ALDE ALA KONTRA

Posted: 2012/11/24 in HAUTESKUNDEAK

Katalunia, bidegurutzean

Aldarri independentista puri-purian dagoen unean heldu dira Kataluniako Parlamenturako bozak; bihar izango dira

CiUk gehiengo osoa eskatu du behin eta berriz, baina inkesten arabera, ez du lortuko

Convergencia i Unioren ekitaldi nagusiak hauteskunde gauaren bertsio txiki bat zirudien bart; Kataluniako eta Europako banderazko itsaso baten erdian, konfiantzaz mintzatu zen Artur Mas presidentea, bihar bozak berriz irabaztearen ziurtasunez: «Igandean gure nazioaren etorkizuna eraikitzen hasiko gara».

Katalunia estatu propiora eramango duen presidentea izan nahi du Masek, eta «abentura» horretan barneratzeko deia egin zuen atzo. Katalanetik ingelesera egin zuen jauzi; CiU ziur da mundua Kataluniako prozesu independentistari begira dagoela, eta eskerrak eman zizkien nazioarteko hedabideei kanpainari kasu egiteagatik. Madrili ere zuzendu zitzaion: «Espainiak uste zuen Estatutua gutxietsita ez zela ezer gertatuko. Baina oker zegoen: irailaren 11ko manifestazioak bozak aurreratzea ekarri du, Espainiako Gorteei erakusteko oraingoan bai, oraingoan Kataluniaren nahia beteko dela».

Krisi erdian lehertu da Kataluniako aldarri independentista: %22ko langabezia dute, eta 2,2 milioi herritar pobrezian bizi dira. CiUk urte eta erdi baino ez du egin gobernuan; denbora gutxian, are gehiago piztu du herritarren haserrea, gizarte gaietan egindako murrizketengatik. Krisia neurri handi batean Espainiarekiko mendekotasunak eragin duela ulertuta, independentzia aldarria bere egin du Masek. Irailean, EAEren antzeko itun fiskal bat proposatu zion Mariano Raxoi Espainiako presidenteari; kalabazak jasota itzuli zen Madrildik Bartzelonara. Garai bertsuan, Biltzar Nazional Katalanak inoizko manifestaziorik jendetsuena antolatu zuen Bartzelonan, Diada egunaren harira; milioi eta erdi pertsona atera ziren kalera, estatu propioa eskatzera. Mezua argia zen, eta Masek bere alde erabili zuen: gobernatzeko beste bi urte gelditzen zitzaizkion arren, bozak aurreratu zituen, prozesu independentistaren izenean, eta haren buru jarri zen.

Masen irudi independentistak arrakasta izan zuen; kanpaina hasierako inkesta batzuek gehiengo osoa ere iragartzen zioten bere alderdiari. Presidenteak sutsuki eskatu du «ezohiko egoera baterako, ezohiko gehiengoa». Beharrezkoa du, ez badu alderdi independentisten eta PPren artean harrapatuta gelditu nahi. Batzuekin burujabetzaren alde egiten badu —eta orain arteko jarrerak bide horretan atzera ez egitea eskatzen dio—, besteen babesa galduko du; orain arte, PPren botoei esker atera ditu murrizketak aurrera.

Ez du, ordea, arreta azken urte eta erdiko kudeaketan jarri nahi izan; kanpainan zehar, estatu propioaren banderari heldu dio, arlo sozioekonomikoan zetozkion kritiketan ez hondoratzeko. Hauteskundeak irabaziz gero, Kataluniaren autodeterminazioari buruzko erreferenduma antolatuko duela hitz eman du Masek, «legezkotasuna errespetatuz». Espainiako Konstituzioak eskubide hori aitortzen ez badu ere, Kataluniako Parlamentuak galdeketak egiteko lege bat onartuko duela hitzeman du.

Gehiengo independentista

CiUk promesari eusten badio, esperotzekoa da parlamentuko diputatu gehienak autodeterminazioaren aldekoak izango direla. ERC Esquerra Republicana de Catalunya indartsu agertu da kanpainan; Catalunya Si herri plataformako aurpegi berriak baliatu ditu erakusteko alderdia bera ere aro berri batean dagoela, 2003 eta 2010 bitarteko hiruko gobernuak lagatako itzaletik aterata. CiUren politika neoliberalei muga jarriko dien alternatiba independentista gisa aurkeztu du bere burua. Hala ere, burujabetzaren izenean Masekin nahikoa kritiko ez izatea leporatzen diote.

ICV Iniciativa per Catalunya-Verdseko ekosozialistek, aldiz, ez dute horretan asmatu. Murrizketak salatu dituzte, baina autodeterminazioaren auzia bigarren planoan utzi dute; horregatik, epelkeria leporatu diete bi aldeetatik. Joan Herrera zerrendaburuak Greziako Syriza alderdi ezkertiarreko Alexis Tsipras izan du alboan kanpaina amaieran: hark ohartarazi du Andonis Samaras Greziako presidenteak ere «ahaztua» duela kanpainan iragarritako burujabetza, bozak irabaziz geroztik «sistema finantzarioari saldu» diolako.

PSC ere lekuz kanpo gelditu da burujabetzaren inguruko eztabaidan. Erreferenduma babestuko duela Espainiarekin adostuta egiten bada, baina burujabetzaren aurka bozkatuko duela iragarri du Pere Navarro hautagaiak. Independentziaren ordez, federalismoa proposatu du, baina beranduegi sartu du hirugarren aukera dagoeneko markatuta dagoen joko zelaian: inkestek inoizko beherakadarik handiena iragartzen diote.

Herenegun egin zuen alderdi sozialistak kanpaina amaierako ekitaldi nagusia, Bartzelonako Fira 2 eremuan. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia ere bertan izan zen. «Espainiaren parte izaten jarraitzeko» laguntza eskatuz, esperotako promesa atera zion Navarrok hari: «Alemanian eta AEBetan funtzionatu duen ereduak egingo gaitu sendo: federalismoak», esan zuen Rubalcabak.

Ezkerrari ñabardura gehiago ematera dator CUP Candidatura d’Unitat Popular; politika «kaletik» egin behar dela ulertuta, azken urteotan udal hauteskundeetara aurkeztu da soilik. 2011ko udal bozetan 62.000 boto lortu zituen, eta gaur egun lau herritako alkatetza du. Nagusiki ERCrenak ziren botoak dira horiek.

PP eta Ciutadans, berriz, geroz eta ahulago entzuten diren ahotsak bihurtu dira kanpaina honetan. Kataluniaren independentzia mehatxu gisa agertu dute kanpainan, Espainiaren diskurtsoari helduta. CiUk «inoizko kanpainarik zikinena» egitea leporatu dio PPri; kanpainako azken astean El Mundo egunkariak ustezko ustelkeria kasu batean nahastu ditu Mas eta Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia. CiUkoek atzoko ekitaldian ere aipatu zuten auzia: Pujolek «arma ez konbentzionalak» erabiltzea leporatu zion Espainiari.

 

Alderdi guztiek bat egiten dute: biharkoa mugarria izango da Kataluniaren historian. Aldarri independentistak gainezka egin die denei; hura bideratzen asmatzea izango da hemendik aurrerako erronka.

 

Alde ala kontra

Kataluniaren independentziaren alde edo kontra

Autodeterminazio galdeketaren alde edo kontra.

Giro horixe dago azkeneko pare bat hilabeteetan han. Gutxi izan dira erdibideko esanak; PSCrenak kasu, legezko galdeketa eskatuz.

INDEPENDENTZIAREN ETA GALDEKETAREN ALDEKO ESANAK

Artur Mas (CiUren lehendakarigaia eta jarduneko Generalitateko lehendakaria)

– “Espainiatik egurra, ostikoak eta kolpeak baino ez ditugu jasotzen”.

– “Hauteskundeotan oso gehiengo argia behar dugu, ezohikoa. Madril, Brusela edo Washingtondik begiratzen gaituztenean, jakin nahiko dute ea lidergo indartsua dugun [estatua izateko] prozesua hasteko. Babes masiboa izaten badugu, ezingo gaituzte [Espainiako] auzitegiek eta Konstituzioak geratu. Bestela, tirrika-tarraka joango gara”.

– “Urriaren 25eko bozetako emaitza garbia bada, Espainiako Gobernuak katalanen borondate demokratiko eta baketsua aintzat hartu beharko du”.

– “Herri bat ezin da isilarazi beldurra erabiliz. Bide hori beste garai batzuetakoa da. Herrialde zibilizatu eta demokratikoetan jendeak hitz eginez eta negoziatuz ulertzen dio elkarri, bozkalekuetan herritarrek adierazitako borondatetik abiatuta”.

– “Herritarrak ezin badira egon bere sentitzen duten Espainia batean, Kataluniak estatua behar du”.

– “Ez goaz inoren kontra, gure etorkizuna prozesu propio baten bidez eraikitzera baizik”.

– “Estaturik gabe, Kataluniak ezin du biziraun”.

 

– Orio Junqueras (ERCren presidentegaia):

“ERC izango da independentziarako bidean aliaturik fidelena, baina baita alternatiba soziala ere”.

 

– David Fernandez (CUPen lehendakarigaia):

“Sozialki, ekonomikoki eta politikoki salbuespen egoera batean gaude Katalunian. Aldaketarako, subiranotasun politikoa behar dugu”.

 

– Ferran Requejo (Politika Zientzietako katedraduna):

“[Independentziarako] Bidea egitera goaz, eta uneren batean legeetatik kanpo aritu beharko dugu”.

 

– ANC Biltzar Nazional Katalana:

“2012an gertatu da 2013an egin nahi genuena; [independentziaren bidean] asko egin dugu aurrera”.

 

 

INDEPENDENTZIAREN ETA GALDEKETAREN KONTRAKO ESANAK

– Mariano Raxoi (Espainiako gobernuburua, PP):

“Hemen ez da izango hausturarik eta borrokarik. Katalunia Espainia da, eta Espainia katalanena ere bada. Bereiztuta, guztiok galtzen dugu”.

 

– Alberto Ruiz Gallardon (Espainiako Justizia ministroa):

“Espainiako Konstituziorik gabe, Generalitaterik eta Kataluniako Legebiltzarrik ez litzateke egongo. Konstituzioa betetzea instituzio katalanak defendatzea da. Auzitegien aginduen aurka egiten bada, delitua egiten da”.

 

– Soraya Saenz de Santamaria (Espainiako presidenteordea):

“Eskura ditugun tresna juridiko eta judizial guztiak erabiliko ditugu erreferendumaren aurka”.

 

– Alicia Sanchez Camacho (Kataluniako PPren presidentegaia):

“Masen proiektua aurrera badoa, Kataluniako gizartean haustura zibila gerta daiteke”.

 

– Joaquin Almunia (Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa)

: “Ez dago zalantzarik: EBko estatu batetik bereizten dena, EBtik kanpo geratzen da”.

 

– Juan Carlos Borboikoa (Espainiako erregea):

“Ameskeria da [independentzia] jarraitzea. Guztion artean aukeratu dugun eredu demokratikoa eta soziala defenditzeko garaia da”.


 

– Felipe Gonzalez (Espainiako gobernuburu ohia, PSOE):

“Espainiako inongo lurraldetan ez da independentziarik izango”.

 

– Jose Maria Aznar (Espainiako gobernuburu ohia, PP):

“Katalunia ez da batuta egongo, ez bada Espainiakoa. Abertzaleek arazoa ez dute Espainiarekin, zuzenbide estatuarekin daukate”.

 

– Alejo Vidal Quadras PPko europarlamentari eta Europako Legebiltzarreko presidenteordeak brigadako jenerala —ahal bada, Guardia Zibilarena— presta dezala eskatu zion irailean Espainiako presidenteari, Kataluniako independentzia prozesua geldiarazteko. 

 

– AME Militar Espainiarren Elkartea:

“Indar armatuek esku hartu behar badute [Espainiako] lurralde batasuna, burujabetza eta independentziari eusteko”.

 

– Gonzalo Moliner (CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea):

“Estatuak baditu zigor tresnak Mas geratzeko”.

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s