta eragileek gaitzetsi egin dute Werten proiektua

PPko presidente Antonio Basagoitik soilik jo du egoki proposamena, “euskararen eta gaztelaniaren oreka” helduko delako.

·EAJren arabera, Wert ministroaren erreformaren atzean “Espainiaren obsesioak” daude. Aitor Esteban Espainiako Kongresuko diputatuak uste du Kataluniaren aurkakoa dela neurria: “Murgiltze eredua hautsi nahi dute”. Eskumenak kendu nahi izatea egotzi dio Madrili: “Euskadik eta Kataluniak era esklusiboan zituzten eskumenak, eta gobernua alderik alde zulatzen ari da”. Euskarak eta gaztelaniak “oreka” izan behar dutela dio Madrilen proposamenak. “Bere horretan hartzen badugu, B eredua soilik baimenduko litzateke”.

· Ikastolen Elkartearen esanetan, atzerapauso izugarria da Wertek proposatu duen neurria, “Francoren garaira” itzultzea bezalakoa. Koldo Tellitu presidentearen arabera, “euskal gizartearen kontrako bidean doa neurria, eta hezkuntzari zein hizkuntzari egiten dio kalte”. Zirriborroak aurrera ez egitea espero du, “gizarteak emango duen erantzunarekin” Espainia ausartuko ez delakoan; ausartzen bada, “orain 30 urteko bide berari” ekitea besterik ez da geratuko, haren esanetan.

· ELAk eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Werten neurri “espainiarra” berehala gelditzeko: “Madrilgo gobernuaren inposaketari aurre egiteko garaia iritsi da”. ELAk nabarmendu du EAEk zein Nafarroak euren hezkuntza sistema behar luketela.

· Sortzen Ikasbatuaz-en iritziz, herritarren asimilazioaren bidean beste bultzada bat da zirriborroa: “Gure hizkuntzak eta kulturak ondorio larriak izan ditzakete neurri guztiekin, kulturaren, nortasunaren homogenizazioa indartzeko asmoa baitago guztiaren atzean”.

· Kontseiluak esan du astakeria bat dela Werten asmoa. Hitz batean, “hezkuntzari eta hizkuntzari eginiko erasoa”. Ulertezin egin zaio PPren jarrera: “Gure hezkuntza sistemak ikasle euskaldun eleaniztunak lortu ditu, eta iruditzen zaigu atzerapauso galanta izango litzatekela. Gainera, beraiek hori badakite”. Europako itunaren 8. artikulua ere urratuko lukeela gogorarazi du Kontseiluak.

· Amaiur eta EH Bilduren arabera, “PPren gobernuak hezkuntza sistema osoaren zentralizazioa du helburu. Alegia, guztia espainoltzea”. Euskara bigarren mailako bihurtu nahi dutela adierazi dute.

· Ikasle Abertzaleek adierazi duenez, euskararen kontrako eraso bortitza egin dute Madrildik, eta “Euskal Herriko sektoren ezberdinen artean erantzun bateratu bat” eman beharra dago.

·LABek dioenez, PPk bere neurriko hezkuntza ezarri nahi du, “bere ideologia neoliberal, klasista, etilista, neofrankistaren” araberakoa.

·Ezker abertzalearen iritziz, Espaniak “inposatu” nahi duen hezkuntza dekretu berria “oso erabaki larria” da, euskara “debekurako bidean” jartzen duelako. “Curriculuma erabat inposatu nahi digute eta gure seme-alabek ikasi beharreko materia guztiak Madrildik erabaki nahi dituzte, euskal curriculumerako aukerak zapuztuz”.

EUSKARA2

EUSKARA

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s