AIETEko ADIERAZPENAREN JARRAIPENA

Posted: 2012/11/20 in gatazka politikoa

Aieteko Adierazpenaren jarraipen batzorde bat osatzeko lan egingo du Powellek

Ordu eta erdiz batzartuta egon dira Jonathan Powell eta eragileak. Aieteko

Adierazpena egin zenetik hona izandako gertakariez eragileek zer-nolako balorazioa egin duten jaso nahi izan du.

 

Goizeko hamarretarako ezarri zien hitzordua Jonathan Powell Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako batek eragileei, eta guztiak ailegatu dira Aieteko jauregira. Amaitu dute bilkura; ordu eta erdiz egon dira batzartuta. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea izan da aurrena iristen, 09:30ean, eta ongietorria eman die bilerara joan diren ordezkariei. Jesus Uzkudun CCOOkoa, Xabi Soto Alternatibakoa eta Xabier Anza ELAkoa izan dira goiztiarrenak. EAJkoak etorri dira gero: Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea eta Txaro Goikolea IBBko burua. Jakes Bortairu ABko kidea, Jean-Rene Etxegarai zentrista eta Kotte Ezenarro sozialista batera iritsi dira.

Apur bat beranduago Max Brisson UMPkoa. Jose Navas EBkoa eta Mikel Arana eta Isabel Salud Ezker Anitzakoak elkarren atzetik ailegatu dira, Jonathan Powell zekarren autoarekin bateratsu. Ikerne Badiola eta Mariano Alava EAko zuzendaritzako kideak sartu dira gero Bakearen Etxera, eta haien atzetik, 10:00 jotzear zirela, ezker abertzaleko ordezkariak: Rufi Etxeberria, Pernando Barrena eta Anita Lopepe. Haiekin ia batera Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia sartu da, atzetik Uxue Barkos Geroa Baikoa, eta 10:00 jota, Aralarrekoak: Patxi Zabaleta eta Jon Iñarritu.

Iaz agertoki berean eginiko adierazpenetik ezberdintasun batzuk izango dira gaurkoan. Izan ere, PSE-EE ez da batzarrera joan; ezker abertzaleari bilkura “kapitalizatu” nahi izatea egotzi dio Denis Itxaso PSE-EEko kideak.

Powellek adierazpenak egin ditu bilkuraren ondoren. Esan duenez, bere asmoa izan da Aieteko adierazpenetik gaur egunera arte izandako gertakariez eragileek zein balorazio egiten duten ezagutzea. Azaldu du Aieteko bosgarren puntuan sakontzea proposatu diela eragileei —”Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea
eratzeko prestutasuna adierazten dugu”—, eta begi onez ikusi dutela proposamena.

Powellek nabarmendu du baikortasuna antzeman duela, eta Aieteko adierazpenean betetzen ez diren puntuez ere jardun dutela. Ez du zehaztu zehazki zer hitz egin duten.

Aieteko Adierazpena egin zenetik, urtebete

2011ko urriaren 17an egin zuten bake prozesuari bultzada eman eta bide orri bat finkatzeko nazioarteko konferentzia. Tony Blair Erresuma Batuko gobernuburu ohiaren kabinete buru izandakoarekin batera, han izan ziren Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia eta Gerry Adams Sinn Feineko presidentea.

Han onartutako agirian, ETAri eskatu zitzaion jarduera armatua amaitzeko eta Frantziako eta Espainiako gobernuei ETArekin elkarrizketak hasteko, gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko. ETAk hiru egun geroago jakinarazi zuen jardun armatua behin betiko etengo zuela.

Konferentzia egin zenetik urtebetera, hori da ebazpenetik bete den puntu bakarra. Hori hala, litekeena da gaurko bileran adierazpeneko beste puntuak lantzea: ETAren desarmatzea, presoen egoera eta biktimen auzia, besteak beste.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s