“OSASUNTSU EGOTETIK URRUN”

Posted: 2012/11/25 in Euskara

Euskararen Legearen argi-ilunak azalarazi dituzte 30. urteurrenean

Egungo legea gainditu behar dela uste dute Euskal Herrian Euskaraz-ek, Euskararen Erakundeen Kontseiluak eta EH Bilduk

Geroko arrakasta orain arteko bidearekin jarraitzea dela esan du Eusko Jaurlaritzak



Guztiek onartu dute euskarari egin dion ekarpena, baina, etorkizunari begira, gainditzeko beharra ikusten dute batzuek, eta hura garatzen jarraitzeko beharra besteek. Hausnarketa horiek utzi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 30. urteurrenak. Eusko Jaurlaritzak legearen eztabaidan eta onarpenean parte hartu zutenak omendu zituen atzo. Ekitaldian, Blanca Urgell Kultura sailburuak adierazi zuen legeak «zutarriak» ezarri zituela euskara gizarteko alor guztietan garatu ahal izateko. Kontseiluak, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta EH Bilduk oso bestelako interpretazioa egin zuten 30 urte hauetaz. Marko juridiko eraginkorrago bat aldarrikatu zuten, eta urrats sendoagoak normalizazioaren bidean.

Euskararen Legearen eztabaidan eta onarpenean parte hartu zuten legebiltzarkideetako batzuk bildu zituen atzo Miramar jauregian Eusko Jaurlaritzak; omenaldia jaso zuten Pedro Miguel Etxenikek, Jose Antonio Maturanak, Inmaculada Bonetak, Jose Luis Lizundiak eta Alfredo Marco Tabarrek. Guztiek nabarmendu zuten legea onartzerakoan izan zen adostasuna; baita euskarari egin dizkion ekarpenak ere. Hori bai, bakoitzak bere ñabardurak egin zituen.

Urgell jarduneko Kultura sailburuaren arabera, 30 urte igaro eta gero euskararen egoera «ez da ideala, baina bai osasuntsua». Haren esanetan, legeari esker orduan ezarri ziren hainbat helburu gainditzea lortu da. «Baina oraindik badago zeregina, eta legeak oinarrizko printzipioak ezarri zituen horretarako» .

Patxi Lopez jarduneko lehendakariaren hitzak ekarri zituen atzoko ekitaldira Urgellek. Lopezen ustez, onartu zenean baino babes handiagoa du orain legeak. «Hori euskal gizartearen lorpen bat izan da, eta euskara era mailakatu batean berreskuratu eta hedatzearen aldeko borondate nagusiaren isla». Lopezen irudiko, euskarak «inoizko garapenik handiena» erdietsi du. «Aurrerantzean, 30 urte hauetako bideari eustea izango da, ezbairik gabe, arrakastaren giltza».

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek ere ekitaldiak egin zituen Euskararen Legearen 30.urteurrena gogoratzeko. Hainbat herritan, elkarretaratzeak egin zituzten, eta arratsaldean, giza katea Gasteizen. Andre Mari Zuriaren plaza eta Eusko Legebiltzarra lotu zituzten. Euskararen minorizazio prozesua gelditu ez izana egozten dio legeari EHEk: «Iparrik gabeko 30 urte izan dira, sumisioan oinarritutako 30 urte». Ezagutzaren unibertsalizazioaren eta espazioen euskalduntzearen alde egin du EHEk.

30 urteren ostean ziklo bat gainditu dela uste du Paul Bilbaok, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. Haren ustez, hausnarketa bat egiteko unea da. «Legeak ekarpenak egin dizkio euskarari, baina hutsune nabarmenak ditu. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero kaleratzen duen txostenean agerian geratzen da euskaldun askori urratu egiten zaiela euskaraz bizitzeko eskubidea». Hori dela eta, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duen marko juridiko eraginkor bat eskatu du Bilbaok.

Datorren larunbatean Kontseiluak egingo duen manifestazioari atxikimendua azaltzeko ekitaldi batean parte hartu zuen Bilbaok. Manifestazioari babesa azaldu diote, besteak beste, Joxe Juan Ugalde irrati esatariak, Urko Aristi eta Kike Amonarriz telebista aurkezleek, Martxel Toledo Esaiteko kideak, Xabi Solano Esne Beltzako musikariak… Guztiek lan egiten dute euskaraz, baina hortik kanpo euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea aldarrikatu dute.

Manifestazioaren karietara, Kontseiluak eskatu du balkoietan euskaraz bizitzearen aldeko oihalak jartzeko eta Twitterren galdera honi erantzuteko: «Zer da zuretzat euskaraz bizitzea?». Horretarako, #euskarazbizinahidut hitz gakoa erabiltzea proposatu du.

Beste akordio bat

Urgellek uste duenaren kontra, «osasuntsu egotetik urrun» dago euskara EH Bilduren arabera. «Lan handia egin da normalizazioaren bidean, baina, azken 30 urteetan garatutako hizkuntza politikekin jarraituz gero, euskara ez da normalizatuko».

Egoera hori gainditzeko, «euskararen inguruko akordio nazional berri bat» aldarrikatu du EH Bilduk. «Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea da gure helburua. Horretarako, beharrezkoa deritzogu beste hizkuntza politika batzuk indarrean jartzeari. Euskara eta euskararen erabilera lehenesten duten politikak onartu behar dira». Koalizioak bat egin du larunbatean Kontseiluak egingo duen manifestazioarekin, eta dei egin die herritarrei bertan parte hartzera.

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s