“ETXEBIZITZA DUINA, GURE ESKUBIDEA!”

Posted: 2012/11/18 in ETXE KALERATZEAK

Kaleratzeen aurkako ahots bateratua entzun da Bilbon

 

 

Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek bat egin dute mobilizazio berean etxe kaleratzeen auzia salatzeko

Krisia hasi denetik, lehen aldiz Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek eta eragile sozial gehienek manifestazio berbera partekatu zuten, atzo. Etxe kaleratzeak gizartean sekulako oihartzuna edukitzen ari dira; batez ere, aste honetan Espainiako Gobernuak gai horren inguruko dekretua onartu eta gero. Deiadar horri batera erantzun zioten eragile eta hiritarrek, eta Bilbon egindako manifestazioan milaka lagun batu ziren Etxe kaleratze eta murrizketa sozialen aurka. Etxebizitza duina, gure eskubidea lelopean. Atzoko deialdia «mugarri» izango dela esan zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. «Etxebizitza politika bat eskatzen dugu, eta aurrerantzean, urrats berriak egiteko lan egin behar dugu guztiok».

Mobilizazioa jendetsu bezain isila izan zen. Banketxeen egoitza nagusitik igarotzean ere ez zen oihurik entzun. Deitzaileek, ordea, argi hitz egin zuten. «Arduradun politikoei eskatzen diegu politikak aldatu behar direla, murrizketak atzera bota, eta etxe kaleratzeak gelditzeko, etxebizitza duin bat eskuratzeko», esan zuen Mikel Noval ELAko Gizarte Politika arduradunak.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT, CNT eta hainbat eragile sozialek deitu zuten mobilizaziora. Goi Bilera Sozialak —CCOO eta UGT bertan daude—, Senide eta Stop Kaleratzeak elkarteek ere bat egin zuten.

Etxebizitza duina helburu

Aste honetan etxe kaleratzeen inguruan Espainiako Gobernuak onartutako dekretua gogor salatu zuen Etxaidek: «Gobernuak ez dauka asmorik bankuen interesak mugatuko dituzten erabakiak hartzeko, eta argi geratu da, etxe kaleratzeen legearekin gertatu dena ikusita». Etxe kaleratze prozesu guztiak «behin betiko» geldiaraztea eskatu zuten deitzaileek: «Finantza erakundeek ere erantzukizuna daukate maileguen ordaina betetzen ez den kasuetan». Hiritar guztiek bizileku «duina» izateko eskubidea daukatela onar dezatela eskatu zieten erakundeei, baita eskubide hori «benetan» gauzatzeko aukera ahalbidetzeko ere.

Baina kaleratze gehiago gerta ez daitezen, har litezkeen bideak ere proposatu zituzten deitzaileek. Oinarri nagusia etxebizitza publikoaren erakunde bat sortzetik abiatuko litzateke. «Hipotekapean daudenek haren esku utziko lukete etxea, eta bertan bizitzen jarraitu ahalko lukete, beren egoerari moldatutako alokairu sozial bat ordainduta». Baina horretarako diru publikoa ere bide horretara bideratu beharko litzateke, «alokairu sozialerako etxebizitza publikoa sustatzeko». Horrez gain, lurzoruaren kudeaketa gizartearen kontrolpean egotea proposatu zuten; era horretan, «interes sozialaren arabera erabiliko dela ziurtatzeko».

Eskaera eta aldarrikapen horiek egia bihurtzeko, mobilizazioaren bidearen alde egin zuen LABeko idazkari nagusiak. «Kapitalak ez dauka mugarik, eta krisian, gure eskubideen jabe egin nahi du. Horren aurrean, herritarrok era kolektiboan borrokatu behar dugu, era indibidualean drama honi aurre egin behar ez izateko». Mobilizazioak horretarako aukera ematen duela uste du.

 

Manifestazio gehiago, gaur

Gaur bertan izango du mobilizazioetarako deiak erantzuna. Izan ere, Sendia elkarteak manifestaziora deitu du eguerdirako. Atzoko martxan parte hartu zuten, baina hori horrela izan zedin, euren moduko elkarteek zeresan handia dutela uste du Rosa de la Fuente elkarteko kideak. «Kaleratzeen kaltetuek osatutako plataformek lortu dugu gaia mugiaraztea».

Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik, eta Ahal dugu dioen pankartaren atzean egingo dute. Helburua, kaleratzeen egoera eta Espainiako gobernuaren azken neurria salatzea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s