EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU!

Posted: 2012/12/02 in Euskara

Nahia ahalmen bihurtzeko

Milaka euskaltzalek egin dute euskaraz bizitzeko aldarrikapena Donostian, eta «erabaki ausartak» eskatu dituzte

Herri gogoa aktibatzeko «inflexio puntua» izango da martxa, Kontseiluaren ustez

 


 

Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia sendoa dela erakutsi zuten atzo milaka lagunek Donostiako kaleetan, duela zortzi hilabete Baionan eta duela bi urte Iruñean erakutsi bezala. Kontseiluak deitutako manifestazioak, Euskaraz bizi nahi dugu lelopean, kilometro pasatxoko luzera hartu zuen Anoetan abiatu eta Bulebarrera bidean. Termometroek lau gradu eskas markatu arren, hotzak ez zituen kikildu euskaltzaleak, eta milaka herritar atera ziren bufanda, txapel eta eskularruak jantzita kalera, gizarteari mezua argi helarazteko : «Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat». Eta hori ahalbidetzeko, «erabaki ausartak» hartzeko deia egin zieten arduradun politikoei.

Herri bat, hizkuntza bat!, Euskal Herrian euskaraz! eta Euskaraz bizi nahi dugu! izan ziren Anoetatik Bulebarrerainoko ibilbidean gehien entzundako oihuak. Lagun arteko eta familia arteko giroa izan zen nagusi, eta txistu eta dultzaina doinuek animatu zuten martxa. Manifestazioko pankarta nagusiari bidea zabaltzen dozenaka lagun joan ziren, eskuetan beste horrenbeste aldarrikapenekin: Euskaraz gozatu nahi dut, hitz egin, lan egin, jolastu, gozatu, idatzi, bizi

Nahi izatea, ordea, ez da nahikoa izaten askotan eta, Itziar Saenz de Ojer donostiarraren testigantzak amaiera ekitaldian azaldu zuen bezala, egunerokoan aurkitzen ditu oztopoak euskaldunak: «Gaur goizean tabernara joan naiz. Kafesne bat nahi nuen, baina café con leche bat hartu behar izan dut». Medikuarekin, pediatrarekin eta administrazio publikoko leihatiletan izandako ezintasunak ere azaldu zituen, baina euskaraz bizitzeko nahiari tinko eta determinazioz eutsiko diola berretsi zuen, eta denen artean lan eginda zailtasunak gaindi daitezkeela gaineratu zuen. «Gaurkoa ez da oztopoak zerrendatzeko eguna», esan zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Saenz de Ojerren ostean. «Gaur harrotasunerako eguna da».

Atzo Donostian euskaraz bizitzeko erakutsitako nahiak eta sineste sendoak euskararen berreskurapen prozesua azkartu behar du, Bilbaoren esanetan. Are gehiago, Kontseiluaren ustez, atzoko manifestazioa herri gogoa berraktibatzeko «inflexio puntua» izango da. «Erakutsi dugu bagarela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta, beraz, euskararen herriari, guri, dagokigu euskaraz bizi ahal izateko baldintza politiko, ekonomiko eta juridikoak erdiestea».

 

EUSKARARZO

Euskaraz bizitzeko nahiak hizkuntzaren berreskurapen prozesua azkartu behar du, «bai ala bai», Bilbaoren ustez. «Bizitzeko nahiak ekarri du euskara gaur egunera, eta bizitzeko nahiak eramango gaitu berreskurapenera». Bide horretan, ezinbestean, erabakiak hartu behar dira, eta Kontseiluak argi ditu zeintzuk diren bi nagusiak: lehenik, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko politikak hartzea eta, bestetik, erabilera bermatzeko espazioak sortu eta hedatzeko erabaki irmoak hartzea. «Erabaki ausartak behar ditugu», nabarmendu zuen Bilbaok, eta lasai egoteko esan zien arduradun politikoei, «urteetako lanaren ostean euskalgintzak prest dituelako tresna eraginkorrak».

Euskaldunen garaia

Egiteko dagoen bidea ez dela makala aitortu zuen Bilbaok, baina euskalgintzaren eskarmentua ikaragarria dela ere aitortu zuen. «Azken hamarkadotan erakutsitako determinazioari esker, pentsaezinak izan zitezkeen tresnak sortu ditugu euskaraz bizitzeko: hezkuntzan, sorkuntzan, helduen euskalduntzean, hedabideetan, interneten, zientzian, lan munduan, motibazioan… Harro egoteko modukoa da euskalgintzak egin duen ekarpena».

Azken aldian Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetan izandako aldaketak gogoan hartu zituen Kontseiluko idazkari nagusiak, baita hemendik gutxira izango direnak ere. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabaki ausartak hartzeko moduan daudela uste dugu. Erakunde gehienetan gaur erakusten ari garen euskaraz bizitzeko nahi irmoari erantzuteko erabakiak hartzeko aukerak daudela uste dugu. Hortaz, ekin diezaiotela berandu baino lehen nahi hori errealitate bihurtzeari», dei egin zuen Bilbaok.

«Eskubidezkoa delako, justiziazkoa delako», atera ziren Donostiako kaleetara milaka herritar; «betidanik bizi izan delako lurralde hauetan euskaraz, euskaraz berba eginez, etorkizuna eraikitzen ari garelako». Manifestaziora bildutako jendetzaren animoa hauspotu zuen, gainera, Bilbaok: «Gure garaia iritsi da, lagunok, euskaraz bizi nahi dugunon garaia. Eta horretarako formula magikorik ez dago, pasioa, determinazioa eta lana baizik».

Euskaldun bakoitzari bere burua eragile bihurtzera deia egin zion Bilbaok. «Gauzak alda ditzakegula sinetsi behar dugu. Hemen bildu garenetako bakoitzak, zuotako bakoitzak, aukera du eragile bihurtzeko, euskaraz biziz eta euskaraz bizitzearen arabera jardunez. Parte hartzen dugun gune guztietan gure nahia mahai-gaineratuz, ikusgarri bihurtuz».

 

EUSKARAZTZOO

Mikel Laboa gogoan

Atzo lau urte hildako Mikel Laboak presentzia berezia izan zuen manifestazio osoan zehar. Hainbat aldiz entzun ziren bere kantuak martxan, eta amaiera ekitaldian Irati Odriozolak eta Lorea Intxaurrandietak Laboaren Gure hitzak kantatu zuten gitarraren laguntzarekin. Bilbaok, bere hitzaldian, abestiaren letra gogorarazi zuen: Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal.

«Ez dira ahaztuko, ez, lagunok, gure hitzak, ez dira inoiz galduko», ziurtatu zuen Bilbaok. «Horren testigantza bizia erakutsi dugu Donostiako kaleetan. Aberatsak gara, euskara dugu. Zoriontsuak gara, ez diogu beldurrik lanari, euskararen herria ez da etsipenean erortzen».

 

 

%27

Euskaraz badakitenen kopurua Euskal Herrian.

Euskal Herriko zazpi herrialdeak aintzat hartuta, euskaraz dakitenak %27 dira. Azken inkesta soziolinguistikoak, 2011koak, azaleratutako zenbakia da. Mantso egin du gora euskaldunen kopuruak azken urteetan. Lehen inkesta soziolinguistikoa 1991koa da; orduan %22 ziren elebidunak. Hamar urtera apenas igo zen kopurua (%22,3); 2006an, berriz, %25,7 ziren. Herrialdetik herrialdera aldaketa handiak daude euskaldunen portzentajeari dagokionez. Gipuzkoa da Euskal Herriko herrialde euskaldunena: herritarren %49,9k badakite euskaraz. Nafarroan, berriz, %11,7k dakite.

 

EUSKARATZO

 

%16,1

Erdaraz adina edo gehiago euskaraz egiten dutenak.

Euskararen erabilerak ere mantso egin du gora azken bi hamarkadetan. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskal herritarren %16,1ek erabiltzen dute euskara erdara adina edo gehiago. Bestela esanda: herritarren %84 erdaraz mintzatzen dira gehienetan; eta %70, beti. Bost urtean zortzi hamarren igo da euskara erdararen pare edo maizago darabiltenen kopurua —2006ko inkestak %15,3ko erabilera azaleratu zuen—. Hogei urteko bilakaera aztertuta ere, igoera mantsoa erakusten dute azterketek. 1991ko ikerketan, lehenbizikoan, %13,7koa zen herritar horien portzentajea; 2001ean, %14,6koa.

 

30.000

Googlek bihar Euskaren Eguna dela adieraztearen aldeko sinadurak.

Eusko Ikaskuntzak bultzatuta, Interneteko Google bilatzaileak bihar Euskararen Eguna dela adieraztearen aldeko sinadura bilketa egin dute. 30.000 baino gehiago batu dituzte, eta Googleri eskaria bidali.

 

@sarean

Bihartik aurrera euskararen inguruko kanal bat izango da Berria.info atarian. Hiru zati izango ditu: BERRIAn argitaratutako albiste, iritzi eta bestelakoak; hizkuntz eskubideez salaketak egiteko toki bat; eta euskarari buruzko informazioa. Hainbat kolaboratzailek idatziko dute.

http://kanalak.berria.info/euskara/

 

EUSKARA2

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s