ESTATU BERRIA; “AMESKERIA”?

Posted: 2012/11/25 in HAUTESKUNDEAK

Ezohiko hauteskundeak

Gaur izango dira Kataluniako Legebiltzarrerako bozak, independentzia nahiak baldintzatuta.

Garbi dago autodeterminazioaren aldeko indarrek gehiengo osoa izango dutela Kataluniako parlamentu berrian, baita estatu propioaren aldekoek ere.

Galdera nagusia da CiUk izango ote duen gehiengo osoa.

135 aulki daude jokoan, eta 68 behar dira gehiengo osorako.

CiUk duela bi urte 62 erdietsi zituen.

 

Artur Mas Kataluniako Generalitateko lehendakariak irailaren amaieran legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen —gaur izango dira—, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak itun fiskalaz ezezkoa eman ondotik. Boz hauetako mamia, ordea, ez da itun fiskala, katalanen independentzia nahia baizik. Europan estatua izateko aukeraz datorren legealdian galdetzea onartu zuen irailaren bukaeran Kataluniako Legebiltzarrak, gehiengo handiz. Lehen aldiz dago gai hori hain nabarmen Katalunian. Ondorioz, ezohiko hauteskundeak izango dira gaurkoak.

CiU:  

Katalunia estatu propiora eramango duen presidentea izan nahi du Masek. Asko busti da azkeneko bi hilabete hauetan, Diadako manifestazioak baldintzatuta batez ere. Ondo etorri zaio horrekin jardutea bere gobernuaren murrizketa gogorrak albo batera uzteko.

ERC:

indartsu agertu da kanpainan. Catalunya Si herri plataformako aurpegi berriak baliatu ditu erakusteko alderdia bera ere aro berri batean dagoela, 2003-2010 bitarteko PSC-ERC-ICV gobernuak lagatako itzaletik aterata. CiUren politika neoliberalei muga jarriko dien alternatiba independentista gisa aurkeztu da. 

CUP:

ezkerreko koalizio independentista, politika “kaletik” egin behar dela ulertuta, azken urteotan udal hauteskundeetara baino ez da aurkeztu. 2011ko udal bozetan 62.000 boto lortu zituen, eta egun lau herritako alkatetza du. Nagusiki ERCrenak ziren botoak dira horiek.

SI:

2010ean legebiltzarrean sartzea lortu zuen. Presentzia horri eustea du xede, independentismoari laguntza emateko.

ICV:

Murrizketak salatu dituzte, baina autodeterminazioaren auzia bigarren planoan utzi dute; horregatik, epelkeria leporatu diete bi aldeetatik. Joan Herrera zerrendaburuak Greziako Syriza alderdi ezkertiarreko Alexis Tsipras izan du alboan kanpaina amaieran.

PSC:

lekuz kanpo gelditu da burujabetzaren inguruko eztabaidan. Erreferenduma babestuko duela Espainiarekin adostuta egiten bada, baina burujabetzaren aurka bozkatuko duela iragarri du Pere Navarro hautagaiak. Independentziaren ordez, federalismoa proposatu du. Politika sozialei garrantzia eman nahian, CiUren murrizketen aurka azaldu da.

PP:

erabat agertu da galdeketaren eta independentziaren kontra. Horixe izan du gai bakarra kanpainan. Murrizketak ez ditu aipatu, Madrilen PP bera gauza berean ari delako.

Ciutadans: 

identitatearen arloan PPren jarrera bera erakutsi du.

 

 

Estatu berria, “ameskeria”?

 

1990etik aurrera hamalau estatu berri sortu dira Europan. Eskozia bezala, Katalunia ere bidea egiten ari da.

Espainiako erregeak irailean zioen gaur egun egin daitekeen “txarrena, indarrak bereiztea eta ameskeriei jarraitzea” dela.

Irailaren 18an, Katalunia Diada historikoa iragan berri zela, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeak aurreneko aldiz gutun bat paratu zuen Errege Etxearen webgunean, gaur egun egin daitekeen “txarrena indarrak bereiztea, desadostasunak sustatzea, ameskeriei jarraitzea eta zaurietan sakontzea” dela esateko. Ez zituen katalanak aipatu, baina nabarmena zen katalanez ari zela. Diadako kolpea mahai gainean zuen erregeak. “Guztion artean aukeratu dugun eredu demokratikoa eta soziala defenditzeko garaia da”, bota zuen.

Kataluniako CEO Iritzi Ikerketen Zentroak duela aste batzuk plazaratu zuen inkestaren arabera, katalanen %74 autodeterminazio erreferenduma egitearen alde daude, eta %57k independentziaren alde bozkatuko luke; kontra, %20k.

Borroka ideologikoaren isla da azken asteetan Kataluniako balizko estatuaren aurka hiru agiri plazaratu izana ere. Federalismoaren alde egin dute batzuek, Espainiako Konstituzioaren alde beste batzuek eta enpresarioena izan da beste adierazpen bat.

Baina independentzia zaharkitutako ideia al da gaur egun? Europako azkeneko bi hamarkadei begiratuz gero, ez dirudi hala denik. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna 1990ean desegin zenean, hango kide ziren hainbat herrialdek independentzia prozesuari ekin zioten. Europan harrezkero sortu da bestelako estatu berririk ere, eta 2014an Eskozian independentzia galdeketa egingo dute, Erresuma Batuaren baimenarekin.

Katalunian ere bide beretik doa gehiengoa. Hain zuzen, Europan estatua izateko aukeraz datorren legealdian galdetzea onartu zuen irailaren amaieran Kataluniako Legebiltzarrak.

 

Estatu berriak Europan 1990etik aurrera

Lituania, 1990ean. SESBen gainbeherarekin, berriro lortu zuen independentzia. EB Europako Batasuneko eskubide osoko kide da egun.

Estonia, 1991n. Aurrekoak bezalaxe, SESB desegitean lortu zuen independentzia. EBko eskubide osoko kide da egun.

Letonia, 1991n. Aurrekoak bezala erdietsi zuen independentzia, SESB desegitean. EBko eskubide osoko kide da egun hura ere.

Ukraina, 1991n. XIX. mendean, Ukraina Errusiar Inperioak irentsi zuen. Iraultzaren amaieran, 1922an, SESB sortu zuten errepubliketako bat izan zen. Azken hori desegitean, estatu independente bihurtu zen.

Bielorrusia, 1991n. Prusia, Errusia eta Austria artean zatituta egon zen, I. Mundu Gerra amaieran Errusiako Iraultzarekin bat egin eta, Ukraina bezala, SESBen sortzaile bihurtu zen arte. Azken hori desegitean estatu independente bihurtu zen.

Moldavia, 1991n. Aurreko biek bezala, SESB desegitean lortu zuen independentzia.

Eslovenia, 1991n. Alemaniari esker lortu zuen independentzia. Jugoslavia desegiten hasia zen. Gaur egun EBko eskubide osoko kidea da.

Kroazia, 1991n. Jugoslaviaren gainbehera baieztatu zuen, Alemaniaren laguntzarekin. EBn sartzeko eskaera egina dauka.

Mazedonia, 1991n. Aurreko biak bezala, Jugoslavia desegitearekin bat sortu zen. EBn sartzeko eskaera egina dauka.

– Bosnia eta Herzegovina, 1992an. Jugoslaviaren desegite prozesuaren gerra irudirik gogorrenak bertatik heldu ziren.

Txekia, 1993an. Adostasun osoz bereizi ziren txekiarrak eslovakiarrengandik.

Eslovakia, 1993an. Adostasun osoz bereizi ziren eslovakiarrak txekiarrengandik.

Montenegro, 2006an. Serbiarekin harremanak aldatzen joan ostean, eta EBren laguntzarekin, montenegroarrak independentziaren alde agertu ziren erreferendum bidez. XXI. mendeko lehen independentzia aldarrikapena egin zuten. Horrekin, gainera, marko juridikoa ezarri zuten EBn erreferendum bitartez lurralde baten independentzia aldarrikatzeko.

Kosovo, 2008an. EBko 27 estatuetatik 22k onartuta daukate Kosovoren independentzia, baita NATOko 28 kideetatik 24k ere.

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s