“IRAULTZA DEMOKRATIKOA”

Posted: 2012/11/18 in SORTU

«Legebiltzarrak ez du izan behar bakegintzarako esparru bakarra»

«Euskal gatazkaren eremu geografiko osoa» eta esparru administratibo bakoitzaren errealitate politikoak eta erritmoak kontuan hartuko dituen «akordio transbertsalak» behar direla dio Pernando Barrenak.

Beste komunikabide batean egindako elkarrizketa batetik dator Pernando Barrena (Berriozar, 1965) BERRIAren Andoaingo egoitzara.

Hainbat fronte irekiak ditu ezker abertzaleak azkenaldian, eta guztiei luze eta zabal erantzutea zaila izango dela aitortu dio kazetariari. Ordubete aritu dira solasean.

Eusko Jaurlaritza osatzeko negoziazioen harira, salatu duzue EAJk ez duela agertu akordiorako benetako asmorik. Zuek bai?

Bai, guk bai. Hasietarik argi eta garbi esan genien gure prestasuna erabatekoa zela. Badakigu hau ez dela garai eroso bat definizio zehatzetara iristeko. Hala ere, hasieratik nabaritu genuen gehiago ari zirela komunikabideei begira, eta bakarrik gobernatzeko erabakia aurrez hartua zutela. Hori ikusi egin da nahiko argi gai zehatzei buruz hitz egiteko agertu duten prestasunean. Guretzat nahiko eskasa izan da. Haiek esan dute eredu sozialean gu bion arteko aldea oso handia dela. Eta hala da. Baina guk prestasun osoa agertu dugu, eta agertzen jarraituko dugu hiru gai nagusien inguruan: krisian, bake prozesu eta normalizazio politikoan, eta erabakitzeko eskubidean. Gizarteak hori eskatzen du, planteamendu ideologiko eta elektoraletatik haratago. Egoerak erakusten du gehiengo transbertsalak behar direla.

EAJren erantzunetan anbiguotasuna egon dela nabarmendu duzue. Hala ere, ezezkorik jaso duzue zuek egindako proposamen jakin batean? Zertan?

Ez gara zehaztasunetan sartu. Agerikoa da oso aurrebaldintza ezberdinetatik heltzen diegula gaiei, eta ikusi dugu EAJren nahia gehiago izan dela kromo trukaketa bat egitea akordioak egitea baino. Aurrekontuen gaiarekin ikusi dugu hori. Halako zer edo zer esan digute: «Ez nazazu sobera molestatu aurrekontuak egiteko orduan, eta nik ez dizut behatza begian sartuko Gipuzkoako Diputazioan». Edo Gasteizko legebiltzarrari begira: «Ea nola moldatzen garen nik [EAJk] ziurtatzeko mahaiko lehendakaria eta mahaiko bi lagun eta zuk ez dakit zer». Lehenengo eta behin, esan behar dugu filosofia hori ez doala gurekin, eta, bigarrenik, une honetan horri buruz hitz egitea denbora galtzea dela.

Alde handia dago eredu ekonomikoan. Ez horrenbeste naziogintzan. Alor horretan zein proposamen egin duzue eta zer erantzun jaso duzue?

Ikusi dugu EAJren nahi bat gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko edo etorkizunean martxan jar daitekeen eztabaida politikoari buruz elkarrizketak abiatzeko. Ikusi beharko da praktikan hala den. Gobernabide hutsetik haratago, bide bat ireki da gauza horiez guztiez hitz egiteko. Eta gauza horiek izan beharko lukete beren isla lan parlamentarioan, martxan dauden ekimenenetatik edo hutsetik abiatu daitezkeenetatik. Baina guk uste dugu eremu parlamentariotik haratago begiratu behar dela. Parlamentu horrek, zoritxarrez, ez du Euskal Herri osoaren borondatea ordezkatzen. Badira beste errealitate sozial batzuk integratu behar direnak. Beraz, parlamentuko lan horretan egongo gara, baina osagarritasun hori bilatu beharko da. Bake prozesu honek guztion ekarpena behar du. Ahalik eta integratzaileena izan behar du, eta, gutxienez, herri honetako lau kultura politiko nagusiak bere baitan hartu behar ditu.

EAJk batzorde txostengile bat sortuko du autogobernuan sakontzeko. EAJk independentismoaren indarra lausotzeko nahia duela ikusten duzue?

Ez. Legebiltzarrean eman daitekeen dinamika ezin daiteke, printzipioz, kanpoan utzi. Baina horrek ez du esan nahi eremu hori esklusiboa izango denik. Osagarria izan behar du beste dinamika sozial batzuekin. Gainera, parlamentuan eman daitekeen edozein dinamika ez da zertan mugatu egun indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren eskakizunetara edo kortse horretara. Guretzat erabakitzeko eskubidea da ezinbesteko erreferentzia. Ez gara esaten ari inongo proiektu politiko gailendu behar denik. Guk diogu herri honetan badagoela gatazka politiko bat eta hori dela, hain zuzen ere, herritarroi ez zaigula aitortzen gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Hitz egiten ari gara aurre-politikoa den kontzeptu batez. Demokraziaz. Guztiok erabaki ahal izateaz. Planteamendu horrek, definizioz behintzat, ez luke inor kanpoan utzi behar.

Legebiltzarrean iaz osatutako bakegintzarako batzorde txostengilean parte hartuko duzue. Zein ekarpen egin nahi duzue? Zer lortu nahi duzue?

Guk ez dugu inongo esparrurik mespretxatuko bakegintzaz eta akordioez hitz egiteko, eta bertan parte hartuko dugu. Hala ere, sumatzen ari gara beste batzuek horren defentsa hutsa egin nahi dutela. Beraz, guk defendatuko dugun planteamendua izango da hori ez dela bakegintzaz hitz egiteko esparru bakarra. Oso eremu kualifikatua da horretaz hitz egiteko, baina gatazkaren geografian badira beste euskal lurralde batzuk horretan protagonista izan behar dutenak. Gatazkaren eremu geografiko osorako errezeta baliagarri bat behar dugu. Hiru eremu administratiboetan —EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian— perspektiba orokor baten araberako dinamika bat egin behar da, eta kontutan hartu behar dira eremu horietan dauden errealitate instituzionalak eta errealitate soziopolitikoak.

Ipar Euskal Herrian gertatzen ari dena eredu bat da Hegoalderako?

Ez litzateke gehiegikeria bat esatea azken urte honetan gehiago aurreratu dela Ipar Euskal Herrian azken hamar urteetan baino. Aieteko Konferentziak izugarrizko eragina izan du bertan egin den lan politikoan. Eragile politiko guztiak, hasi ezker abertzaletik eta bukatu eskuin frantsesean, sentitu dira interpelatuak, eta guztiek uste dute egoera berri baten aurrean gaudela. Adibidez, izugarrizko esanahi politikoa dauka alderdi guztiak agertzea interlokuzio bakar gisa Parisen aurrean Lurralde Elkargoaren eskakizuna egiteko. Parisek aurrean duena ez da gutxiengo abertzale baten eskakizuna, baizik eta gizarte oso batena. Une honetan, Frantziako Estatuak patata bero bat dauka esku artean, baiezkoa edo ezezkoa gizarte oso bati emango diolako eta ez abertzaleek egiten zuten planteamenduari. Marjinak murriztu egin zaizkio izugarri. Aurore Martinen atxiloketarekin gauza bera gertatu da. Haren atxiloketaren aurkako erreakzio ia erabatekoak babestu egin du, sendotu egin du eta ia blindatu egin du Lurralde Elkargoaren eskakizunaren inguruan zegoen aho beteko ekimena. Auroreren atxiloketa salatuz Baionako prefetaren bidez Parisera bidali duten eskutitza oso argia da: Aiete, bakerako aukera, Frantziaren inplikazioa, presoak, Lurralde Elkargoa… Urtetan amestu dugun herri gisako erantzuna Ipar Euskal Herrian gertatzen ari da.

Salatu duzue presoen auzian gobernuek ez dutela urratsik egin nahi. Blokeo horren aurrean, noraino izan daiteke eraginkorra aldebakartasuna?

Aldebakartasunaren eta alde bikoaren artean diferentzia nabarmen bat dago. Benetan akordio eraginkorrak eta luzaroan eramangarriak direnak, normalean, alde biko eskemen bidez etortzen dira, hitzarmen eskemen bidez. Kasu honetan, hori ez da posible, alde batek ez duelako mugitu nahi. Beraz, beste aldeak bi aukera dauzka: edo gelditzen da itxaroten, edo mugitzen da, bestelako egitasmoak eta eskemak mahai gainean jarriz, mugitu nahi ez duten guztiak mugiarazteko, haien espazioak aldarazteko eta birkokatzeko. Eta nik zalantzarik ez daukat aldebakartasunaren eskemaren bidez posible dela Madrilgo agintarien posizioa aldaraztea.

Nola?

Gizarteak oro har babesten dituen hainbat kontzepturen inguruan aliantza gero eta handiagoak eginez, gero eta herritar gehiago bilduz eskakizun horietara.

Eta zein rol jokatu nahi du EH Bilduk prozesu horretan?

Guri, eragile politiko gisa, tokatzen zaigu espetxe politikaren aldaketaren beharra aldarrikatzen duen gehiengo sozial hori gehiengo politiko eta elektoral bihurtzea. Azkenengo hauteskundeetan ikusi dugu hori. Egun, Madrilen, pentsatzen egongo dira zer dakarren eurentzat hauteskundetan ikusitakoak. Espetxe politika aldatzearen inguruan ezezkoan dagoen posizio politiko nagusiak nola galdu duen lekua eta nola PP hamar parlamentariko talde batera mugatu den. Gai bagara indar nahikoak biltzeko espetxe politikaren aldaketaren inguruan eta gai bagara hori eremu politikora eramateko, alderdi popularra konturatuko da immobilismoaren defentsa berentzat arriskutsua dela herri honetan.

Bizikidetzaren alorrean, beste urrats batzuk egin behar ditu ezker abertzaleak? Zein?

Aieteko Adierazpenaren bidetik, ikuspegi berritu bat mahaigaineratzen ari gara, autokritikoa. Leporatu izan zaigu ETAren indarkeriaren biktimek agian sentitu izan dutela sufrimendu gehitu baten modura gure jarrera. Guk esan dugu horrela hartu badute hori ez dela gure nahia izan. Guk ez dugula inoiz inoren mina areagotu nahi izan, eta sentitzen dugula hala izan bada. Gainera, pentsatzen dugu etorkizuna eraikitzean oso kontuan hartu behar direla biktimak, biktima guztiak, erreparatu gabe zer motatako biktimak diren, nork eragin dituen. Guk geuk, interes handia daukagu [ETAren] biktimekin. Denbora luzea daramagu hainbat biktimarekin harreman zuzenak lantzen, elkar ezagutzen eta konfiantza berri bat saretzen. Baina aitortu behar dugu lan zaila dela, biktima izendapen horren azpian pertsonak daudelako eta pertsonek oso modu ezberdinean bizi izan dutelako eta bizi dutelako beren errealitatea.

Abian da Sorturen eratze prozesua. Zein ekarpen egiten dio Sortuk egungo agertokiari eta zein ekarpen egin nahi du?

Legez kanporatzeen garaia gaindituta eta horrek ezker abertzalearentzat ekarri duena kontuan hartuta, Sortuk berritu egin behar du ezker abertzalearen eskaintza politikoa, ideologikoa eta estrategikoa. Zer da independentista izatea egungo egoera politikoan? Sozialismoa zer da gaur egun mendebaldeko Europan eta XXI. mendean? Horri guztiari buruz eta antolakuntza ereduari buruz, proposamen bat egin da, eta oinarrien artean eztabaidatu eta bozkatu egingo da. Sortuk izan nahi du herri honetan arlo sozialean eta herri eskubideen defentsan emandako borroka guztien jasotzailea, etorkizunean ere planteatzeko argi eta garbi herri honek independentzia behar duela, estatu izan nahi duela Europan, eta justizia sozialaren araberako planteamendu bat mahaiaren gainean jartzeko. Hori guztia iristen da garai batean non Sortuk fronte zabal batean —orain, EH Bildun— parte hartzeko bokazioa daukan. Guretzat estrategikoa da hori.

Prozesu demokratikoa deitzen zeniotenari iraultza demokratikoa deitu diozue orain. Zer dago kontzeptu aldaketa horren atzean?

Ez da aldaketa bat. Osatzea da. Gatazkaren konponbide klabean kontzeptu aurrepolitiko batzuk erabiltzen ari gara. Kontua ez da zein eskaintzak duen errazoi gehiago —independentismoak, autonomismoak, federalismoak…—, kontua da proiektu horien guztien artean denok izan behar dugula eskubidea hautatzeko. Beraz, guztiok erabaki ahal izateari eta euskaldun guztiok egin ahal izateri deitzen diogu prozesu demokratikoa. Bestalde, ezker abertzaleak, Sortuk duen ikuspegi estrategikoari deitzen diogu iraultza demokratikoa. Nekez pentsa daiteke herri honek erabaki libreak hartzeko aukera edukita ere hori guztia bideragarri izan daitekeenik egoera honetara ekarri gaituztenen eskemak aplikatuta. Bai arlo sozialean, bai arlo nazionalean iraultza demokratiko bat behar dela esaten dugu, egoerari 180 graduko bira emateko. Eta demokratikoa izan behar duela diogu hori bakarrik gertatu daitekeelako herri borondate nahikoa lortzen bada. Hauteskundeetako emaitzek erakusten dute oraindik ere bide garrantzitsu bat egin behar dugula helburu horietara iristeko.

Hauteskundeetako emaitzei dagokienez, batzuek diote hori izan daitekeela independentismoaren sabaia. Hazteko aukerarik ikusten duzu? Nondik?

Ez dugu sabaia jo, inondik ere. Oraindik badira espazio esanguratsuak proiektu honetara erakartzeko: abstentziotik, ezker federalistatik, PSEtik… EH Bildu da langile klasearen defentsa egiten duen proiektu ia bakarra. Gainera, autodeterminazio eskubidea guztiok berdintzen gaituen eskubide gisa defendatzen du: abertzaleak, espainiarzaleak eta federalistak. Emaitzak dira izan direnak, eta hainbat interpretazio egin daitezke. Adibidez, jendeak ez duela uste EH Bildu kudeaketa eraginkorrerako eta alternatiborako aukera sendo bat dela.

Eta zer gertatu da Gipuzkoan?

Gipuzkoan emaitzak onak izan dira. Ez, segur aski, nahi genituen bezain onak. Bi aukera zeuden: EAJren eredu konbentzionala eta EH Bildurena. Jende askok egin du aukera eredu konbentzionalaren alde. Hori da errealitatea, eta hori da aldatu nahi duguna. Orain, herritarrek lidergoa eman diote EAJri. Aldeak daude —27-21 legebiltzarkide—, baina ez dira lehen zeudenak. Lehenengo aldiz begiratzen ari gatzaizkio EAJri begietara. Oso abiapuntu ona da lan politikoa egin ahal izateko eta ondorengo lehia elektoralak prestatuz joateko.

 

Zein izango da Sortuk EH Bildun izango duen lekua eta zertan islatuko da hori?

Argi dago leku garrantzitsua izango duela. Baina horri ere ez diogu garrantzi handirik ematen. Orain arte, behintzat, koalizioaren erabakitze esparru horretan erabakiak aho batez hartu dira, eta, adostasuna ez dagoenean, aukera eman da alderdi bakoitzak nahi duen jarreraren alde egiteko. Argi dago Sortuk beharra izango duela gai askotan bere jarrera azaltzeko, baina horrek ez du esan nahi jarrera horiek izango direnik instituzioetan EH Bilduko hautagaiek defendatuko dituzten jarrera berberak.

Sorturen barne antolakuntzari dagokionez, nabarmendu duzue ez dela onartuko korronte antolaturik. Zergatik?

Ezker abertzalearen kultur politikoan korronte antolatuek ez dute inoiz pisurik izan. Guk izan ditugu alderdiak gure barruan. Herri Batasunaren sorreran egon ziren alderdi batzuk, baina koalizioa zen hura. Orain ez gara hitz egiten ari koalizio batez; guztiz homogeneoa izateko bokazioa duen alderdi politiko batez baizik.

Instituzioetako kargudunek aginte ardurarik izango dute alderdian?

Praktikan ikusi beharko da bateragarriak diren. EH Bildun ardura instituzionalak dituen bat Sortun bozeramaile izateko aurkezten bada, adibidez, bateragarritasun arazoak sor daitezke, koalizioaren posizioak eta Sorturenak ez dutelako, nahitaez, berberak izan behar. Hori, bozeramaile izateko; baina diruzaina izateko, adibidez, ez litzateke arazorik egongo.

Eta preso dagoen batek? Otegik, adibidez?

Ardura baterako hautagai izateko funtsezkoa da ardura hori egin ahal izatea. Zoritxarrez, Arnaldo ez da kalean egongo eratze prozesua amaitzen denerako, eta, ondorioz, nekez izan dezake ardura kargurik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s