ESTATU PROPIOAREN ALDEKO INDARREK IRABAZI DUTE

Posted: 2012/11/26 in HAUTESKUNDEAK

Estatu propioaren aldeko indarrek lehen baino diputatu bat gehiago izango dute

Botoen %100 zenbatuta: CiUk 50 legebiltzarkide lortu ditu Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ERCk 21, PSCk 20, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Beraz, autodeterminazio galdeketaren eta estatu propioaren aldeko diputatuak 135etatik 87 izango dira.

 Desio zuen gehiengo osotik urruti geratu da CiU; duela bi urte 62 aulki eskuratu zituen.

Orain arteko legebiltzarrerako hauteskunde indentitarioenak izan dituzte Katalunian; bertako abertzaleek gogor jokatu dute, independentziaren aldeko apustu handia eginda, baina Espainiak ere fuerte jo du —hedabide batzuetatik Artur Masen-eta Suitzako ustezko kontu korronteak ateraz—, eta, azkenean, hiru emaitza nagusi eman dituzte bozek:

– 1. CIUk erraz irabazi du, baina desio zuen gehiengo osotik urruti geratu da, dozena bat aulki galdu baititu.

– 2. Autodeterminazioaren eta estatu propioaren aldeko indarrak (CiU, ERC, ICV , CUP) parlamentuaren %64 izango dira; aurreko legealdian baino aulki bat gehiago izango dute (lehen 86 aulki —SIk lau—, orain 87). PSC, PP eta Ciutadansen baturak lehen aldean bat gutxiago eman du (lehen 49, orain 48).

– 3. Dena ez da, baina, nortasun nazional kontua; murrizketak ere hor dira. Horiek Katalunian eta Espainian gogor ezartzen ari dira CiU eta PP, eta 69 aulki dituzte. Gehiengo osoa.

– CiU (50 aulki, botoen %30,6). Katalunia estatu propiora eramango duen presidentea izan nahi du Masek, eta parlamentuan zenbakiek ematen diote bide horri ekiteko, beste talde batzuekin kontatuta. Aise irabazi ditu hauteskundeak CiUk, baina gehiengo osoa lortu nahi zuen (68 aulkitan dago) eta 50ean geratu da. Duela bi urte, 62 eskuratu zituen. Bakarrik goberna dezake, baina autodeterminazio galdeketa burutzeko gutxienik ERCren babesa beharko du. ERCk, bide batez, murrizketen politika baldintzatu nahiko dio.

– ERC (21, %13,6). Oso emaitza onak izan ditu. 2003an jo zuen goia, Josep Luis Carod Rovirarekin, 544.000 boto eta 23 parlamentari lortu zituztenean (%16,5), 2006koetan pixka bat behera egin zuen (416.000 boto, 21 aulki), baina duela bi urte hondoa jo zuen (218.000 boto, 10 aulki). CiU gehiengo osotik hemezortzi aulkira geratu da, eta ERCk baditu aulki horiek —21 lortu ditu, ia 500.000 boto; Oriol Junqueras aurkeztu du lehendakarigai—. Masek galdeketa egin nahi badu eta estatu propioa lortzeko xedea badu, ERC parlamentuan erabakigarria izango da.

– PSC (20, %14,4). Berriz ere behera egin du. Bere inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu: 20 aulki, 520.000 boto. Lekutan dira Pasquall Maragallekin 2003an erdietsitako 1.031.000 botoak eta 42 legebiltzarkideak. Azken bi hilabeteetan lekuz kanpo gelditu da burujabetzaren eztabaidan. Pere Navarro hautagaiak iragarri du erreferenduma babestuko duela, baina Espainiarekin adostuta egiten bada betiere, eta burujabetzaren aurka bozkatuko duela. Independentziaren ordez, federalismoa proposatu du. Politika sozialei garrantzia eman nahian, CiUren murrizketen aurka azaldu da, baina PSOE oraintsu arte Madrilen murrizketak egiten ibili da. PSOE krisian da. PSC bide propioa ezin aurkituta dabil.

– PP (19, %12,9). Identitate kontuak nagusi izan diren hauteskunde hauetan, PPk kanpaina gogorra egin du, katalan espainolak bereganatu nahian, baina duela bi urteko boz arruntetatik aulki bakarra irabazi du. Bere emaitzarik onenak izan dira, baina 135 legebiltzarkideetatik 19 baino ez ditu, %14 baino ez.

– ICV (13, %9,8). Erregular segitzen du. 2003an, gora egin eta 9 aulki lortu zituen. 2006an, 12, eta duela bi urte, 10. Orain, 13. Ezkerreko politikak ditu lehentasun, baina, Kataluniako indar politiko den aldetik, autotderminazio galdeketaren alde ere egiten du, eta ez du baztertzen estatu propioa. Parlamentuan ez da talde erabakigarria izango, baina zeresanik izango du.

– Ciutadans (9, %7,5): Kataluniako parlamentuan 9 aulki asko ez badira ere, Ciutadansek nabarmen egin du gora, duela bi urte 3 lortu zituelako. Espainian UPD izaten ari den gorakada —Katalunian boz hauetan %0,4—, Katalunian Ciutadans izaten ari da, antzeko politika eginda.

– CUP (3, %3,4). Ezkerreko koalizio independentista lehen aldiz aurkeztu da Kataluniako Legebiltzarreko hauteskundeetara, eta parlamentuan sartzea erdietsi du, 3 aulkirekin. 120.000 boto pasa jaso ditu —2011ko udal bozetan, 62.000 boto—. Ez da talde erabakigarria izango legebiltzarrean, baina ERC eta ICVrekin batera ezkerreko lan garrantzitsu bat egin dezake (36 aulki hiruren artean); hirurak, gainera, galdeketaren aldekoak dira.

– Aulkirik lortu ez duten batzuk: PxC eskuin muturrekoak botoen %1,6 jaso ditu, SIk %1,2 —duela bi urte, lau aulki—, eta UPDk %0,4.

2010eko hauteskundeak

– CiUk 62 aulki lortu zituen (%38,4).
– PSCk 28 (%18,3).
– PPk 18 (%12,3).
– ICVk 10 (%7,3).
– ERCk 10 (%7).
– SIk 4 (%3,2).
– Ciutadansek 3 (%3,3).
– CUP ez zen aurkeztu.

Generalitateko 130. presidentea

Gaurko hauteskundeen ondoren, pare bat hilabetera, Generaliteko 130. presidentea izendatuko dute, aintzat hartuta erakundea 1359an eratu zutela.

1975ean frankismoa bukatu zenetik, berriz, bost agintari izan dira:

– Josep Tarradellas (ERC): 1977-1980, behin-behinean —1954tik zuen kargua; ordutik 1977ra erbestean izan zen—.
– Jordi Pujol (CiU): 1980-2003.
– Pasqual Maragall (PSC): 2003-2006.
– Jose Montilla (PSC): 2006-2010.
– Artur Mas (CiU): 2010-?.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s